Euskara, elitista eta xenofoboa
Euskara, elitista eta xenofoboa
Argiako Paradisutik -blog bat da-, Ruben Sanchez Bakaikoak gai interesgarria dakar oso, zokoraturik edo bazter utzia dugun eztabaida baten abiapuntu izan daitekeelakoan geureganatu duguna. “Euskara Gasteizko gauza elitista eta xenofobo hori” izeneko sarreran, hizkuntza, hezkuntza eta ghetto-ez mintzo da.
Ez, titulua ez da irakurtzeko amu probokatzaile bat. Administrazioak eta euskaldun asko euskararen status elitista eta xenofobo samar bat onartu eta zabaltzen ari garela uste osoa dut, bi adibide emango ditut horretarako, eta eskatuko dizuet gure euskal hizkuntza eta kulturaren ukazio hori pairatzen dutenen larruan jartzea.
Duela 3 astetik gure amama zaintzen hasi da Brasiletik etorri berri den emakume bat. Familia osoa etorri da, senarra eta bi seme-alaba. Aurrez beste senide bat zuten Gasteizen, eta hark xaxaturik, lan egiteko aukerak eta gure hiriaren lasaitasunak erakarri du familia hau gure artera -agi danez, beren jatorriko hirian bortizkeria giro handia zegoen-. Umeen eskolaratzea egin behar zela eta, delegaritzara joan zen, eta emaitza hauxe izan da: ume txikia (5 urte) D ereduko eskola publiko batean matrikalatu du, handia, berriz, 12 urtekoa, A ereduko institutu batean matrikulatuarazi dute; handiegia omen da orain euskaraz hasteko.
Laguntza eskatu zigun, izan ere, A ereduko institutu hori ez zaio gustatzen, eta nahiagoko luke handiak ere euskara eta euskaraz ikastea.
Hainbat laguni egoera hau komentatu, eta ondorioa da gauzak ezin direla erraz konpondu. D ereduko institutu bateko irakasle batek, adibidez, komentatu zigun iaz kasu bat izan zutela D ereduan matrikulatu zen nerabe batena, baina ezin izan ziotela harrera gelarik eskaini. Izan ere, harrera hori Gasteizen A ereduan egiten dute. Beraz, holako kasuetan ez da ezinezkoa D ereduan matrikula egitea, baina beharrezkoa den harrera ez duzu izango. Gauzak horrela, Gasteizen geratzen diren A ereduko institutu eta eskola apurrak, gaur egun, etorkinen seme-alaben ghetto bihurtu dira. Datuak hor daude, eta gure begiak ere bai ikusi nahi duenarentzat.
Ume eta gazte guztientzat eskola publiko nazionala ezartzen duen Finlandia denon ahotan izaten da hezkuntzan lortu duten emaitzengatik. Finlandiakoa da eskola laiko bat familia aberastu-pobretu-jatorri finlandiar zein atzerritarreko ume eta gazte guztiak hartzen dituena, bakoitzak dituen beharretara egokitua.
Gure eskola sistema amaraun bat da non pribatua/kontzertatua/publikoa/katolikoa/A,B, edo D eredukoa izatea korapilatzen den modu batean zeinean emaitza, besteak beste, gaur egun dugun ghettifikazioa baita. Jakina, sistema korapilatsuen gauzak zer diren: inor ez gara arrazista. Delegaritzak baliabideak optimizatzen ditu, eskolek gogokoen duten statusa ezarri, eta gurasoek panorama horretan matrikulazioa egiten dugu.
Herri txiki samar batean bizi bazara, eta D ereduko eskola bakarra eta publikoa badago, orduan kanpotik datorren ume edo nerabe hori herriko ume guztiak joaten diren eskolara joango da, eta eskolarako harrera hobeto/okerrago (batez ere) euskaraz egingo zaio. Bestela amarauna duzu zain, eta hirigune handi samarrekoa bazara, A ereduko guetto-eskola bat tokatzeko txartel guztiak.
Beste kasua da, auzoko proiektuan parte hartu nahi duela eta, pasa den astean ezagutu nuen Abdulena, Ghanatik Gasteiza duela 4 urte etorri zen 22 urteko gaztea. Bere herriko zazpi hizkuntzatan mintzatzeko gai da, baita ingelesez ere, gaztelaniaz ondo egiten du dagoeneko, eta orain euskara ikasi nahi du. Hola bota zidan danba: “zergatik da hain garestia euskara ikastea?”. Banekien jakin zer kontatu behar zidan, baina, datuek ez, hezur-haragizko pertsona batek kontatzen dizunean, errealitatea bere gordintasunez agertzen zaizu zure belarri euskatzale burgesetan. Bitxia da, baina Ghanatik hona etorri zenean, 8 hizkuntza bai, baina ez zekien gaztelaniaz! Administrazioak, ordea, egunero 4 orduko erdal eskolak eskaini zizkion dohainik EPA-n. Orain, auzoko-n parte hartzeaz gain, aek-n ordaindu du 600 euroko matrikulatxo bat (beka eskatu ahal du, baina jakina, eskoletara joatea oztopatzen dion lanen bat sortuz gero, pentsatzekoa da, lana aukeratuko duela).
Arazoak errotik konpondu behar dira: ume eta nerabe guztiek dute euskaraz hezkuntza ona jasotzeko eskubidea, eta administrazioek eskubide hori bermatzeko betebeharra dute.
Heldu guztiek dute euskara dohainik ikasteko eskubidea, eta administrazioek hori bermatzeko betebeharra dute.
Bien bitartean, hainbat faktoreren artean, euskarak (ere) jarraituko du izaten bazterkeriarako eta aukera berdintasuna ukatzeko aldagaietako bat. Neurri batean horretan ados nago Idoia Mendiarekin (baina ez ordea, arazo horren aurrean hartu beharreko jarrerari dagokionez).
Hurrengo batean etorkinen batek euskararen gainean ez badu bereziki aldeko suhartasunez hitz egiten, ez gaitezen sofan hainbeste asaldatu.
Nahia gauza bat da. Eta errealitatea beste kontu bat, oso bestelakoa.
Atzerritar gehienek eta euren haurrek euskara ingelera balitz moduan ikasten dute (ikasten badute, ze artikuluan aipatzen den moduan, A eredua, etorkin eta ijitoen gunea da). Ikasten duten gutxi horiek maila kaskar eta axolagabean egiten dute. Eta euren jarrera hizkuntzarekiko eta kulturarekiko ez da batere euskalduna.
Horren ondorioa zein da? Etorkinen etorrera masiboak ez dio euskarari batere onik egiten. Gaztelaniazko telebista kate etorrera masiboak bezelakoa.
Ez dudana ulertzen zera da, zer dela eta ezker abertzalea are inmigrante gehiago etortzeko nahi itsu hori? Ez dut konprenitzen eta orain arte abertzale batek ere ez dit azaldu jarrera honen zergatia.
Azalpen erraza da.Ezkerra delako, zu bezala pentsatuko balu eskuin faxista arrazista izango litzateke eta.
Beraz: ezkertiarra=bere herria immigrazio masiboaren (edo garbiketa etniko baketsuaren) bidez desagerrarazi nahi duen horrek.
Eskerrik asko garbi uzteagatik!
Hona datozen etorkinak ez datoz Euskal Herrira, Espainiara eta Frantziara datoz. Jabetzen al zara?
Ez dira jabetzen hemengo jende askok (horietako askok familia erdaldun abertzalea izanda) ikastolan ikasketak amaitu eta gero ez diotela jaramonik egiten euskarari, ba pentsa Euskal Herriarekin zerikusirik ez duen norbaitekin…
Halaxe da: immigratione massivoac ez dakarquio ecer onic euscarari. Baina, ança, ezquer aberçalearençat onhargarriagoa da Ecuadorretic ethorcea ecen ez Valladolidetic.
Rubenek arrazakeria/elitismoa eta euskararekiko utzikeria/bazterkeria nahasten ditu.
Herri txiki samar batean bizi bada, eta D ereduko eskola bakarra eta publikoa badago, orduan kanpotik datorren ume edo nerabe hori herriko ume guztiak joaten diren eskolara joango da, edo eskualdean A eredua eskaintzen duen edozein ikastetxetara joango da, euskararekiko axolagabekeria edo erdeinua gorabehera.
Etorkinek arrazakeria jasaten dute euskaldun batzuen aldetik bai eta erdaldun zenbaiten aldetik ere bai. Nago, azken hauen aldetik areago jasotzen dutela erdeinua.
Atzerritarrentzat nahiz Estatu honen menpekotar ororentzat garestiagoa eta askoz zailagoa da euskara ikastea, gaztelera baino. Baina hori ugazaben erakundeen inposaketaren ondorio, eta gure agintari esanekoen arduragabekeriaren ondorio da.
Ez ditzagun gauzak nahasi, eta ez diezaiogun euskaldunen komunitateari (“euskarari”) dagoeneko badauzkanak baino zama handiagorik ekarri.
Bueno nik idatzi dudana -edo saiatu naizena- da kanpotik datozen horien begietatik nola ikusi ahal duten “gure” euskararena.
Egoera hori eragiten duten arduradun nagusiak instituzioak dira. Baina nago euskaldunok “erlajatu” samar ote gauden eta egoera “normaltzat” jo.
Euskara ez da elitista, gertatzen dirn gauz hoiek nahita eginak daude euskararen zabalkundea oztopatzeko, horrexegatik dohainik da gaztelera ikastea, horrexegatik etortzen diran ume atzerritarrak A ta B ereduetara bideratzen dituzte, euskara bost axola zaielako edo zabalkundea oztopatu nahi dutelako, ta hori elitistatik ez du ezer ere ez.
Artikulu honek PSE-PSOEren kanpainako bideoa gogoratzen dit, egia esateko 2. partea izanen zela iruditu zait. Euskaldunak gaiztoak (arrazistak) omen gara, inmigranteak gaizki hartzen ditugulako eta Sabino Arana horrela omen zelako.