Amamaren omenez

Amamaren omenez –

Amamaren omenez

Izan zinen, baina izango zara. Izan zinen laztandu eta ferekatu ninduena, zure altzoan lasaitu ninduena. Izango zara, oroimenean izango zarena. Zalantzak ditudanean, ezintasunean itota nagoenean, zure hitzen oihartzunaz bidea erakutsiko didana.

Amama Virtu, Burgosen sortua, Mungian zendua. 60ko hamarkadan etorri zen Bizkaira gure amama, garai hartan bezala, beste askorekin batera. Burgosko herrixka batetik, aititerekin bikotetua, zegoeneko. Bilbon lehenengo, lan beharrak hala aginduta. Lanera etorri zineten, ezinbestean, bizitza hobe baten itxaropenean. Gogor aritu zinen. Ez, ez naiz lotsatuko aitortuz, gure amama garbiketan ibili zela. Are gehiago, lau haizetara aldarrikatuko dut, harro nago eta. Harro nago, etxeetako arropa, zoruak, lehioak edo sukaldeak; bulegoetako mahaiak eta altzariak (eta abar luze bat barne) tentuz zaindu eta ikuztea lan duina zela helarazi zenidalako.

Lanaldi luze eta gogorrak egin zenituen, zure seme-alabei etorkizun itxaropentsuago eskaintzeko. Eta baita lortu ere. Ondoren, nik ere etorkizun oparoago hori profitatu dut.

Baina areago eskertzen dizudana, lanaren eta kemenaren balioa transmititu eta neureganatu zenidalako. Umiltasunez, apaltasunez.

Eta ez bakarrik aurretik aipatutako esparru hori, ez. Gure herrira, Mungi[a]ra, heldu aurretik, zure konpromisoa ere erakutsi zenuen lurralde honekiko eta onekiko. Zure bilobentzat hautua egin zenuen: ez zinen soilik abuela izango. Amama ere izango zinen. Ezin izan zenuen gure hizkuntza ikasi, ez bederen nahi izan zenuen bezala. Sakrifizio handiak egindakoa izan zinen amama, baina lagatutako ondare handiena hezkuntzan utzi zenigun. Zure seme-alabak ikastola kooperatiban nahi zenituela argi izan zenuela kontatzen zenidan. Horri esker, gurasoek herri honetako hezkuntza eta hizkuntza jaso zuten eta nik ere, behin ere, hori profitatu dut.

Burgosen lehengusu batzuk baditut. Hasieran ez zuten ulertzen zerk bultzatzen gintuen gure lurraldeko hizkuntza hain sutsuki defendatzera. ¿Para qué tanta molestia? zioten. Baina amama gomutan, abuela gomutan uste dut ulertu dutela. Azkenik. Bai. Nik azaldu diet. Nerabezaroan ez nintzen ausartzen, baina geroago bildu dut adorea. Haiek ere herri-mugimenduan konprometituak daude eta horrek ere uste dut eragin izan duela. Baita heldutasunera heltzea. Baina, duda barik, amama Virturen ondare sakona.

Orain, amama Virtu ez dago gure artean. Bere azken hatsa, duela gutxi joan zaigu. Dolua igarota, hitz hauek elkartzeko eta plazaratzeko adorea ere bildu dut. Izan daitezela, beraz, amama asko joan zaizkigun egun hauetan, merezitako omenalditxoa egiteko bidea.

Horretarako, buka dezadan, poema xume batez:

 

Amama Virtu gogoan,

ez baina negarrean,

baizik eta bihotzean.


Erakutsi zenigun bidean

jarraituko dugu ekinean.


Oparoan edo hutsean,

beti lanean

ta apaltasunean.

Amamaren omenez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude