Komuneko hezetasunak urdindutako liburuak

Komuneko hezetasunak urdindutako liburuak

Komuneko hezetasunak urdindutako liburuak

Javier Maríasi irakurri nion anekdota, aspaldiko artikulu batean: Ingalaterrako lehen edizioak saltzen zituen bigarren eskuko liburu-denda eder batean, idazleak liburu baten prezioa jakin nahi izaten zuen bakoitzean, saltzaileak ez zegoela salgai erantzuten zion. Hondarrean, gogaitua, liburu haietarik guzietarik zein eros zitekeen galdegin zion dendako nagusiari Maríasek. Bakar bat ere ez: nonbait, liburu-denda hura zabaldua zuen zeinen liburutegi ederra zuen erakusteko, baina pena handiegia ematen zion edozein ale saltzeak.

Idatziak zituen liburuen artean hoberena zein zen galdeginda, Jorge Luis Borgesek erantzun zuen bere liburutegia zela bere obra behinena. Eta –ez dakit gauza bera den, baina hona ekarriko dut halere– Iban Zalduak errana da idazlea lotsa galdu eta irakurri nahiko lituzkeen liburuak idaztera ausartu den irakurlea dela. Borgesen eta Zalduaren aipuak ez dakit egiatan irakurri ditudan edo nire irudimenetik atera ditudan, baina, asmatuak balira, pentsatu nahi dut biek onartuko lituzketela gustura.

Nolanahi den ere, iduri luke, literaturarekin dugun edo zenbaitek duten harremanean garrantzitsua dela zer irakurtzen dugun, zer idazten dugun bezain inportantea, edo are inportanteagoa. Borgesen aipu horretan, halere –nire liburutegia da egin dudan obrarik behinena–, bada zer edo zer asetzen ez nauena: liburutegi hori aldez aurretik eginiko plan baten arabera osatu balu bezala, hasmentatik norabidea argi izan balu bezala. Baina akaso halaxe da Borgesen kasua.

Inguratzen nauten liburuei begira, ordea, neketan egin nezake neure Borgesen aipua. Nik aukeratu ditut nire liburuak, edo liburuek aukeratu naute? Nire obra, nire isla da etxeko liburutegia, edo balizko ni ideal baten isla? Irakurle gisa hazi nahian bildu ditut etxean ditudan aleak, edo halabeharrezko bide malkartsu korapilatsu batetik ailegatu dira nire apaletara? Zergatik erosten ditugu erosten ditugun liburuak? Niri –bat-batean– motibo hauek bururatzen zaizkit:

1. Liburu-dendan daudelako erosten ditugun liburuak: maiz, “begiratzera” sartzen gara liburu-dendetara, zer erosiko dugun –edo zerbait erosiko dugun– jakin gabe; beraz, erosiko dugun alea liburu-dendan egotea ezinbertzekoa da etxera eraman dezagun –erraz ikusten den mahai baten gainean egotea ez da hain funtsezkoa, baina lagungarria izaten da–. Gero, bigarren mailako hainbat motibo aipatzen ahal dira liburu jakin bat hautatzeko: goizean irratian edo telebistan elkarrizketatu duten eta interesgarria iduritu zaigun egile baten nobela da; titulu erakargarria du liburuak, edo lehen esaldiak irakurtzen segitzera animatu gaitu; lehen esaldia arras txarra da, baina horrek morboa ematen digu eta, akaso, kritika txar ironiko bat egiteko aukera ere bai; azaleko argazkia polita da; edo –behin mutil batek berarekin zihoan neskari, hau inpresionatu nahian-edo, erran zion bezala– argitaletxe horrek argitaratzen dituen liburu guziak onak direlako. Aitzakia zein den ere, erostekotan, liburu-dendan dagoen liburu bat erosiko dugu, ez liburu-dendan ez dagoen bat. Halere, aitortu behar dut Internet bidezko erosketak posible direnetik arrazoi hau arrunt zaharkitua gelditu dela.

2. Liburu-dendako saltzailearekin ligatu edota flirteatu nahi dugulako erosten ditugun liburuak: hortaz, hautatuko dugun liburua ez dugu guri gustatuko zaigulakoan hautatuko, ezta saltzaileari gustatuko zaiolakoan ere. Hautatuko dugu zer-nolako lan sakon / bitxi / intelektual / dibertigarri / friboloak irakurtzen ditugun ikusita, gure ustez haren arreta guregana erakartzeko gaitasuna izanen duten liburuak. Haren begietan gustagarri bihur gaitzaten espero ditugun liburuak alegia.

3. Merke daudelako erosten ditugun liburuak: liburu potoloak, anitzetan. Liburu bat bi euroan merkea bada, 800 orrialdeko liburu bat bi euroan ezin galduzko aukera da.

4. Modan daudelako erosten ditugun liburuak: modan egoteak ez du nahitaez erran nahi liburu txarra izatea, baizik eta lehenbailehen erosi, irakurri eta komentatu behar izatea –Twitterren, adibidez–.

5. Interesatzen ez zaizkigun arren, klasikoak direlako erosten ditugun liburuak: batzuk irakurri ere eginen ditugu.

6. Orain astirik ez izan arren, aste sainduan, udan edo denbora dugunean irakurtzeko asmoz erosten ditugun liburu lodiak (ikus 3. eta 5. puntuak) –baina segur aski irakurriko ez ditugunak–.

7. Lantokian, etxean edo bietan egun txarra izan ondotik, gure buruari opari bat egiteko erosten ditugun liburuak: zapatekin edo lurrinekin gertatzen den ez bezala, liburu erosle konpultsiboa izateak ez du fama txarra, haiekin gertatzen den bezala hau ere kontsumismo hutsa den arren.

8. Olentzerok ekartzen dizkigun liburuak, auto-laguntza liburuak jasotzeaz nekatuta, galtzerdiak eskatzen hasten garen artio.

Nire obra da nire liburutegia? Une batean edo bertzean, aipatu motibo guziak bete ditut nik, eta horren ondorioa da nire liburu bilduma. Baina, beharbada, nire nortasunaren adierazpen egokia da: kasualitatez juntaturiko hainbat jatorritako osagairen bilduma.

Nigandik hurbil bizi diren baina egiatan ezagutzen ez nautenek –nire barrideek, alegia– gauez edo goizeko ordu txikietan nire gelako argia piztuta ikusten dute maiz, eta erabaki dute aunitz irakurtzen dudala –hala adierazten didate igogailuan, eguraldia komentatu eta gero, jakina–: sinbolikoki, etxeko intelektuala naiz. Horrek beti Mercè Rodoredaren Blusa gorria –La brusa vermella– izenburuko ipuin bat ekartzen dit gogora: ipuin horretan, narratzaileak leihotik ikusten duen pareko etxeko emazteki baten bizitza imajinatzen du. Noizbait idatziko dudan ipuin batean, narratzaileak bere doblea ikusiko du leihotik, pareko etxean, eta doble horrek liburutegi planifikatua eta ongi ordenatua izanen du, Borgesen estilokoa, eta liburu guziak, bistan da, irakurriak izanen ditu.

Bitartean, mundu erreala deika ari da: ohartu naiz hezetasuna pasatu dela komunetik nire gelara, eta liburu batzuk –ez naiz oroitzen zergatik erosi nituen– lizundu egin direla.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Komuneko hezetasunak urdindutako liburuak

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Zer duzu buruan “Komuneko hezetasunak urdindutako liburuak”-ri buruz

  • Egongelan txukun-txukun paratu eta, etxera bisitan etorritakoek gure apalategi liburuz betea ederretsi dezaten erosten ditugun liburuak ahaztu zaizkizu, Santi!