Osakidetzaren inguruan

Osakidetzaren inguruan –

Gizatasunaren ikuspegia mantentzea funtsezkoa da. Eta ez naiz ari ez gizarte baten gizatasunaz, baizik eta gizateriaren gizatasunaz.

Osakidetzaren inguruan

Tira. Osasunean kokatu nahi dut. Gaur egungo gure osasun sisteman. Gogora dezagun zerbitzu publikoak diren heinean eta zergadun bezala gure betebeharrak betez gero denenak eta denentzako izan beharko liratekeela. Behin semeak galdetu zidan: ama medikuari ez al zaio ordaindu behar? Galderaren iturria guztiz interesgarria da: gure egunerokotasuna neurri handi batean bapatekotasunean musutruk eskaintzen ez diren zerbitzuz osatua egoteak sortzen ditu halako zalantzak. Nik: bai semetxo ,medikuek ere bizitzeko dirua behar dute eta hauei bankuen bidez ordaintzen zaie guztien diruarekin. Semea tximeleta baten atzetik joan zen. Hobe.

Errealitate berri bat 2021 urte hasierarako: polipo edo mioma eta metroragia. Hileroko luzea, luzeegia: hogei egun. Mina ere. Normala omen da. Lau emakumetatik batek omen du. Hortaz, espeziaren gauzak. Urgentzitara. Larrialdietan ebakuntza beharrezkoa zela eta berehala egin behar zela. Ockhamen labainari eutsiz anbulategiko ebakuntza egingo zutela adierazi zidaten. Odola eteteko zortzi pirula egunean, mina kentzeko lautik sei bitartean, eta deskantsua bermatzeko beste bi. Guztira: hamalau-hamasai pirula. Eta guzti hori ebakuntza egunerarte. Tira ebakuntza berehala izango zenaren baieztapenaren esperantzak argi pixkat eman zion farmazeutika pirula zanpatzaile bihurtu berri nintzen horri.

Astea pasa zen eta hantxe nengoen itxaron gelan. Pozik, gela horretara sartu eta tira, mioma polipo delako gabe irtengo nintzen eta berriro min gabe, odol gabe eta lanera bueltatuko nintzen. Pozik nengoen. Atea ireki zen eta mediku atsegin batek aurrera sartzeko esan eta hantxe ni pirula zanpatzaile bihurtutako horrek berriro ni izateko prest. Baina ez, dena okertu zen.

Jarraian gertatutakoa:

Dena prestatzen ari zirela beraien artean marmarka ari ziren, nola ez ba, covid-19ak sortzen dituen egoera desberdinez, giroa ez zen ona. Jarri beharreko lekuan jarri ninduten eta hantxe nengoen ni, Luis XIV. aren kapritxoz sortutako erditze ohe eguneratu batean, non hankak ere orkatilako gerrikoekin lotuak nituen. Sade Markesa etorri zitzaten burura. Gora La France. Gora ere 1789. Eta behera bai Bakuninen ideologiatik kanpo sortutako dinamika desberdintzaileak.

Bueltan naiz: eta hantxe nengoen orkatilak tinko lotuak, hankak guztiz zabalik ebakuntzarako prest. Histeroskopio aurkeztu behar dut, bera izango da jarraian erretratatutakoaren protagonista.

Orkestra zuzendariek daukaten batuta antzekoa, zilar kolorezkoa eta metalezko aparagailua aurkeztu zidaten hurrengo azalpenarekin: hau uteroan sartuko dizugu eta behin sartuta daukazun polipoa kenduko dugu. Ondo. Erraza. Ezta? Ba aparagailua sartzearekin bat infernura eraman ninduten: jasan ezineko mina zen hura.

Irakurle maitea: zalantzak izango dituzu idazten duen honen sentikortasunaz eta minaren tolerantziaz. Hiru seme alaba izan ditut. Trafiko istripu bat eta Minaren Unitatean izandakoa naiz eta bertan «bolantinak» hartu behar izan nituen. Erditze baten, hiru egunetan zehar kontrakzioekin izan ostean, behin ospitaleak minaren minez lurrera erortzean hartu nuen nire lehengo epidural puska eta alde bakar bateko mina jasateak poztu ninduen, minak, helburu bat duenean (orkatila bihurritzen zaiguneko minak hezurra ez apurtzeko babesten gaituen mina da ere) neurri batean bada ere lagundu egiten gaituelako. Trafiko istripura bueltatuz larrialdietako zerbitzuan bere lekutik kanpo zegoen besoa sartzen saiatu ziren denbora luzez ni garrasika hasi arte eta orduan soilik garrasien garrasiz egoki aurreikusi zuten nire trokiterra apurtua zegoela eta ezinezkoa zela hezur apurtuaren lekuan besoa egoki jartzea anestesia gabe, hortaz, berehala hura konfirmatzen zuen plaka atera eta kirofanora eraman ninduten besoa bere lekuan jarri ahal izateko.

Guzti honekin adierazi nahi dut nahiz eta mina gustuko ez izan, mina jasatearen onurak barneratua izatean eramangarriagoa dela mina. Baina tira, batuta ez zen, batutak infernura eraman ninduen. Hala azaldu nienean bertako ginekologoak esan zidan 30 arte kontatu behar nuela eta erditze bat bezala izango zela. Eta hala egin nuen: berrogei kontatu nuen, malkoka. Eta bukatzean inongo azalpenik gabe hurrengoa esan zuen: «ya hemos acabado».

Nola? Tratu bat egin didazu, nik bete dut eta zuk? Euskaldunon hitza? Ideala al da? «Ya hemos acabado» horri «vístete y ven» esan eta ginekologo hark atea gurutzatzen zuen bitartean erizainek lokarriak askatu zizkidaten. Halaxe izan zen. Behin jantzita ginekologoaren aurrean nengoela esan zidan anestesiarekin egin beharreko ebakuntza zela. Eta kito. Kirofanotan lan egindako erizainak azaldu zidan miomak ezin direla prozedimendu horren bidez kendu. Orain nire ebakuntza orrian mioma jartzen du.

Hamalau egun pasa dira ordundik. Itxaron zerrendan jarraitzen det. Covid-19 a dela eta gauzak luzatzen omen dira. Urgentea zen ebakuntza itxaron zerrendaren despotismoan baitan eta barne. Bitartean ni naizen honek, min askorekin jarraitzen dut, behin behineko tasunetik askatu nahi den pirula zanpatzaile bilakatu naiz jada. Erregutzen dizuet: kendu mina eta aztertu mioma. Nik nire zergak ordaintzen ditut. Aldebikotasun falta dago hemen.

Eta bizitzako alor desberdinak errealitate anitzez osaturik daudenez, ba, aldi berean, atzo gertuko ospitale pribatu batek uteroko miomak era arrakastatsuan ahalik eta arinen kentzeko teknika berritzaile bat martxan jarri dutenaren berri ematen zuten hainbat egunkarik.

Diruaren tirania. Bai badakit. 7.700 miloi biztanletik gu errealitate madarikatu «pribilegiatuan» omen gaude. Era desberdin askotan, noski. Jabetzen naiz. Baina gurean ere adibide honetan sendatzea diruaren truk. Gol. Joan gaitezen denok zakurraren ipurdira. Eta hurrengoan gehiago.

Osakidetzaren inguruan
Osakidetzaren inguruan

Osakidetzaren inguruan

EHUn Psikologiako fakultateko irakasle. "Jende guzti hori. Zer egiten ari da? Zertan ari da pentsatzen? Denok hilko gara, a zelako zirkoa! Hori jakitea aski litzake elkar maitatzeko, baina ez. Arinkeriek beldurtu eta zapaltzen gaituzte, ezerezak irensten gaitu". Charles Bukowski

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude