Mundu guziarekin ados nago

Mundu guziarekin ados nago –

Mundu guziarekin ados nago

Ados nago. Mundu guziarekin nago ados, eta inorekin ez nago desados. Ados nago mundu guziarekin, baina ez nolanahi, ehuneko ehun baizik. Hortik beheitikoa ez baita egiazko adostasuna. Norbaiti %98ko adostasuna adieraziko banio, aldi berean %2ko desadostasuna adieraziko nioke; bide arriskutsua da hori, inondik inora, adostasun ezaren adierazlea zuzen-zuzenean manikeismo sinpleenera daramana, eta gris eta ñabardurak –hain beharrezkoak– ukatzera.

Ni mundu guziarekin ehuneko ehun nago ados, gurea bezalako kultura txikian ez baikara orain elkarrekin ados ez egoten hasiko. Kanpoko jendearekin, berriz, batzuetan ez naiz ados egoten. Trumpekin, konparazio baterako, ez nengoen ados; ados nago, berriz, Euskal Herrian Trumpekin ados ez daudenekin, nahiz eta Euskal Herrian Trumpekin ados ez daudenek erraten dituzten gauza batzuekin Trump aski ados egonen litzatekeen segur aski. Orduan ere ni ados nago gure jendearekin, ehuneko ehun egon ere, eta Trumpekin desados, jakina.

Ados nago gure zutabegile eta idazle guziekin, denak zoragarriak baitira, baina batez ere haizea alde izan eta, ondorioz, ukiezinak direnekin nago ados. Ados nago, gustu txarrekoa bailitzateke adostasuna bezain gauza hauskorra zikintzea, pittin bat balitz ere.

Heldu den astean, adarbakarren edertasunaz mintzatuko natzaizue.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko martxoaren 1ekoa]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.