Euskaldunak ez du erizainik behar
Euskaldunak ez du erizainik behar –
Nafar, euskaldun eta erizain bezala, “#OsasunEtxeaEtaBiokEuskaraz” dinamika txalotzekoa iruditzen zait. Nafar administrazioak gizartearen eskubideak betetzen ez dituela aldarrikatzeko, herritik sortutako ekimena ezinbestekoa da. Gobernu aldaketa izan zenetik bi urte igaro dira; euskararen normalkuntzaren bidean urrats batzuk eman ditu administrazioak, baina Nafarroan, lingua navarrorumak osasuna izateko, ofizialtasuna behar du.
Osasun etxe bateko lan taldea zabala da: administrariak, erizainak edota medikuak. Nafarroako zenbait zentrotan, dispertsio geografikoa tarteko, gizarte langile, emagin, fisioterapeuta… eta abarrak ere badaude.
Kalitatezko arreta oso bat izateko arreta horrek euskaraz behar du, euskaldunon kasuan. Baina hori posible izan dadin osasun etxeko langile guztien kohesioa behar da. Medikuak diagnostikoa eta tratamendua egingo digu, baina arreta hona mugatzen badugu, “arreta zerbitzu duinaren muina” hori dela pentsatzen badugu, akats larri bat egiten ari gara.
Arrazoia duzu,horregatik ekimenak #OsasunEtxeakEtaBiokEuskaraz hartzen du izena.Baina aldarrikapen orokorregietan gal ez gaitezen,aldarrikapen zehatzetan zentratu gara. Dinamika bat pizterakoan errazagoa da.Ta gainera, medikuak eta pediatrak arreta zerbitzu duinaren muina dira.
— OsasunEtxeanEuskaraz (@OsasEtxTa2okEus) December 3, 2017
Duela aste batzuk, “osasun etxeak eta biok” aldarriaren baitan, Arrotxapean manifestazio bat burutu zen, “Arrotxapean mediku eta pediatra euskaldunak orain!” lelopean. Galdera bat luzatu nahi nuke: Arrotxapeako osasun etxean mediku edo pediatra ez diren gainantzeko langileek euskara ez jakiteak berdin al dio? Ezetz esango nuke nik.
Euskaldun bezala, askotan, euskaraz bizitzeko eskubidea justifikatzen egon behar naiz; eta oraingoan, nire lanarekin, sentsazio bera daukat. Badirudi badaudela HIZKUNTZAK eta hizkuntzak; LANAK eta lanak.
Erizainok lan konpetentzia batzuk ditugu, eta zenbait adibide zehatz jarriko ditut, egiten dugun lana uler dadin:
- Ume euskaldun bat jolasean dabil lagunekin, eta bat-batean lurrera erori eta kopetan zauri bat egiten du. Osasun etxera joan, baloratu, eta zauria josi behar dela erabakitzen da. Erizainak artatuko du. Ez al da garrantzitsua mina duzun une horretan zure ama hizkuntzan artatua izatea?
- Ume jaio berria lehen aldiz pisatu behar da. Amak bularra ematen dio, baina mina dauka titietan, edota zauriak titiburuetan (edoskitze momentuan mina sentitzen bada arazo bat dago atzetik). Pediatriako erizaina bere ondoan eseriko da, txikiaren postura ikusi eta edoskitzea baloratzeko. Azalpenak bere ama hizkuntzan jasotzeko eskubidea ez al du ama horrek?
- Hilzorian dagoen pertsona baten etxetik (pertsonaren beharraren arabera), agian, erizain bat pasako da zenbaitetan: perfusioak kontrolatu, zauriak (baditu) zaindu, elikadura, medikazioa kontrolatzea, bide horretan laguntza emozionala ematea… Ez al da garrantzitsua azken zaintza hauek bere ama hizkuntzan jasotzea?
Nire ustetan “mediku eta pediatra euskaldunak” eskatzea aldarri mugatua da, arazoaren parte bat islatzen du soilik, eta arazoaren sustraia estali: OSASUN SISTEMA OSO bat behar dugula euskaraz.
Dena den, egindako manifestazioa eta aldarria nafar gobernuaren egoitzara eramatea eskertzekoa da. Aupa zuek!
Martxoan eta apirilean erizainak eta emaginak oposaketak ditugu, eta eskaintzen diren plazak bete eta ordezkapen zerrendak osatuko dira; pentsatuko duzuen bezala, euskararen presentzia minimoa izango da. Oposaketetan euskarari emango zaion garrantzia etorkizunean jasoko dugun arretan islatuko da.
Horregatik: “Arrotxapeako osasun etxean euskaraz orain!” Aldarriak zentzu handiagoa izango duela pentsatzen dut.
[Ama hizkuntzaz ari naizenean, Amets Arzallusek, 2013 korrika amaieran Baionan irakurritako mezuaren zentzuarekin erabili dut testuan.]
Kaixo Maitane,
“Osasun etxeak eta biok euskaraz” herri ekimeneko kidea naiz.
Jakin auzoko batzarretan, osasun etxea bere osotasunean euskalduntzearen beharraz hitz egin dugula beti. Inork ez du inoiz esan erizainik behar ez dugunik
Zein da Arrotxapeako osasun etxean euskaldunok bizi dugun errealitatea: Errotulazioa ia dena erdara hutsez dela; harreran euskaldun bat topatzen ahal dugula tarteka; erizainen artean bi direla euskaldunak, gutxienez; osagile bakar bat ere ez dela euskalduna.
Errealitate horren aurrean, mediku eta pediatra euskaldunen aldarrikapenarekin hastea erabaki genuen.
Zer gertatu da azken asteetan? Ba Nafarroako Gobernuak mediku eta pediatra berri bana kontratatu dituela eta biak ez-euskaldunak.
Testuinguru horretan kokatzen da azaroaren 25ean egin genuen manifestazioa.
Mila esker zure ekarpenagatik eta aurrerantzean izan dadila lagungarri herritarrok zein osasungintzako langileok hamaika borroka berri pizteko.
Osasun etxean euskaraz!!! (Horixe manifestazioan oihukatzen genuena)
Kaixo Nestor
Zuen twitterreko kontu ofizialean egin zen erantzun bat irakurri ondoren egin nuen idatzia, “arreta duinaren muina direla mediku eta pediatrak” zioen, eta egia esaten badizut, harrituta geratu nintzen, medikuei estatus berezia ematen zitzaiela iruditu zitzaidalako. Euskara aldarrikatzen den mugimendu honekin bat nator erabat, baina ez diot ikuspuntu horri inongo zentzurik ikusten.
Zuen osasun zentroko langile euskaldunak, dakizuen bezala, ez daude hor plaza horiek euskararen ezagutza eskatzen dutelakoa (horregatik kontratatu berri dituzten langileek ez dute menperatzen). Dauden langileak euskera jakitearen arrazoi bakarra zortea da. Ordezkatu ditzaketen langileek ere ez dute zertan hizkuntza jakin behar.
Horregatik, OSASUN ETXEAN EUSKARAZ!
Mila esker sortu duzuen mugimendi honengatik eta arazoa gizarteratzeagatik .
Zuen auzoak honako deklinabidea behar du: Arrotxapeko, Arrotxapera, Arrotxapetik…
Deklinabide egokia eta profesional euskaldun ondo alfabetatuak behar ditu Arrotxapeak, jakina.