Euskaraldia 2020 (VI)
Euskaraldia 2020 (VI) –
Eleaniztunen hizkuntza portaera, pertsonen portaera gehienen antzera, moldatze-portaera da. Hau da eleaniztunak hizkuntza egoeraren arabera egokitzen du bere hizkuntza portaera, elebidunak ere. Euskaldunok egokitzen dugu gure hizkuntza jokabidea inguruneko hizkuntza egoeraren arabera.
Norbanakoaren jokabideak, pertsona bakarraren portaerak, ez du egoera soziala aldarazten. Adibidez, Lutxo Egia idazleak 2015 urtean, Bilbon, Bi-lingual: Transitoak bizi zuen performancea. Hizkuntza hegemonikoa, gaztelania, galdu balu bezala bizi zen 31 egunez, arau sozialak bistarazi eta haiekin jolastea izan zuen xedea, euskaraz baino ez zuen jardun, edo ingelesez ere bai ezinbestekoa izan zuenean komunikatzeko. Ez zuen salaketa politikoa egin nahi, oinarri politikoa zuen esperimentu artistikoa baizik. Hura amaituta Lutxo ohiko egokitze-jokabide linguistikoari lotu zitzaion. Pertsonen moldatze-portaera ez da aldatzen, besteak beste, pertsonarentzat kaltegarria eta, zenbait, kasutan, arriskugarria suerta dakiolako.
Pertsonaren portaera berez moldagarria da, beraz. Horrek ez du esan nahi, ordea, hiztunek hizkuntzaz ezin alda dezaketenik. Euskal Herrian urteetan ezagutu dugu hizkuntza-ordezkatze prozesua (language shift) non euskaldun askok euskaraz hitz egiteari utzi zion erdararen mundura egokitzeko. Aitzitik erdaratik euskarara ere ezagutu dugu non jatorrizko erdaldun askok hizkuntza-trantsizioa (reversing language shift) egin duten euskararen hiztunak bilakatzeko. Bai bata zein bestea nahikoa ikertutako fenomenoak dira. Lehena hizkuntzen ordezkatze prozesua da non hizkuntza (nagusi) batek beste hizkuntza (gutxitua) desplazatzen duen harik eta berau ordezkatzeraino. Hori da, hain zuzen ere, euskarari gertatu zaiona eta oraindik ere gertatzen zaiona. Hizkuntzaren heriotzaz Bat Sozioliguistika aldizkaria 1996 urtea ale osoa argitaratu zuen. Bertan oso artikulu interesgarria Carme Junyent ikertzaile katalanak idatzi zuena: Hizkuntzen bizitza eta heriotza
Txillardegik azaldu zigun euskararen erabilera probabilitate legeen arabera aztertu daitekeela, euskaldunen hizkuntza portaera probabilitate legeen azterturik ebaluatu daiteke eta jakin erabilera maila handia, txikia edo itxaron daitekeen maila ote den. Antiguako ikertzaileak, Anton Abaddia saria ukatu bazioten ere, euskararen biziraupenerako ekarpen izugarria egin zuen. Gramatikan, fonologian, glotopolitikan eta soziolinguistikan, besteak beste.
Hizkuntzen arteko ukipen egoeran, euskaldun guztiak elebidunak garenean, euskararen erabilera, oro har, probabilitate-gertaera da. Beste aldetik, hizkuntza gutxituaren erabilera sozialeko gaindiezineko muga, hiztun elebakarrik ez dagoenean, elebidunen proportzioak zehazten du. Hizkuntzen arteko ukipen egoerak ahalbidetzen duen hizkuntza gutxituaren erabilera mailak itxaro daitekeen erabilera-funtzioan du muga. Hartaraino esan ohi dugu hizkuntza egoera isotropiakoa dela. Hau da, hiztun guztien arteko hizkuntza-harreman guztiak gertagarriak direneko egoerari, isotropiako egoera esaten diogu. Elebidunek itxaro daitekeena baino gehiago erabiltzen badute, aitzitik, egoera anisotropiakoa dela esaten dugu; anisotropiako egoeraren goi-muga, berriz, elebidunen proportzioak zehazten du. Hau da, gizartean elebidun guztiek elkarren artean bizi eta bakarrik euskaraz hitz egingo balute ere, euskararen erabilera maila sozialak ezin gaindi zezakeen elebidunen proportzio-atalasea (erabileraren funtzioa). Udalerri berean bizi litezke bi hiztun-elkarte, bakoitza bere hizkuntza-sareen murgilean, bata bestearengandik aparte; kasu horretan hiztun-elkarte bakoitzak, nork bere hizkuntzaren erabilera mailaren neurririk gorena emango luke. Halere, osotasunera begiratuta, ezinbestean, ikusiko genituzkeen hizkuntza baten eta bestearen erabilera-proportzioak hiztun-elkarteen pisu demolinguistikoei zegozkiekeen haztapen-neurriak eurak izango liratekeela.