Perbertsio soziolinguistikoak

Perbertsio soziolinguistikoak

Gizatasunak omen dio ahalik eta era libre, arrazional eta enpatikoenean hartutako irizpideei jarraitzea dela norberak bizitzan izan behar duen lema nagusia. Eta horrela jardunez gero, errazago direla gero hautu eta erabaki larri gehienak: zer ikasi, zertan jardun, nola bizi, etab.

Baina askotan detaile txiki bat geratzen da bazterturik baieztapen horretan: hizkuntzarena. Alegia, goiko premisa distiratsuak gizarte normalizatuetan aritzeko balio badu ere, badira beste gizatalde batzuk, egoera anormalean daudenak eta premisa orokorraren doikuntza berezia eskatzen dutenak, azken batean oso faktore erabakiorra baita hizkuntzarena.

Perbertsio soziolinguistikoakEzin baita, izan ere, ahaztu zein hizkuntzatan ari garen eta hizkuntza horren erabilerak objektiboki zer-nolako eginkizuna betetzen duen gure hautu eta erabakietan eta, garrantzitsuagoa dena, batez ere gizartearen bizimoduan, haren konformazioan eta haren eguneroko praktikan.

Zeren eta detaile txikiez ari garela, ezaguna da hizkuntza hegemonikoek ez dutela hizkuntza txiki-gutxituen bizimodua eta ez bizigiroa jasaten. Are gehiago, ez izateagatik, hizkuntza hegemonikoek –hitz egiteko modu bat baino ez da hau, noski, ezagunegia baita haietaz baliatzen diren hiztun-taldeak direla zinez hegemoniko edo gutxitu direnak– ez dute ez mugarik eta ez neurririk ere izaten hizkuntza gutxituak akatzen aritzeko.

Eskuarki, alboan dituzten hizkuntza gutxituen esparru, funtzio eta espazio guztiak okupatzera eramaten ditu haien sen glotozidak. Berezko eta betidanikoa dute besterena bere egitearena.

Eta eginkizun horretan ez dute baliabiderik aurrezten, hala praktikoak nola teorikoak, berdin diskurtsiboak zein egitezko edo koakziozkoak, hala agerikoak nola erdi ezkutuak edo zeharo sibilinoak.

Horrela, esate baterako, hizkuntza gutxituaren esparru sinbolikoen aurrean, hizkuntza hegemonikoak argudio anitz garatzen ditu beti hizkuntza gutxituko hiztunak bere bandora erakartzeko, nahiz aldez aurretik dakien esparru horietan beti izanen dela hiztun erresistenteren bat eremu laua gotortzen saiatuko dena.

Hori dela eta, eta horrelako gotorleku sinbolikoez jabetzeko mezu disuasorioek (gizarte- bake eta harmoniaren aldarriak, elebitasunaren bertuteak, etab.) zenbaitetan erakusten duten ahuleziaz ohartuta, urrats kualitatibo gehiago eta larriagoetara jo behar izaten du diskurtso hegemonikoak maiz asko; zulo berriak ireki behar izaten ditu hizkuntza gutxituaren hiztun leialen harresietan.

Agidanez, diskurtsoaren alorrera egokitu besterik ez du egiten erraldoiak jadanik beste arlo batzuetan erabiltzeko asmatua dagoen hainbat baliabide eragingarri. Txikiaren kulpabilizazioarena da horietako bat, hizkuntza gutxituko hiztun leiala bere egoera linguistiko diskriminatuaren errudun sentiaraztera eramatea bilatzen duena.

Hau da, ustezko normaltze linguistikorako estrategia innobatzailea medio, hizkuntz egoeraren zanpaketa jasaten duenari esaten zaio ezinbestekoa duela hizkuntza hegemonikoko jendea hurbilarazteko hari berari bere altxor preziatuenak saltzen hastea, eta saldu ere ez edonola, behar bezala baizik, horrela mundu hegemonikokoek garbi ikus dezaten “zer galtzen duten” hizkuntza gutxitua ez jakiteagatik.

Egia esan, ez dago garbi zein den benetan horrekin transmititzen den mezua, zeren eta hizkuntza hegemonikokoek erdaraz jaso behar badute galtzen duten horren goxotasunaren albistea, berria jasotzen duten bezala, produktua bera ere jaso lezaketela irudiko luke…

.

Kiribilaren kizkur kiribildua!

Hiztun txikia, beraz, merkatari, produktua saldu behar baitie amodioz eta erdaraz konkistatu nahi dituen zinezko konkistatzaile armatuei.

Perbertsio soziolinguistikoakKonklusioen txokora jaitsiz: euskaldunak erdaraz (Hegoaldean erdara gaztelania da beti) saldu behar omen dio “bere mundu erakargarri” hori espainolari, inbidia gorria pasarazi behar dio erdaldunari gureratzeko irrika piztu dakion. Zubi hori eraiki behar omen dio euskaldunak erdaldunari, txikiak erraldoiari. Zer gutxiago, ezta, euskaldun leial militante batentzat?

Eta hor dator perbertsioa, mezu horretan sinestean eta zabaltzean, euskaldun petoenek ere sorraraz dezaketen perbertsio perfektua, adiskide maitatuari bihotzera zuzentzen zaion kulpabilizazioaren diskurtsoarena: erdaldunak erakartzeko zubigintza lan hori aurrera joaten ez bada, erdaraz egin nahi ez duten euskaldunengatik da eta izango da, haien erruagatik, euskaldunek gaztelaniaz hitz egin nahi ez izatean murriztu eta txirotu egiten baitute beren hizkuntz unibertso propioa.

Horraino diskurtso distiratsuaren muina.

Eta aldi berean, gutxitu, lausotu, ezabatu ere egiten den diskurtso horren ifrentzua: nonbait erdaldunek ezin dute euskara entzun, haien sentsibilitatea bortxatzea da euskaraz aditu behar izatea, baita hain beharrezko omen lituzketen gure produktu erakargarrien propaganda euskaraz aurkeztean ere. Txinan gerta ez lekiekeena gertatzen zaie Euskal Herrian.

Eta jakina, planteatu ere ez bestelako biderik, brahman berrien belarriei, euskaldunenei ez bezala, jasanezina egiten baitzaie untouchable batek euskaraz esandakoaren bikoizketa.

Erdaldunek euskaldun puruak nahi omen dituzte… baina erdaraz mintzo diren bitartean bakarrik, zeren eta inoiz guretuko badira, erdararen bitartez geureganatu beharko ditugu lehendabizi.

Erdaldunak erakartzeko, beraz, erdaraz saldu behar dituzte beren produktu kulturalak eta espiritualak euskaldunek.

Paradoxa? Txantxa?

Eta are okerrago, errudun bilakatu behar da gero, segidan, joko horretan sartu nahi ez duten euskaldun koherenteen multzo gero eta urriagoa, haien merkatal lankidetza erdaltzalea gabe ezin izango baita erdaldungoa inoiz euskaldundu.

Paradoxa? Txantxa? Kirtenkeria? Basque naivety?

Erdaldunak gure produktua gabe, gu gabe, gu akatuta ere bizi ahal izango ez balira bezala!

Seguru ez duela euskaldunona baino gauza hoberik eta erakargarriagorik gaztelaniaz mintzo den 500 milioiko hiztunen unibertso horrek! Seguru horrela, erdararen bitartez, guri begira jar dezakegula ingelesez bizi den mila milioiko hiztunen geografia zabala ikusmiran duen gizatalde erraldoi hori!

Ez politika linguistiko eraginkorrik, ez praktika euskaldunagoko dinamika sozial indartsuagorik!

Erdaraz, eta kitto!

Dagoeneko gureak egin ez badu, ez da gugatik izan, inondik ere ez! Jainko egiazkoaren paradisuan euskaraz mintzo direlako behar du izan!

Perbertsio soziolinguistikoak Perbertsio soziolinguistikoak Perbertsio soziolinguistikoak
euskara, hizkuntza gutxituak, soziolinguistika

Zer duzu buruan “Perbertsio soziolinguistikoak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude