Euskalgileak
Euskalgileak –
Xabi Payak Berrian idatzia.
Ez dakit nork asmatu zuen «euskalgintza» terminoa, baina esango nuke lana erdizka utzi zutela. Euskararen aldeko mugimenduen taldeko izaera azpimarratzeko balioko zuen horretarako premia izan zen garaian, baina eratorpen arraro samarrekoa eta itzulpen zailekoa izateaz gain, hitzaren inguruko izen, adjektibo eta abarrak sortu gabe utzi zizkioten. Antzeko zerbait gertatzen zaio hirigintza terminoari ere, baina euskararen aizkora kamutsen gaia beste egun baterako utziko dut.
«Bakarrik azkarrago joan gaitezke, baina taldean urrunago iritsiko gara» esateko ohitura zuen gure nagusi batek, eta oraindik ez daukat argi arrazoi zuen; beste batek, aldiz, askotan errepikatzen zuen «taldeko lanak ahalegina eta erantzukizuna diluitu» egiten dituela, eta esfortzuarenarekin erabat ados egon ez arren, bat nator arduradunak atzemateko zailtasunarekin. Izan ere, zein da euskalgintzaren subjektua? Nork egiten du gure herria euskaltzaleago, nork euskalduntzen ditu gure kaleak? Pentsatuko duzu denon artean bultzatzen ditugula asmo horiek, baina Euskal Herriko zenbait paretetako pintada famatuari kontra eginez, errealitatean gutxi batzuek egiten dute askoren artean egin beharko genukeen lan eskerga hori.
Gramatika sortzailearen baimenarekin, nik euskalgintzaren subjektu diren norbanakoei euskalgile deitzen diet. Euskalgileak dira eskualde, herri edo eremu jakin batean euskara aldez eta moldez, hitzez eta ekintzez sustatzeko bizi diren gizabanakoak. Inguruko euskara elkarteko kide ezagunak dira eta sekula ez dute huts egiten zonalde horretan antolatzen diren euskarazko hitzaldi, bertso-saio, ikuskizun eta abarretara. Aparteko kanpaina eta eranskailurik gabe erabaki zuten euskaraz bizitzearen erronkari heltzea eta edozein aukera baliatzen dute Mauriziaren hizkuntzari arnasa emateko. TELP ikastaroa egin zuten modan jarri zenean, haren beharrik ez bazuten ere; berezko irribarrea ateratzen zaie lehenbiziko hitza euskaraz egiten dutenean. Eta irribarre are handiagoak egiten die ihes, kalean doazela ezagun egiten ez zaien jendea euskaraz entzuten dutenean. Filologoak ez izan arren, badakite zer den euskara zuzena, baina badakite ere euskararik txarrena dela egiten ez dena, eta horrengatik, aise harrapatu arren EGA azterketan alarma gorria piztuko luketen akatsak solaskidearen hizketan, gaztelaniazko perpaus aratz garbiak baino nahiago dituzte ergatiborik gabeko euskarazko esaldi okerrak. Gainera, berezko «efektu euskalduntzailea» eragiten dute inguruan: barra gaineko tortilla egin berriak inkontzienteki bezeroen ahosabaia urtzen duen bezala, euskalgileen presentziak gertuko gizaki guztien euskal hiztegia astintzen du, goizero-goizero «buenosdiaska» ibiltzen diren ez hain lagun horiei ustekabean «egun on» bat ateraraziz ahotik.
Hori bai, ez dute inoiz jasoko ez dominarik ez saririk, eta inoiz ez dituzte Euskararen Aholku Batzordeko kide edo euskaltzain izendatuko. Hiltzen direnean, ez duzu haien izenik entzungo Euskadi Irratiko goizeko albistegian; lehendakariak ez du atsekabe-adierazpenik txiokatuko eta euren herriko udaletxeak ez du ikurrina makila erdian jarriko. Ez dute katedrarik sortuko euren izenekin, eta ETBn ez diete hil osteko saio monografikorik eskainiko. Euren hutsunea, ordea, ez da oharkabean pasatuko herritar askoren artean.
Artikulu hau Marian de la Fuente lagun, euskalgile eta Erandioko Berbots euskara elkarteko kide zendu berriari eskaini nahi diot. Eskerrik asko, Marian, euskarari eta ingurukooi hainbeste maitasun emateagatik. Gure hizkuntza eta Uribe Kosta osoa zurekin zorretan daude. Josafateko zelaiko Kanpomartxo festan ikusiko dugu elkar.