Euskara eskubidea delako, kaleetan ikusiko dugu elkar!
Euskara eskubidea delako, kaleetan ikusiko dugu elkar! –
Une ezberdin hauetan ez dira betetzen herri haur eskolaren proiektua aurrera eramateko beharrezkoakdiren baldintzak.
Hilabete batzuk pasa dira Iruñeko Udalak bere jabetzako haureskoletatik euskarazko lerroetan murrizketa sakona egiteko asmoa jakinarazi zuenetik. Hamaika izan dira orduz geroztik abiatu ditugun ildoak: guraso batzarrak, elkar entzun, lagundu eta antolatzeko; bilerak parlamentariekin zein Iruñeko zinegotziekin, instituzioek gure seme-alaben eskubideak bermatzeko alternatiba ezberdinak proposatzeko; hezitzaileekin hartu-emanak, beren behar eta beldurrak lehen eskutik entzun eta gure babesa eskaintzeko… Eta Herri Haur Eskola ere sortu dugu: Kooperatiba martxan da dagoeneko, badugu lokala, hezitzaileak eta nutrizio plana. Guk, elkar ezagutzen ez genuen guraso talde batek, etxean txikiekin konfinatuta egonda eta denbora errekorrean, bokazio publikoko haureskola sortzeko gaitasuna izan dugu eta benetan asetuta gaude horregatik. Berriro ere, herri honetan nahi eta sinesten badugu lorpen itzelak egiteko gai garela ikusi dugu.
Baina, zoritxarrez, ilusioz, ekinez eta lanez sortutako proiektu honek argia ikusteko baldintzarik ez duela jakinarazi behar dugu gaurkoan. Izan ere, haureskola barrez beteko duen ume askirik ez dago, ez eta izaera herritarra emango dion nahikoa finantzaketarik ere. Auzolanean eta denon artean ez bada, ezin da izan.
Egia da ikasturte berezia izan dela joan den hau, eta berezi aurre ikusten dela datorrena ere. Osasun egoera larriak krisialdi sistemikoa ekarriko duela dabil bolo-bolo eta horrek, nola ez, familiengan eragina du. Nola utzi gure maiteena egoera inseguru honen erdian? Orohar, matrikulazioak dexente egin du behera, sistema publikoko eredu guztietan ere bai, eta guk normaltzat jotzen dugu.
Areago, oraindik ere 0-3 zikloa hezkuntza ziklo bezala ulertu beharrean, zerbitzu izaera ematen zaiola ikusi ahal izan dugu. Kontziliazioa errazten ez duen gizartean, lanerako orduan umeak ahalik eta hobekien uztea dugu gurasook helburu, batzuetan etapa bakoitza ikas-etapa dela ahaztuta.
Eta areago oraindik: Modu batean, euskararen etsai historikoa izan den UPN, PP eta Ciudadanosen erradikaltasunaz blaituta, euskara Iruñeko iparralderaz okoratuz eskaria murriztea lortu duela iruditzen zaigu. Etxetik gertu egoteari ematen diogun garrantziak euskararen kalte egin du, beste behin ere. Hori, jakina, bazekien Maya jaunak euskarazko ditiko leku guztiak Txantrean eta Errotxapean kokatu zituenean.
Baina Herri Haur Eskolak argia ikusiko ez duela esateak ez du borroka hemen amaitzen denik esan nahi. Udazkenean Iruñeko Haur Eskoletako organismoan aldaketa gehiago jorratuko duen bilera garrantzitsua egongo da. Guri, guraso, hezitzaile nahiz edozein norbanako euskaltzaleri, arrakala hori probestuta, proposamen eta ildo berriaki rekitzea dagokigu, denon artean euskarazko hezkuntza, publikoa eta kalitatezkoa bermatzeko.
Ez dugu idazki hau laguntza eman diguzuen guztiei eskerrak eman gabe amaitu nahi: Mobilizazioetan parte hartu duzuen lagunei, batzarretara agertu zareten familiei, babes ekonomikoa eman duzuen euskaltzaleei nahiz ahal izan duen neurrian lagundu gaituen Euskalgintzari eta Itsulapikokoei ere. Bidegazi-gozo honek komunitate euskaltzalea elkartu, sendotu eta aktibatzeko balio dezala, euskarak aurrerantzean izan ditzakeen beharren aurrean elkarrekin eta indartsu erantzuteko.