Arrotxapeko adibidea

Arrotxapeko adibidea –

Arrotxapeko adibideaIruñeko Arrotxapea auzoko herritarrek mediku eta pediatra euskaldunak eskatu dituzte joan den larunbatean, manifestazioan. Ez da lehen ekintza izan; aurretik ere sinadura bilketa, jende katea, osasun etxearen okupazioa, etab. egin dituzte. Segur aski hori da bidea, euskararen arloan: behar duguna lortzeko mobilizatzea, modu iraunkorrean, inoren zain egon gabe. Gobernu aldaketak zenbait gauza bideratu ditu Nafarroan, baina oraindik asko dago egiteko. Ez genuke itxoin behar Gobernuak, Euskararen foru dekretuak, halako sindikatuk, herriko euskara teknikariak, ez dakit zer alderdi politikok… konpontzeke daudenak konpontzea. Gu geu mugitu, bestela jai dugu.

Osasunbideari dagokionez, hona hemen zenbat dagoen egiteko:

  • Arrotxapean bertan mediku bat eta pediatra bat kontratatu berri dituzte, euskaraz ez dakitenak.
  • Euskara eskakizunik gabeko mediku eta pediatra lanpostuak eskaini berri dituzte Goizuetan, Basaburuan, Elizondon, Etxarri Aranatzen, Sunbillan/Donezteben, Lesakan, Altsasun… (irudia, behean).
  • Euskara ez dute baloratzen merezimendu gisa Nafarroako hegoaldean, eta bai, ordea, alemana, etab. Eremu mistoan, alemanak, frantsesak eta ingelesak euskarak baino gehiago balio du.
  • Osasun txartel berria gaztelania hutsean banatzen dute eremu mistoan eta “ez-euskaldunean”, ez baldin bada berariaz ele bitan eskatzen (euskara hutsean ez dute egiten).
  • Folletoak erdara hutsean banatzen dituzte eremu mistoan eta “ez-euskaldunean”, eta hala azaltzen dute, lotsarik gabe, azalpenik eskatuz gero (irudia, behean).

Arrotxapeko adibidea

Arrotxapeko adibidea

Arrotxapeko adibidea  Arrotxapeko adibidea

4 pentsamendu “Arrotxapeko adibidea”-ri buruz

  • A! Eta Osasunbideak Oinarrizko Osasun Arreta eraberritzeko prozesua hasi berri du. Horretarako, lehenik, jendeak parte harzeko prozesuari hasiera eman dio.
    “La estrategia tiene como principal objetivo garantizar servicios de salud integrados y centrados en la persona”.
    Beharbada euskaldunok izanen dugu zeresanik:
    http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/participacion/procesos/estrategia-atencion-primaria-salud

  • Eremu mistoan eta ez euskaldunean folletoak gazteleraz bakarrik bidaltzen badituzte benetan larria iruditzen zait. Medikuen plazetan-eta arazoak izan ditzakete euskarazko profesionalak aurkitzeko (ez dakit) baina besterako ez dago inolako aitzakiarik. Gainera, euskararen dekretu berriak 20.2 artikuluan dio zerbitzu zentraletan “Herritar ororendako diren inprimakiak eta idazki ofizialak ele biz idatziko dira. ” Gauza hauek pixkanaka eta konplexurik gabe zuzentzen joanen direla espero dut.

  • Baztanen, Donezteben, Goizuetan, Basaburuan…mediku euskaldunik behar ez bada, non hasiko gara eskatzen?
    Izugarria da gero, bi urte pasa Aldaketaren aldeko Gobernuak eta horrelako gauza errezak konpondu gabe izatea. Gero ofizialtasuna aldarrikatuko dugu Nafarroa osoan.
    Zer, nola, zeri ekin behar diogu lehenik?
    Ez da zaila asmatzea. Lehena lehen printzipioa erabili behar dugu. Edo errazenetk zailenerako ikasgaia.
    Dirudienez oraindik ez dugu ikasi.

  • Ituan jo duzu, A.
    Alderdi eta eragile abertzaleak (edo) oro har, oso eroso bizi dira UPPSNren aurka. Hain da latza egoera eta horren bortitza españistandarren erasoa, ze, aski da kaixo esatea (beste ezer egin ez arren) “euskaltzale sutsu” marka eskuratzeko Nafarroan.
    Zuzen esan duzu: ofizialtasuna aldarrikatzeari ekingo diote orain ziurrenik… dagoeneko euskara ofiziala den herri eta eskualdeetan ere, euskararen aldeko egitasmo erdi seriorik erakutsi ez duten horiek berek. Ez EHBilduk, eta askoz gutxiago Geroa Baik, non baden agintaririk, Nafarroako azken herri (ttipi) euskaldunetako batean makrourbanizazio bat eraikitzea begi onez ikusten duen, euskararen erabilerari azkena ematera badator ere.