Euskara gehiegi

Euskara gehiegi –

“Igarotako garai oro zen hobe”, zioen poetak; eta hainbestetan, eta maiz hainbeste arrazoiz, kritikatu genuen laukoaren gobernua, “aldaketarena”, faltan sumatzen hasi gara. Nafarroan jasoko dugu hurrengo belarrondokoa, gurea bezalako hizkuntza minorizatu batentzat arras estrategikoa den esparru batean: haur hezkuntza.

Euskara gehiegi
Fotomuntaia. Arg: Steemit

0-3 urte bitarteko 900 ume hasiko dira irailean haurtzaindegietara joaten Iruñean. Maya alkateak adierazi duenaren arabera, “eskaintza gehiegi dago euskaraz dagoen eskarirako”. Hori bai, daturik eman gabe, badirudi eta aski eta sobera dela Montevideoko banpiroaren hitza. Baina noski, aski da ingurura begiratu txiki bat emateaz gain memoria apur bat izatea, oroitzeko Iruñeko Udalak, eskaintza handitu arren, ez zela eskaria asetzeko gai izan. Patri Perales zinegotziak aipatu berri du kasu zehatz bat: bere ilobak ez du lortu plaza bat euskaraz zegokion tokian, eta itxaron zerrendan dago. Hau da, itxaron zerrenda bat dago euskara eskaintzen duten haur eskoletan sartzeko.

Beraz, kontua ez da “eskaintza gehiegi dagoela euskaraz dagoen eskarirako”, baizik eta, Mayak sentituko duen bezala, “euskara gehiegi dagoela”, eta kito.

LAB sindikatuak ere bota dio hordagoa Mayari: “Apustua Maya alkateari. Egia baldin bada 0-3 bitarteko eskoletan euskarazko adarrean eskaria eskaintza baino txikiagoa dela, gure aldarrikapenei uko egingo diegu. Kontrakoa baldin bada, aldiz, bermatu dezala eskaria asetzeko adinako plaza kopurua”. Niri ez zait aski iruditzen: horretaz gain egin beharko lituzke segurtasun txanda Nafarroa Oinezen, bokatak Ikastolaren txoznan San Ferminetan eta haur eskoletako ume euskaldunei pardelak aldatu astebetez (gutxienez)… eta apustuak apustu, eskaintzak eskaintza, eskariak eskari, gutxieneko eskubideak (linguistikoak barne) bermatu herritarrei.

Nafarroa asko aldatu da azken urteetan, euskararekiko nafar askoren jarrera barne. Lau urtetako eztabaidek, kontsentsuek eta elkar-ulertzeek eman dituzte fruituak; baina dena ez da eztabaidatuz lortzen. Maya bezalako euskarafobo faxista bat ezin da argudioekin konbentzitu, atzera egitera behartu behar zaio, eta horretarako Iruñeko euskalgintza gogor, oso gogor, atera behar da kalera: manifestazioak, eskolen okupazioak, ekintzak eskuin-ezker, itxialdiak, desobedientzia, instituzioetako borroka…

Ene uste apalean, giltza, beste behin ere, indar metaketan eta borroka honi ezarri beharreko markoan dago. Hots, hau ez da euskaldunen aurkako eraso bat soilik, ez eta euskaltzaleen kontrako neurri bat bakarrik, baizik eta edozein herritarren oinarrizko eskubide demokratikoak zapaltzen dituen erabaki bat. Horrela ulertu eta ulertarazi behar diegu inguruko bidaide posible guztiei, muskulu handiago garatu eta Mayari emango diogun muturrekoa sendoagoa izate aldera.

Ez dute denbora asko behar izan Navarra Sumakoek gerra ematen hasteko. Makina bat ordu pasa beharko ditugu kalean hurrengo lau urteetan. Hala bedi.

Euskara gehiegi
naiz.eus
Euskara gehiegi

7 pentsamendu “Euskara gehiegi”-ri buruz

  • Ados. Euskaltzaleak mobilizatu beharko gara Nafarroan gogotik. Aurreko legegintzaldi tristean egin EZ genuen bezala. Baina horrekin batera, abertzaleek gobernatzen dituzten udal eta mankomunitateetan, euskaldunon aldeko poplitika serioak egiten hasi behar lukete behingoz EHBilduk eta Geroa Baik. Irudikapena daukat, alderdi hauek askoz erosoago aritzen direla “euskalgintzan” oposiziotik, agintean daudenean baino. Adibide bat emango dizut. EAJ eta Sortu (edota bere aurrekariak) Sakanan edota Altsasun gobernatu dituzte urte luzez, txandaka ia, baina bertoko euskaldun komunitatearen osasunak ez du hobera egiten, ez baitago euskararen aldeko hizkuntz politika seriorik.
    Oraindik ere, Altsasuko Osasun Egoitzan bost medikutatik bakarra da euskalduna (eta bezeroak berak egin behar du mediku euskaldunak hartatua izateko eskaria). Ez dago merkatariak euskaraz jardutera bultzatzeko ekimen iraunkorrik. Iortia kulturguneko programazioa españolezkoa da %90… Hori guztia Sakaba “euskaldun eta matxinoan”. Bestela esanda, ez daukagu Maya baten beharrik; euskaldunak bazterrera uzteko nahikoak dira gure agintari abertzaleak ere.

  • Martin Saratsua 2019-08-22 19:04

    Ez al dira publikoak eskaera eta eskaintzaren datuak? Ezin daiteke jakin eskolaz eskola zenbat plaza eskaintzen diren eta zenbat eskaera egon den bai euskaraz eta bai gazteleraz? Datu zehatzekin ez bazaio erantzuten Maia alkateari, jai daukagu.

  • Lo belarrra erre dugu neurririk gabe. Atzeraka goaz, amildegian inbuluzka, eta sinetsirik aurrera goazela! Instituzio “abertzaleek”, partidu “abertzaleek”… zer nolako kaltea egin duten bazterretan ezin sinetsizkoa da

  • Eta soldatapean ari den zenbait lagun?

  • Orain 10 urte. Familia bazkari bat Iruñean. Donostatik familiako senar-emazte bikote bat: andrea donostiarra, andereñoa, senarra Gipuzkoako herri ttiki euskaldun bateko abertzale bat. Ni honen aldamenean, kontran, eta momentu batean euskaraz ni berarekin, berarekin soilik.
    Koinata, euskaraz ari ginela sumatu eta nire kontra zuzen zuzen oldartu zait: errespeturik ez dudala, lotsagabe bat naizela eta abar eta abar, euskaraz ari naizelako. Orduan bi gipuzkoar horiek barkazio eske nire koinatari…, Ez nakien nondik jo, mahaietik altxa eta alde egin.., Baina Nola? Erasotzailearen ahizpa, nire andrea ez da konturatu ere egin pasatzen ari zenaz. Nola hasi kontatzen pasatu zitzaidana eta konbentzitu soberan ginela bazkari hartan?
    Nire duintasuna lurperatu, eztarri laztua ur hotzarekin lehundu, ezpainak hertsi eta talibana nintzela irentsi.
    Bai, horrelako laguntza izan nuen bi euskaldun “jatorren” aldetik.
    Okerrena soldatapeko andereño hura izan zen. Gogorra izan zen egoera hura

  • Nekeza izaten da, baina egin beharra. Osasungintza Nafarroako Gobernuari dagokio, ” le corresponde”. Bego.

  • Jeltzalea izanen zen. Eta zuk zer arrapostu zenion? Duela 10 urte, hori atzo da eta! Nafarretik ez duzu odol tanta bakar bat ere ez badiozu giputz bati zakurraren ipurdira yuateko esaten!