Euskal pragmatismotik erdal pragmatismora alde ederra dago

Euskal pragmatismotik erdal pragmatismora alde ederra dago –

Euskal pragmatismotik erdal pragmatismora alde ederra dago
(Uztartzen-edo).

Euskaltzale ezagun eta estimatu baten hitzak dira: “Gaztelaniaren eta euskararen arteko borrokak markatu du gure ibilbide soziolinguistikoa. Azken urteotan tira-bira horiek leundu dira, eta pragmatismoz edo, hizkuntza biak uztargarriak izan behar dutela pentsatzera igaro gara. Batzuk, gogo onez, eta beste batzuk, halabeharrez”. Ikuskera bat da. Nirea ez da hori, baina.

Borroka? Euskararen ordezkapen prozesu antolatu eta luzea jasaten dugu Euskal Herrian. Borrokarik balego, bi Estatu bortitz eta uniformizatzaileren eta hiztun komunitate txiki eta zatitu baten arteko borroka litzateke. Horri borroka barik, txikizioa esatea egokiagoa litzateke.

Pragmatismotik pragmatismora alde ederra dago
Euskal Herrian bi pragmatismo mota nagusi daude hizkuntzari dagokionez.
Euskaldunona: menperatuaren pragmatismoa da. gura edo gura barik, españolez / frantsesez berba egiten ikasi behar izan dugu guztiok. Euskaldun guztiok gara ekebidun gutxienez. Dagoeneko inon ez dago erdaraz ez dakien euskaldunik. Baina ez “zorionez”, Jaurlaritzak-eta esan ohi duten legez, derrigorrez baizik. Ez da bardin.
Erdaldun espainiar/frantsesena: ugazabaren pragmatismoa.
Badira euskara ikasteko ahalegina egin dutenak (bejondeiela), baina erdaldun gehien-gehienen pragmatismoa euskarari bizkarra emotean datza. Gehien-gehienak elebakarrak dira, edo ez-euskaldunak behintzat. EAEn euretariko askok, seme-alabei eskolan euskara ikasteko aukera eman diete, ostera. Gogo onez batzuek, badaezpada besteek.

Pragmatismoa delakoaren ondorioak agerikoak dira. Jose Mari Pastorrek ederto islatu du Donostia ez da Montreal iruzinean adibidez: “Hemengo jende askok ez du ezer jakin nahi euskararekin. Hemen inork ez du euskara ikasi behar… inori ez zaio euskara exijitzen administrazioarekin komunikatzeko… lagun batek agiri bat idazteko eskatu dit, epaiketa batean aurkezteko. Euskaraz idatzi, eta erdarazko itzulpena eskatu digute epaitegitik… Madrildar batek erdara hutsez eraman dezake agiri bat Euskal Herriko edozein epaitegitara. Euskaldun batek ezin du euskara hutsezko testua aurkeztu… Gipuzkoako hiriburuko denda, jatetxe eta abarri begiratu. Hotel gehien-gehienen webguneetan ez dago euskararen arrastorik… hiru, lau edo bost izarreko hotel horietako batean hamahiru hizkuntzatan dago webgunea. Euskararik ez. Beste batean ingelesez, alemanez, neerlanderaz, frantsesez, italieraz eta lau espainiera motatan: espainiera penintsularra, kolonbiarra, mexikarra eta argentinarra… Euskaraz ez.”

Bertokoen “pragmatismoa” da mingarriena.
Bilbainadak, Habanerak edo Mariatxiak, españolez noski, ETB1en.
Politikari abertzaleak español / frantses hutsez jardun eta berba.
Euskaldunak ETB2n edo Radio Euskadin españolez jo eta sua.
Hedabide abertzaleak españolez / frantsesez… euskaldunak erdaratan behar bezala trebatzeko?
Musikari euskaldunak, elebidun, eleanitz edo erdaldun bilakatuta…
Zenbat dira euskaraz etiketatuta dauden produktuak?…

Erdaldunen pragmatismoa, ostera, elebakarra izaten da, hara!
Frantziako / Espainiako produktu guztiak erdaraz etiketatuta daude. Euskaraz bakar bat ere ez.
Musikarietan, Fitok, Erenchunek, Laorejadevangojtarrek, elinquilinocomunistak eta abarrek, ez dute euskaraz aritzeko borondaterik agertu bada (La Basu salbuespen, agur eta ohore!).
Hedabide unionistetan euskararik ez da ageri, edo oso bazterrean ageri da, baldin eta…
ETB1en sarritan irentsi behar izaten dugu elkarrizketatu erdaldun jarduna españolez, “pragmatismo” osoz. Eta bitxia da gero, sarriago ikusi ahal izatea bilbainadak, mariatxiak edo habanerak euskarazko katean, españolezkoan baino!

Uztartu? Bai… uztarria euskaldunon lepoan jarrita
Ez dugu erdaraz afizioz ikasi, derrigorrez baino. Ez dugu erdaren artean aukeratzerik izan sikiera. Bidasoatik mendebaldera espainieraz. Ekialdera frantsesez. Indarrez.
Gure aurrekoek errepresio bortitza pairatu zuten; egun, prozedurak aldatu dira, garaiari egokitu. Inposaketa ostendu egiten da EAEn, mozorrotu, baina lotsabakoa, bortitza eta erdeinuz betea da oraindik ere Nafarroan eta mugaz bestaldeko Euskal Herrian, Eusko Oasian dena EAE balitz bezala hitz egiteko ohitura daukagun arren.
Hiztun komunitateen arteko tira-birak leundu dira, euskaldunon komunitatea elebidundu eta erdaldundu ahala. Erdaldun gutxi etorri dira gurera. Euskaldun guztiok joan gara eurenera ostera, ezinbestean, menperatuen patua. Elkarbizitza besterik da.
Menperatuak izateari uzteko eta elkarbizitzarantz abiatzeko lehen urratsa, menperatuta gaudela jakitea eta aitortzea da, ezinbestean.

Euskal pragmatismotik erdal pragmatismora alde ederra dago Euskal pragmatismotik erdal pragmatismora alde ederra dago
elebitasuna, pragmatikoa
JJ Agirre

ELAkidea eta abar.

10 pentsamendu “Euskal pragmatismotik erdal pragmatismora alde ederra dago”-ri buruz

  • Eta politika etnozida horrek hizkuntzaren galeran zerikusirik izango ez balu bezala erantzunkizun guztia hiztunen gain uzten dute “gure” politikari poltronazaleek. Euskararen aldeko ekimen guztietan hartu behar da parte, baina ez dezagun ahantz honek guztiak erro politikoa duela

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2018-10-07 22:37

    Ene ustez, errealitatearen deskribapen argia egin duzu
    Gure aldean, zuen autonomiaren maila ez dago. Orduan Euskararen ordezkapen prozezua antolatu duen Estatuak berak orai pentsatzen du irabazi duela, gureak egin duela, eta, berak du zuzenean finantziatzen bere moduko « euskararen hizkuntza politika » bat, gehiegizko kalapitarik egin gabe frantsesten segi gaitezen bururaino, eta, nazioarteko entitate batek ez diezaion nehoiz lepora etnozidiorik.
    Bizi garen giro ideologiko lehergarrian, ez da sekulan ahantzi behar euskaldun bat badela 400 frantziarrentzat, urtero frantses gero ta gehiago sartzen dela gure herrian, orduan « menperatuta gaudela jakitea eta aitortzea »delakoaren sendimendua gutiengo gero ta tipiago baten kontzientzian gordeko da, egunen batean erabat desagertzeraino.
    Nun ez…

  • Kaixo, Beñat
    EAEn autonomia maila askoz handiagoa daukagu, bai, baina ez diogu behar bezalako zukurik ateratzen. Adibide xume bezain argigarri bat emango dizut:
    Eusko Jaurlaritzan, Gasteizko egoitzan, Lakuan, 2.000 langile baino gehiagorentzako zerbitzu mediku osoa erdaldun elebakarra goitik behera eta behetik gora. 2018an.
    Nire ustez, Jaurlaritzaren ardura urriaren erakusle, baina dena esan behar bada, bertan lan egiten dugun (ehunka) langile euskaltzaleen erantzunik ez da izan ia. Bakar batek edo bestek baizik ez dute kexarik jarri nik dakidala, eta erantzun antolaturik bat ere ez da izan.
    Uste dut gure egoera orokorraren irudi bikaina dela.
    Bestalde, Nafarroarekiko eta “Iparraldearekiko” harreman instituzionala oso azalekoa da. Argazki asko eta mami gutxitxo. Hau beste egun baterako gaia.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2018-10-08 22:26

    Emaiten diguzun adibide konkretu hau da ahulezia marka bat ezin nabariagoa.
    Hizkuntza politika definitzen eta finantziatzen duen Jaurlaritzak ez badu berak etsenplua emaiten eta esforzuak exigitzen bere egoitzan bertan, nabarmen da ez duela lortuko besteen gandik berak egiten ez duena.
    Zuku gehiago atera diozu bai, bainan, hau ikusita berrogoi urteren buruan normala litzateke pentsatzea autonomia estatutu honek ez duela gehiago aski zuku. Horrentzat ez litzateke beste maila batera igo behar?
    Begira, ezin da sobera esperorik gorde behar zuen administrazio autonomikoek duten euskara salbatzeko kapazitateetan.
    Zer pentsa orduan euskararen etorkizunaz Iparraldean nun Estatu etnozido batek berak digun zuzenean finantziatzen berarekin batera definituriko gure hizkuntza politika?
    Ez bagara goragoko maila batera igotzen denak batera, Iparraldean behintzat, euskarak etorkizunik ez du .
    Balizko mirakulu hori gertatu artean pasibo ez egoiteko, aztertu beharko litzateke kibutz bezalako estruktura pribatuak nun euskaraz bizi eta lan egin daitekeen.

  • Ahulezia bainoago, ekiteko borondate nahikorik eza. Bestela esanda, euskaltzaleak gutxiengoa dira EAJn, eta bakan batzuk baino ez PsoEn. Jaurlaritza bi alderdi horien esku egonda, emaitza ezin ona izan.
    Bestalde, EAEko hizkuntz politika orokorra, Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak diseinatzen du, baina ez dauka aginpiderik. Bere jarraibideak aholkuak dira aginduak baino gehiago. Hasteko, Jaurlaritzaren aginte lerroetatik hirugarrenean dagoelako, Lehendakaritzaren eta sail guztien azpitik (Kultura sailaren MENPE), eta aginte eskala horretan dagoenez, sailen azpian, ez daukalako aginpiderik sailek eta are gutxiago Jaurlaritzatik kanpoko erakunde publikoek, zer egin behar duten zehazteko.
    Hortaz, sail bakoitzeko, zuzendaritza bakoitzeko eta bestelako erakunde bakoitzeko arduradunek daukate azken hitza, euren ardurapeko erakundeetan ezarri beharreko hizkuntz politika zehazteko garaian.
    Hortik, sailetik sailera eta erakundetik erakundera ematen diren alde handiak, eta hutsune ikaragarriak.

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2018-10-09 18:20

    Azken azalpen hauiekin ondo ikusten da makina politikoaren barruko funtzionamendua. Nekez imagina daiteke soluzio bat alde hortatik etor litekeela euskararen estagnazioa inarrosteko..

  • Xabier Etxaniz EHUko irakasleak berrian:
    “Gure ikasleek ez dute erreferentziazko literatura irakurri, ezagutu, nahiz eta ikasketa guztiak euskaraz egin. Ez dago literatura kanonik. Eta okerrena, duela gutxi Unibertsitatean eginiko ikerketa txiki batean ikusita, ez dagoela irakurtzen den horren gaineko kontrolik, ez jarraipenik. Iaz, Euskal Herriko hainbat ikastegitan 4. Mailako ikasleek irakurtzen dutena aztertuta, zera ikusi genuen, hainbat zentrotan ez dakitela beren ikasleek irakurtzen duten ala ez; beste askotan ikasleak direla beren irakurketak aukeratzen dituztenak, eta bakar batzuetan jarraitzen direla irakasleek ezarritako irizpideen araberako irakurketak. Azken horiek, gainera, ez zetozen bat hainbat adituri eskatutako erreferentziazko liburuen zerrendarekin.”
    Horra Hezkuntzan euskal literaturarekin zer ari den gertatzen.
    Uste duzue Hezkuntza sailburuak, Uriarte andreak, horren gaineko ideia zorririk daukanik?
    Uste duzue bost axola zaionik?
    Eta hori hezkuntzan…

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2018-10-11 19:40

    Jonek ezagut araziriko Etxanizen pasartea irakurri eta, berehala nabaritzen zaigu Euskal herri” ideal” batean ( edo hobeki erranda, “normal” batean) gure ikasleek erreferentziazko euskal idazleak irakurri eta estudiatu beharko lituzketela, nahi badugu egunen batean berez kapaz izan daitezen gure literatura gozatzeko.
    Historia serio bat ere ikasi behar lukete ez eta gure menperatzaileen ikuspuntutik idatzitakoa.
    Hausnarketa filosofikoan ere eskaraz behar lukete hasi trebatzen beren zentzu kritikoa xorroxteko.
    Honi orori ez badira eskolan gaztetik ohartaraziak, ezin da erran euskal heziketarik ukan dutela, eta euskara bigarren mailako hizkuntza bat geratuko da haientzat:
    Gure literatura ez dute gozatuko gure litertura besteena baizik.
    Historia trafikatutako batek kondizionatuak biziko dira.
    Zerbait piska bat sofistifikatua pentsatu behar orduko erdaraz pentsatu dute.
    Eukal giroan bizi direnek bederen balore sinboliko bat edo etnikoa emanen diote euskarari. Ezer baino hobeki da bainan ez da batere nahikoa.
    Besteek, kasu hoberenean, ez ez diote inportantziarik emanen eta berdin ahantziko dute.Txarrenean denbora galdurik betirako nazkatuak geldituko dira…
    Euskaraz ikastea lehen urrats oso inportantea zen bainan orai edukia ere estrategikoa da.

  • Hemen, kezkagarria den gauza bakarra da nolatan batzuek pentsa dezaketen “Jaurlaritza”, “alderdi”, sindikatu, unibertsitate eta abar hauek gurekin zerikusirik dutenik. Zerikusirik badute, gure aurkako gerra da zerikusi bakarra. Gure aurka fundaturiko, diseinaturiko eta antolaturiko erakundeak dira.

  • Bertokoen “pragmatismoa” da mingarriena.

    Bai, horrela da.
    Une honetan bertan, hilak 13, 21:00tik 22:30ak arte, ETB1 omen den horretan programa berezia euskal pragmatismoaren eredutzat har litekeena: Habanerak Calellan.
    Bide onetik goaz, zalantzarik gabe!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude