Euskaldunaren aukerak

Euskaldunaren aukerak –

Garai nahasietan bizi gara: koroaren izurritea alde batetik, Espainiako parlamentuko zalapartak bestetik, gobernu barneko katramilak, lege kontuak, demokraziaren sendotasuna zalantzan, hizkunza eskubideen aldarrikapenak… Ingurua desegonkor, geroa zalantzan. Adinekoon eskubideak lauso artean. Aukerak lauso artean… Onik aterako ote gara zurrunbilo honetatik?

Euskaldunaren aukerak

Beno: ez gaitezen apokaliptiko jarri! Ez da erraz.

Egunotan bueltaka dabilzkigu buruan hizkuntzazko eta hezkuntzazko zenbait gai. Parlamentuan lasaitasun gutxi eta ematen den irudia ere hala moduzkoa.

Gainera, Euskaraldian murgildurik gabiltza. Nahiago nuke euskaraldian gabe, euskaran berean murgilduxeago bageunde, baina tira: kanpaina hauek beharrezko ditugu. Aldi baterako baino ez bada ere, euskararen aldian gaudela gogoratzea, ondo. Euskaraldi hori aste batzuetara mugatu ordez urte osoko bihurtzeko asmoak ere aterako ahal ditu norbaitek! Horrexegatik besterik ez balitz ere, merezi du. Kontua da euskarak atzera egiten ez badu, aurrera egiten ari dela. Horrek kontsolatzen nau. Pobrearen kontsolamendua, seguru asko.

“Celaa legea” delakoak berpiztu ditu isilpean zeuden hainbat mamu hizkuntzari buruzkoak. Gezur potoloak ere barreiatu dira. Zuhurrago beharko zukeen zenbait jende aztoratuta dabil eta erabat lotsagabeturik parlamentuan, komunikabideetan… Protesta ozenak egin dira eskuinaldetik. Hizkuntza irakasbide kontsideratzea desagertu da lege testu berritik. Horrek asaldatu ditu batzuk. Zenbait autonomiatako arduradunek mehatxu gogorrak egin dituzte: lege berria betetzeari uko egingo diotela etab. Intsumiso berriak. “Holako adierazpenak lehendakariak egin izan balitu… “entzuten nion lehengoan norbaiti.

Espainolaren irakaskuntza arriskuan omen dago lege berri honekin. Esatea ere! Beste hizkuntza batzuk bai egon daitezke arriskuan: euskara eta gainerako hizkuntza minoritarioak, esaterako.  Baina guk, arriskuak gorabehera, garbi daukagu zenbait gauza: bata, bi hizkuntza dakizkiena aberatsago dela bakarra dakiena baino, aukera gehiago dituela alegia. Eta gaztelaniaren irakaskuntza arriskuan dagoela esaten dutenek gezurra diotela. Hemen hizkuntzaren bat arriskuan badago, euskara eta honen kideak dira. Oraindik urruti  baitaude gure bi hizkuntzak parekoak izatetik.  Hau dela eta, gaztetan izan nuen irakasle batek esaten ziguna dut gogoan. Batetik, eta gaztelaniaz esango dut, gaztelaniaz esaten baitzigun, bera katalana izanik eta gu euskaldunak: “el hablante de la lengua minoritaria es el primer interesado en el conocimiento de una segunda lengua mayoritaria.” Alegia, euskaldun koxkorrak bi hizkuntzak ditu bere eta biak erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen du. Baina hizkuntza millonarioan bizi denak, umiltasun pixka batekin, bere solaskideak ere eskubidea duela aitortu behar luke. Euskaldunak harro egon behar du bere bi hizkuntzez eta biak maitatu. Euskaldunok gaztelania maite dugun adina  maiteko balute gaztelaniadun elebakarrek euskara (eta gaztelania bera ere), gauzak hobeto joango litzaizkiguke. Zenbat daukagun aurreratzeko!  Ez zaizu, entzule, pasatu inoiz, larrialdi zerbitzu batera deitu eta lehenengo elkarrizketatxoa euskaraz eginda gero, medikua edo dena delakoarekin jartzen zaituztenean, erdaraz egin behar? Badaezpada ere. Normala. Oraindik bide luzea egin behar du euskarak luzaro biziko bada. Horretan gara euskaldunok.

Ez gaitezen izan  belarri gor, aho bero eta buru arin. Probestu ditzagun aukera guztiak. Eta ez dezagun ahantzi bi hizkuntza dakizkienak bakarra dakienak baino gehiago dakiela eta aukera gehiago dituela edonon. Izan ongi. Aio!

Euskaldunaren aukerak
Euskaldunaren aukerak

Hizkuntzalaria, irakaslea eta euskaltzaina