Euskara itxialditik ateratzeko deia
Euskara itxialditik ateratzeko deia –
Gasteizko euskalduntze prozesuan era zuzenean izan du eragina pandemiak. Ikastetxeak itxi eta bereziki haur eta gazteei eragin dien konfinamendu latzarekin. Euskararekiko etena erabatekoa izan da Arabar familien ehuneko handi batentzat.
Euskararen erabilera lehendik ere txikia zen herrialde honetan atzerapauso ikaragarria igarriko dugu irailean. Gaitasunean, eta ondorioz jarreretan izango du eragina eta oso negatiboa izan daiteke.
Euskharan Elkartean, larunbatetako umeen txokoak, udaberriko aste kulturala edota udalekuak bertan behera utzi behar izan ditugu, eta haurrei eta ikastetxeei Aisialdirako egiten genien ekarpena asko murriztu da. Egoera hau ikusita, deseskalatzearekin batera, argi dugu galdutako eremu hori berreskuratzen hastea lehentasunezkoa dela eta horretarako elkarlana ezinbestekoa izango dela.
Sei hilabete izan dira praktikan, eta Gasteizko familien gehiengoa erdara hutsez komunikatzen dela kontuan hartuta, inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu guzti honen aurretik esku artean genuen lanarekin jarraitzea. Gu bezala hainbat elkarte.
Arabako Foru Aldundian eta Udaletxean mugimendu arraroak ikusten hasi gara, eta bertan behera geratutako milaka gauzetaz gain, egin daitekeenaren aurrekontua murrizteko artazia zorrotz dator, euskararen biziraupena arriskuan jarriz, euskara ez baita lehentasun gure agintarientzat. Hala ere, zorionez, herrigintza eta euskalgintza dinamika berriak martxan jartzeko ahaleginean ari da. Berrasmatu ditzagun, irailerako utzi gabe. Egongo den atzerapausoak tamainako erantzuna behar du baliabideen aldetik ere, agintarien aldetik egoeraren larritasunaren neurrira jartzea eskatzen du, euskarak aurrekontu orokorrean hartzen duen zati nimiñoa ez baita guraizeekin ukitu daitekeen zerbait.
Berriz diogu, kolpe latz hau konpentsatzeko dinamika zein mekanismo berriak martxan jartzea ezin da guztiz erori elkarteen eta herritarren bizkar. Udal, Aldundia zein Eusko Jaurlaritza martxan jarri behar dira, eta maldan behera jausi den Arabako euskalduntze prozesuari behar duen bultzada emateko, eskura dituzten tresna guztiak aktibatuz. Eta horien artean, diru laguntza eta hitzarmen ezberdinak bermatzeaz gain, baliabideak handitzea, zerbitzu publikoak berrezartzea eta egoera berrira egokitzea ere egon behar da: udalekuak, ludotekak, gizarte etxeak, liburutegiak, zinemak, antzokiak, kaleak… Orain, inoiz baino gehiago, aisialdi eta kultur jarduerak behar ditugu, baita eskolaz kanpoko ekintzak ere, eta baliabide eta espazioak dituztenek ezin dute beste alde batera begiratu. Ezin dugu sei hilabetez euskara ureztatu gabe hiltzen utzi, urteetako lana alperrik galduko genuke bestela. 2020-2021 ikasturtearen hasieran ahalik eta egoera osasuntsuenean iritsi dadin martxan jartzeko garaia da.