Euskalgintza aktiboago baten eta politikari inplikatuagoen premia
Euskalgintza aktiboago baten eta politikari inplikatuagoen premia –
Euskaldunontzat 2020ko urtea ere ez da erraza izan. Hiru eremutan zatituta eta bost Administrazioren menpe egoteak (EAE eta Nafarroako gobernuak, Gaztelakoa Trebiñun, Espainiakoa eta Frantziakoa) ezin onurarik ekarri, areago bost horietatik lau euskaldunak baztertzen jarraitzeko neurriak hartzen tematzen direlarik, hainbat eta hainbat udalekin batera, hedabide nagusien laguntzaz sarri.
Pandemiak, gainera, agerian utzi du Jaurlaritzako goi karguen euskara gaitasun motza eta begirune kaskarra euskaldunon alderako, hilabeteotan garatu duen komunikazio politikak erakutsi bezala.
EAEko hizkuntza politikaren ahulguneak ere, agerian geratu dira gordin. Telebista, internet edota mugikor bidezko euskarazko eskaintza nahikorik / duinik ezean, familia erdaldunetako haur askok nekez izan dute euskararekin harremanik. Topaguneko buru Kike Amonarrizek oraintsu adierazi bezala, «pandemiak agerian utzi du ikasle askok ez duela harremanik euskararekin eskolatik kanpo, ikus-entzunezko eskaintzaren ahuldadea eta kultur-sektorearen egoera prekarioa zein kezkagarriak diren, edo erakunde askok euskaldunon hizkuntza-eskubideak zein erraz baztertzen dituzten».
Nola liteke 2020an ere ez izatea telebista eta bestelako ikus-entzunezkoen eskaintza oso eta erakargarri bat eskura? Hori ez baita euskararen ahulezia, hizkuntza politikarena baizik.
Hezkuntzan ere argi gorriak piztu dira, D eredutik bertatik hasita. Euskarazko Lanbide Heziketaren eskaintza barregarria beste egun baterako utziko dugu.
Herri ekimena, ezinbestekoa
Euskaraldia, Durangoko Azoka, Errigora, eta euskal sortzaileek era batera edo bestera eskainitako kultur eskaintza izan dira euskararen pultsuari eusteko oinarri, euskal (euskarazko) hedabideekin batera. Herri-ekimenak eman digu arnasa berriz ere, agintari eta alderdi abertzaleen geldoaldia eta espainolisten aurkako ekimena tarteko.
Alabaina, egungoa baino askoz aktibazio handiagoa erakutsi beharko genuke euskaltzaleok, EAEko erakunde nagusiek euren ardurei egokiago erantzun diezaieten batetik (EITB-ren bilakaera kezkagarria lekuko), eta eraso egiten diguten Nafarroako, Espainiako edota Frantziako erakundeei aurre egiteko.
Agintarien erantzukizuna
Euskaltzaleen aktibazioa ez da nahikoa baina. Euskarriak eta babes politikoa ezinbestekoak ditugu, tresna egokiak eta nahikoak, aktibazio horri denboran eutsi ahal izateko. Bestela esanda, euskaldunak euskaraz jardutera adoretzea oso ondo dago, baina euskarazko jardunari eusteko ezinbestekoak ditugu hizkuntza gaitasun nahikoa, hizkuntza elikatzeko euskarazko tresna egokiak (irratia, telebista, internet eta mugikor bidezkoak, liburuak eta komikiak…); inguru euskalduna, inguruko ez-euskaldunen konplizitatea, lan eta merkataritza alorreko eragileen begirunea… Hizkuntza politika askoz osatuago eta eraginkorrago bat, bestela esanda. Adoretze hutsak, bere soilean, erabilera areagotu ordez, epe ertain edo luzera etsipena areagotzea ekar lezake eta.
EAEn bertan ere, ez dauzkagu horretarako tresna guztiak eskura (Espainiar gobernuaren menpe gaudenez), baina 2016tik aurrera onartutako udal-legeria eta araudi berriekin aukera berriak zabaldu dira udaletan euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatze aldera. Udaletan ere, aukera izango dugu alderdi batzuen eta besteen borondate politikoa zein den neurtzeko.
Nafarroan eta Iparraldean berri txarrak datozkigu aginte-organoetatik oro har, erasoak eta euskaldunak baztertzen jarraitzeko ekimen antolatuak. EAEn baino areago, elkarlana, indar-metaketa eta herri gisa jokatzea ezinbestekoa izango da aurrera egiteko. Nafarroako eta Iparraldeko euskaldunei, EAEko era guztietako erakundeetatik, orain arte baino laguntza eta babes handiagoak ematea premiazkoa da.
Joko-eremua, euskal nazioa
Nazio mailako hedabide eta erakundeek sekulako garrantzia dute ekinbide horretan; hots, Euskal Herrian nonahi kokatuak egonagatik, zazpi lurraldeetako euskal herritar guztiei zuzentzen zaizkionak; hortaz, babestu eta sustatu beharko genituzke orain baino askoz gehiago.
EITB askoz euskaldunago bat premiazkoa da. ETB1eko programazioa asko hobetu beharra dago, haur eta gazteentzako eskaintza erakargarria sortu, euskarazko fikzioa eta bikoiztutako filmak… Tira, edozein kate erakargarrik egiten duena, baina euskaraz: badaezpadako saioak ordezkatu, euskal sortzaileen ekoizpenei lehentasuna eman, beste herri zapaldu batzuetako hedabide eta sortzaileekin elkarlana garatu…
Euskal gizarteari aldarria
Euskaltzaleak antolatzea eta euskaldunon eskubideak aldarrikatzeko adorea berreskuratzea ezinbestekoak izango ditugu aurrerantzean ere; kontzientziazio lanari ekitea, euskararen herria jardun politikoaren ardatzera ekartzea… Eta astirik galdu gabe, gauzak gero eta abiada handiagoan aldatzen baitira.
Hizkuntza Politika berritua behar dugu, Espainian eta Frantzian gaztelaniak edo frantsesak daukaten tratamendu bera, eskubide eta betebehar berberak euskararentzat Euskal Herri osoan; eta horretarako Burujabetzara bidean jartzea ere, ezinbestekoa da.
Helduko diogu erronkari?
…
Juantxo Aleman, Gerardo Luzuriaga eta Jonjo Agirre