Kulturan, euskaldunik ez

Kulturan, euskaldunik ez –

Iragan den asteburuan Euskal Irakurle Taldeen II. Biltzarra ospatu da Iruñeko Liburutegi Nagusian. Iaz estrainekoz egin eta arrakastak akuilaturik, aurten berriz egin da, arrakastaz egin ere. Mugaren bi aldeetako nafarrak bildu ginen bertan, eta Katixa Dolhare Zaldunbideren hitzaldian kontu jakingarri anitz entzuteko parada ukan genuen, Baxe-Nafarroako doinu xarmangarrian entzuteko ere. Katixak erakutsitakoa lantaldetan aritu ginen praktikan jartzen, eta Eider Rodriguez-en ipuin bat, Urtebetetze festa, jorratu genuen lantalde horietan.

Kulturan, euskaldunik ezBukatzeko, Asisko Urmenetak maisuki laburbildu zuen goizean zehar bertan entzundakoa, eta zin-zinez, gustura baino gusturago gelditu ginen bertan bildutako irakurle, idazle, editore eta beste. Baina ene ustez, goiz horretan, norbait falta izan zen: Nafarroako Gobernuko ordezkaririk ez zen azaldu, iaz ez bezala, iaz Nafarroako Gobernuko ordezkari bat egon baitzen, Dori López Jurio, labur eta egoki mintzatu zena jardunaldiaren hasieran. Maleruski, aurten, gonbidatuta ere, ez zen Nafarroako Gobernuko ordezkaririk joan, eta Liburutegi Nagusiko lagun bati galdetuta, zera esan zidan: Kultura Departamentuan ez dago buru euskaldunik, horregatik euskarazko irakurle taldeen aurtengo biltzarrera ez zen etorri Nafar Gobernuko ordezkaririk. Horra, Euskal Irakurle Taldeen II. Biltzarrean pozik eta uros izan ginen bertan egon ginenok, baina Gobernu honen lotsarako, Kultura Departamentuak ez du izan inor ordezkari bidaltzeko, euskarazko kunplimenduzko hitz gutxi batzuk errateko bederen.

Hurrengo urtean irakurle taldeen biltzarra berriz ere eginen dugu. Urte oso bat dauka Kultura Departamentuak hutsunea betetzeko.

Kulturan, euskaldunik ez

Kulturan, euskaldunik ez

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.