Euskara ‘al día’ jarri beharra

Euskara ‘al día’ jarri beharra –

Euskaldunok Euskaraldian murgilduta egon gara aurreko egunetan, euskararen aldeko ekimen formatu berrian. Seguruenik, han eta hemen euskararen erabilera sozialean aurrerapen batzuk egin dira, eta hori ondo dago. Baita ere, ondo dago Euskal Herriko erakunde pribatu eta publiko askok (gobernuak, aldundiak, udalak) Euskaraldiarekin bat egin eta ekimena babestu izana.

Euskara ‘al día’ jarri beharra

Euskaraldia formatu berria dela esan dut, baina agian ez horrenbeste. Euskararen aldeko ekimen gehienetan bezala jendearen borondatean oinarritzen da, erantzukizuna jendearengana bideratuz. Eta egia da jendearen borondatea eta inplikazioa behar-beharrezkoak direla eta horiei esker gauza asko lortu ditugula azken urteotan. Indar sozial hori da, gaurkoz, euskarak duen altxorrik handiena eta aktibatzen jarraitu beharko dugu.

Kontua da euskarak beste gauzak behar dituela; adibidez, garapen handiagoa lan eta administrazio munduan. Eta hor zeresana badute Euskaraldiarekin bat etorri diren erakunde publiko eta pribatuek. Besteak beste, euskarak euskaraz funtzionatzen duen administrazioa behar du, ez soilik euskaldunari bere hizkuntzan (ez beti) erantzuten dion administrazioa. Garai batean ezinezkoa zen, baina gero eta lorpen posibleagoa da, gero eta euskaldun gehiago baitaude administrazioan lanean; hori bai, hauetako asko erdaraz lan egiten. EAEn behintzat (Nafarroan seguruenik era apalagoan eta Iparralden zaila dirudi) erakundeen apustua barne funtzionamenduan jarri behar da: gaztelaniaz (edo frantsesez) ere herritarrari erantzuteko gai den administrazio euskalduna izan behar da jomuga, eta ez urrunera begirakoa.

Horren eragin soziala handia izango litzateke: milaka pertsona eguneroko lanean euskaraz idazten, irakurtzen, mintzatzen, biltzen … gero eta trebeagoak euskaraz, gero eta normalago euskaraz. Pertsona horientzat eta administrazio horien inguruarentzat euskarazko funtzionamendu ohikoa erabakigarria izan daiteke hizkuntza hautaketaren kontuan. Administrazioek inertzia zaharrak eta erosotasunak baztertu eta bideak landu behar dituzte, estrategia zehatzekin, erakundeak barnetik euskaraz funtzionatzen duen makinaria izan daitezela.

Izan ere, euskara ezin da izan soilik jendearen borondatezko hautua, eta erakundeek ezin diete beti erantzukizun osoa herritarrei bideratu: beren eginkizuna hartu behar dute esku artean beren esparru propioan euskarari arnasguneak irekiz, euskarazko zirkuituak ugarituz, aberastuz eta indartuz. Borondatea indartu nahi duten ekimenak ere babestu nahi badituzte, primeran, ongi etorriak, baina “etxeko lanak” egiteko konpromisoa ezinbestekoa dute. Indar sozial handia dago Euskal Herrian euskararen alde, eta eragina badu, arlo askotan gauden lekuraino ekarri gaitu; bestetik, erakundeen lana eta apustua beharrezkoa da.

Euskararen aldeko argazkian agertzetik haraindi, adierazpenak egitetik haraindi, erakundeen hizkuntza egunerokoa euskara izan dadin erabakiak hartu eta lan egin behar da, lehenbailehen.

Euskara ‘al día’ jarri beharra

Irakaslea ofizioz, mendizalea afizioz eta Baskoniazalea bizioz.