Indarra lege

Indarra lege – 

Kataluniako auziarekin entzuten ari gara Euskal Herrian maiz entzun ditugunak. Kataluniako prozesu independentistagatik preso daudenen kontrako kondenak salatzeko protesten harira, Espainiako Gobernua eskatu eta eskatu ari zaio Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteari indarkeria salatzeko. Torrak salatu zituen Bartzelonako barrikadak, irmoki, gainera. Baina Espainiako Gobernuarentzat berdin zuen: segi eta segi indarkeria gaitzesteko eskatzen. Espainiako Gobernuak ez du, bada, gaitzetsi poliziaren bortizkeria, zauritu larriak utzi dituena. Eta beste indarkeria anitz.

Indarra legeLegea errespetatu behar dela eta legea ez bada errespetatzen normala dela zigorra jasotzea errepikatzen ari dira behin eta berriz. Erreferendum baketsu bat antolatzeagatik hamahiru urtez preso egotea normala balitz bezala…

Legea errespetatu behar dela eta
legea ez bada errespetatzen normala dela zigorra jasotzea errepikatzen ari dira behin eta berriz.
Erreferendum baketsu bat antolatzeagatik
hamahiru urtez preso egotea normala balitz bezala.

Legea eta legea. Politikaz ez mintzatzeko, arazoaren muinari ihes egiteko. Legea errespetatu behar dela… baina begiak hesten dituzte poliziak gomazko pilotak botatzen dituenean, legearen kontra. Legea errespetatu behar dute katalanek, baina Espainiaren defentsarako zilegi da legea urratzea. Preso sartzen dituzte independentistak, baina lasai-lasai goraipatu daitezke ideia neo-frankistak eta neofaxistak; horiek ez dituzte epaituko edo preso sartuko. Espainiak Katalunia errepresioz jotzen duten bitartean, Altsasukoak preso daude, Frantziak uko egin die 30 urte hauetan preso dagoen Xistor Haranburu eta 18 urte hauetan giltzapean daukaten Lorentxa Beyrie askatzeari… ETA berriz aktibatuko litzatekeen aitzakian!

Aldi berean, euskara beti gutxietsia da, espainola eta frantsesa dauzka gainetik (azken froga, Nafarroako epaitegiek hartu duten erabakia). Hori da, beraz, bizikidetza: mendekua eta belaunikaraztea. Laburbilduz, bi estatu zapaltzailek Euskal Herria eta Katalunia mendean dauzkatelako frogak dira horiek guztiak.

Bai, Euskal Herria eta Katalunia herri zapalduak dira. Nehork ez du, ordea, beste norbait menean eta bahiturik atxikitzeko eskubiderik; ez pertsona batek beste bat, ez herri batek beste bat. Ez egun batez, ez hogei urtez, ez 800 urtez.

Zapalkuntzak askatasuna du aterabide. Gisa horretan, demokraziaren argudioa nahasgarria da.

Alabaina, zer da garrantzitsuagoa? Demokrazia ala osasuna? Eman dezagun hamabi laguneko talde bateko hiru ez direla erretzaileak. Talde horren lokalean erretzea debekatzea ala baimentzea bozkatuz erabaki behar dela zioten batzuek. Beste batzuek, aldiz, hori bidegabea dela erretzen ez dutenekiko. Erretzaileak ez direnak gutxiengoan dira, baina gehiengoak erre nahi duelako, jasan behar dute besteen tabakoa? Edo, elkartetik kanpo gelditu behar dira?

Ez da gauza bera erabakitzea erre daitekeen ala ez, edo bozkatzea Erromara edo Londresera joanen garen oporretan. Ez da gauza bera Joko Olinpikoak antolatzeaz erabakitzea ala independentzia nahi dugun ala ez galdetzea. Bigarren hori da zapaldurik egoteko aukerari zilegitasuna ematea. Edo ez garela zapalduak erratea. Baina bai, zapalduak gara.

Zer da garrantzitsuagoa? Demokrazia ala askatasuna? Testuinguru horretan, ezin dugu demokrazia aipatu, zapalkuntza egoera bat ez baita demokratikoa. Espainiako eta Frantziako legeen funtsa eta helburua da beren “handitasuna” bermatzea eta, horretarako, herri zapalduak menperatzea eta menpean dauzkala ukatzea. Legeaz ari direnean, zapaltzailearen legeaz ari dira. Zapalduaren legea litzateke aske egoteko eskubidea. Baina indarra zapaltzaileak dauka, eta zapaltzaileak dauka boterea bere legea urratzeko eta zapaltzailea zigortzeko.

Eneko Bidegain

Indarra lege

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude