Euskara Osakidetzan: Langilea normalizatu & Erakundea normalizatu
EAJk eta Gobernuak zerbitzu publikoetan eta euskara Osakidetzan normalizatzeko duen oinarrizko printzipioa (printzipio okerra goitik behera): pertsonak (langileak) dira normalizatu behar direnak eta horiek normalizatzetik etorriko da euskararen normalizazioa erakunde publikoetan.Planteamendu okerra jomuga eta oinarri beti pertsonak baitira: nork dakien eta nork ez, nork ikasi behar duen eta nork ez, nork erabiltzen duen eta nork ez, nor kontratatu eta nor ez, hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten ala ez, … Holako planteamenduarekin normalizazioaren erantzukizuna botere guneetatik urrundu egiten dute. Botere guneek ez dute erantzukizunik beren gain hartzen eta pilota langileen, sindikatuon eta euskaldunon buru gainean jartzen dute.
Ez dugu ahaztu behar, besterik esan arren, gaur egun Osakidetza erakundearen hizkuntza bakarra gaztelania dela. Bere garaian Osakidetza gaztelaniaz osatu eta eraiki zen eta erakundearen zeregin guztiak gaztelaniaz osatu ziren. Une honetan ere, erakundearen zeregin guztien sortze hizkuntza oinarri-oinarrian gaztelania da. Beraz, euskararen normalizazioaren helburua izan beharko litzateke sortze hizkuntzan eraldaketa bat eragitea. Erakundearen funtzio guztien sortze hizkuntza da normalizatu behar dena. Hor ez dugu inongo eraldaketarik eragingo aldaketaren ardatza pertsonak beren bakardadean hartuta. Hori gertatuko da erakundeari hizkuntza kategoria zehatz bat esleituta. Zein kategoria? “Zerbitzua eta lana bi hizkuntzetan” kategoria, edota “zerbitzua bi hizkuntzetan” kategoria.
Erakundeaz ari garenean, dena delako erakundea edozein izan daiteke: Anbulatorioa, osasun zentroa, Anbulatorio bateko zerbitzu bat edo unitate bat, ospitale bateko zerbitzu bat edo unitate bat… Osakidetzaren planean agertzen den erakundeen sailkapenak balio dezake. Behin erakundea zehaztuz gero, erakunde hori bere osotasunean da normalizatu behar dena eta hizkuntz kategoria zehatz batetara egokitu (Erakundearen hizkuntza kategorian honako atal hauek sartuko genituzke: 1.- Hizkuntza paisaia eta dokumentazioa, 2.- Langileen hizkuntza gaitasun egokia 3.- Hizkuntzak erabiltzeko irizpide adostuak. 4.- Kanpo harremanetarako hizkuntza irizpideak, ahozkoak eta idatzizkoak eta betebeharrekoak 5.- Barne harremanetarako hizkuntza irizpideak. Ahozkoak, idatzizkoak eta betebeharrekoak 6.- Zerbitzu kontratazioetan hizkuntza irizpideak). Erakundea bere osotasunean hartzen badugu, normalizazioaren ardura eta erantzukizun nagusia zuzendaritza taldearena izango da eta langileak egokitu egin beharko dira normalizazio prozesura eta helburuetara. Batzuk euskara ikasi beharko dute, beste batzuk erabili, kontratazio eta langile berriak erakundearen egoerara egokitu beharko dira, lan tresnak moldatu beharko dira, formakuntza eta trebakuntza bermatu… Guztia erakundearen babesarekin eta erakundearen beharretara egokitzeko.
Horrela lidergoa eta normalizazioaren prozesuaren ardura zuzendaritzak izango du. Haien zeregina izango da erakundea hizkuntza kategoriara egokitzea, eta ez da borondatezkoa izango. Haiek ahalbidetu, babestu eta bermatuko beharko dute. Hori horrela izanez gero, prozesua bultzatzea guztion zeregina izango da.
Normalizazioa eraldaketa prozesu bat bezala ulertuko dugu. Prozesu horren oinarria progresibitatea izango da, baina amaieran erakundeak beste modu batean funtzionatuko du eta eginkizunak eta zereginak beste modu batean egingo dira. Egokitzapen hori ondo egiten bada prozesuak bere emaitzak emango ditu. Euskara Planean agertzen den lehentasunezko unitateen banaketa eta epeak egokiak izan litezke. Baina kontuz, ze orain arte egin den bezala eginez gero, irtenbiderik gabeko egoera batera eramango baikaitu. Orain arte bezala eginez gero, helburua langileak Hizkuntz Eskakizun tituloa egiaztatzera mugatuko da, edo atal edo unitateetan dauden langile euskaldunekin borondatean oinarritutako nolabaiteko erabilerara. Lehentasunen eta epeen arteko progresibitatea erakundean bertan eman behar da.
LAB Sindikatoa