2019ko azken zinema estreinaldiak!

Estreinaldiak: Abenduak 28

.

Under the Silver Lake (Lo que esconde Silver Lake)

Los Angeles hiriko urbanizazio batean bizi da Sam, aspertuta bizi ere. Ez du ohetik jaikitzeko indarrik ematen dion proiekturik, halako batean, bizilagun erakargarri baten etorreraz jabetuko den arte. Elkarrekin konektatu dutela dirudi, baina arrazoi argirik gabe eta gauetik goizera desagertuko da neska. Misterioa argitu nahiko du orduan Samek.

Cannesko zinema jaialditik Sitgesera egin du bidaia David Robert Mitchell zinegile gaztearen aurrekontu handiko lehen proposamenak. Pop kulturan girotutako thriller beltza osatu du Andrew Garfield eta Riley Keough aktoreak lagun, eta aldeko zein kontrako iritziak jaso ditu. Proiektuak abiapuntu eta estetika interesgarriak dituela esango dugu…

.

Vision (Viaje a Nara)

Torontoko zinema jaialditik igaro ostean, Naomi Kawase zinegile japoniar emankorra Donostiara ekarri zuen Juliette Binoche eta Masatoshi Nagase aktoreak protagonista dituen Vision dramak; Sail Ofizialean aurkeztu zuen izadiari gorazarre egiten dion lan poetikoa.

Binoche Japoniako Nara eskualdera joango den saio-idazle frantziarra izango da. Mendietan bizi den gizonezko misteriotsu bat ezagutuko du bertan (Nagase), eta hizkuntzagatik ez ezik, kulturari lotutako talkak direla medio, elkar ulertzeko zailtasunak izango dituzten arren, gehiago jakiteko beharra sentituko dute.

.

Elis (Elis, la voz de Brasil)

Brasilen historiako abeslari onenaren bizitzari buruzko filma aurkeztu du Hugo Prata zinegileak. Kantariaren hastapenetatik abiatu, eta ibilbide labur bezain aktiboaren errepasoa egingo du filmak. Andreia Horta aktore brasildarrak ezin hobeto gorpuztu du gainera 1945ean jaio zen eta Bossa Nova generoari ukitu modernoago bat eman zion Elis Regina.

.

Bumblebee

Travis Knight zinegile estatubatuarrak gidatu du asteko zientzia fikziozko proposamena, robot bihurtzen diren autoei buruzko Transformers sagako seigarren kapitulua. John Cena, Hailee Steinfield, Pamela Adlon eta Stephen Scheneider aktoreek, besteak beste, hartu dute parte 80ko hamarkadako abenturazko filmaren spin-offean.

Kolore horiko VolksWagena da Bumblebee, 1987az geroztik Kaliforniako kostaldeko herri txiki bateko txatarrategian bizi dena. Hemezortzi urte bete berri dituen Charlie Watson gazteak aurkitu eta konponduko du, eta elkarrekin egingo dute borroka mundua salbatzeko bataila epikoan.

.

Unfriended: Dark Web (Eliminado: Dark Web)

Aro digitalaren alderdirik ilunenaz ohartaraztera datorren beldurrezko thrillerra, Unfriended sagako bigarren atala. Levan Gabriadzeri lekukoa hartu dio Stephen Suscok, eta jatorrizkoaren freskotasuna galdu badu ere, ikuslearen arreta bereganatzeko gai dela nabarmendu du kritikak.

Matias izeneko mutil gazteak kafetegi batean egiten du lan. Galdutako objektuen kutxan hainbat astez egon den ordenagailu eramangarria etxerako hartzea erabakiko du, eta artxibo misteriotsuak dituen karpeta bat aurkituko du bertan. Lagunei chat bidez bidaliko dizkien bideoak, baina, Deep Web edo indexatu gabeko interneteko edukiak izango dira, eta pixkanaka, ezkutuko alderdi horren ankerkeriak ezagutuko dituzte.

.

Asteko estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu ZINEAn!

Euskal pantailaren gunea