Euskal irainak denon ahotan

Euskal irainak denon ahotan –

Lagunarteko euskara denon ahotan dagoen gaia da. Euskara batu formala egina dago, bere korpusa aski osatua… baina lagunartean erabiltzen dugun hizkera informalaren aldetik hutsune handia sumatzen da, hiri handi erdaldunduetan, gehienbat. Aipaturiko guneetan gure gazteek ez dakite eguneroko bizimoduan ikastolan edo eskolan ikasitako euskara batu formaletik ateratzen. Berdin-berdin hitz egiten dute irakasleekin, euren ikaskideekin, haurrekin, jende helduarekin… eta baita zakurrekin ere, hau da, beti erregistro bera erabiltzen dute. Gehienetan oso euskara motela egiten dute, piperrik gabea, gatzik gabea… eta hori dela eta, graziaren bat egin nahi dutenean, askotan, ia beti, esango nuke nik, erdarara jotzen dute, edota bestela, erdaratik zuzen-zuzenean hartutako kalkoak erabiltzen dituzte. Euskara bizi-bizirik dagoen eskualdeetan egoera ez da bera, euskal hiztunek erregistro eta baliabide ugari ezagutzen eta erabiltzen dituztelakoz.

Lagunarteko euskara dela eta, gauza aunitz esan dira eta bide ugari jorratu, askotan itsu-itsuan eta espainola eta frantsesaren eredutik abiatuta. Adibidez, oso zabalduta egon da gure artean, euskarak argot baten gabezia zuela azaltzen zuen topikoa. Eta egia da, euskaldunok lexikoaren arloan, gauzak izendatzean, hutsunea daukagula alde horretatik, baina horrek ez du esan nahi argotik ez daukagunik, gure argota, neurri handi batean, aditzean baitago, hitanozko formetan, hain zuzen ere. Eta beste hizkuntzetan lexikoaren bidez adierazten duten argot hori, euskaldunok hitanoaren bitartez egiten dugu. Gaur, euskara batuak badu bere hitanoa, eta horrez gain, euskalkiek eta herrietako hizkerek ere badute euren hitano berezia. Eta horixe da, nire irudikoz, gazteekin landu beharra daukaguna, argot-hizkera zabaldu beharra daukagula esaten dugunean, bai ahozko erregistroan eta bai gure literatura idatzian ere. Bide emankorra izan daitekeelakoan nago.

Dena den, argotaren barruan, eta hitanoaz gain, baditugu bestelako arloak, eta horietako bat irainena da. Hauek biziki ugariak dira, ederrak, kolore handikoak, eta euskaldunon ahotan gaur egun arte bizirik iraun dutenak. Toki gehiago beharko lukete gure eskoletan eta gure material didaktikoetan, ainitzetan benetako perla ederrak baitira. Hona hemen, artikulutxo honetan, nik zazpi Euskal Herrietan jasotako irain zenbait, baita beraiekin egin dudan hala-moduzko sailkapena ere:

Euskal irainak denon ahotan

1.- Klasikoak, hau da, betidanik oso entzute handikoak izan direnak eta beste multzoetan sar ez daitezkeenak: babo, alen, ergel, kirten, lerdo, lelo, ziztrin, alproja…

2.- Sexua, soilik, aipatzen dutenak: alu, zakil, potroso, zakilote, buztantxo, zakiltxo, zakilpistola, pittitto, pìtilin, pitilintxo, pito, txilibito, koxkabilo, potto, poto, potxo, pottorro, potxorro, zupo, zupote…

3.- Animaliak eta sexua nahasten dituztenak: potrozorri, zerripotro, zerripotroso, zerribuztan, astobuztan, astazakil, astapotro, astotranka, urdezakilhandi, katabuztan…

4.- Animaliak, soilik, aipatzen dutenak: asto, astama, zerri, zerrama,  urde, urdanga, mando, zakur, putre, bixigu, mozolo, azeri, otso, pizti, zapaburu, azpisuge, sugegorri, sugegaizto, zomorro, zorritxo, oilo, oilaloka, oilobusti, oilar, arrain, , zaldiero, zaldibero, txarrizikin, animaliapuska, aberepuska, aketz, apo, labezomorro, makailu, lapazorri, saguxahar, gautxori…

5.- Animalien gorputz-atal bat aipatzen dutenak: xoxoburu, txoriburu, katabegi, oilarbuztan, oilarmoko, sugemihi, txoribuztan…

6.- Landareen berri ematen digutenak: arbilore, artaburu, azaburu, azaosto, babalore, lilitxo, bidelili, astakardo, mazusta, marrubigazte, pikupatsa, tipulaburu…

7.- Kolorea aipatzen dutenak: zuri, beltz, gorri, gogourdin,  hezurbeltz, mihizuri, sugegorri, atorzuri, txapelzuri, hankagorri, kaxkagorri…

8.- Adjektibo hutsak direnak: zikin, baldar, zarpail, faltsu, trakets, maltzur, gaizto, zital, mozkorti, mozkor, ihar, potolo, gizen, gezurti, zaztar, zatar, motel, hitzontzi, harro, harroputz, geldo, kakati…

9.- Izenak eta adjektiboak lotzen dituztenak: muturzikin, burugor, buruhaundi, kaxkamotz, kaxkazuri, sudurluze, ahobeltz, ahobero, sudurmotz, hankaluze, ipurdibero, mingainluze, lepozabal, jainkottiki, hankaoker, begitrixte…

10.- Aurrean, trinkotasuna emateko, mari- aurrizkia daramatenak: mariapain, marilerdako, maritxoro, maribideetako, maribihurri, marimatraka, maribandera, marisarjento, marimutil, marineska, marigizon, marigaizto, maripuzker, mariputz, marisaltsa, marimaisu, marimaistra, marisukalde, marilapiko, mariergel, marizirika, marilerdo, marikaka, marikontra, marifardel, maritturrutta, marifraxku, marikankailu, marisorgin, marimoñoña, marimarmita, marizakar, maripittitto, marimarkesa, maripottorro, marikalpar, marizomorro…

11.- Aurrean, trinkotasuna azaltzeko, beti- aurrizkia daramatenak: betigaizto, betizital, betini, betikontra, betilerdo, betikaka, betizikin, betizakar, betizarpail, betitxoro…

12.- Aurrean, kategoria ematen ez duela adierazteko, sasi- aurrizkia daramatenak: sasimaistra, sasimaisu, sasigizon, sasiapaiz, sasimutil, sasineska…

13.- Akats fisikoen berri ematen dutenak: besomotz, entzungor, begibakar, antipar, ipurdifrontoi, ipurdipandero, bularmarmita, mingainluze, begihaundi, hortzaundi, hankamehe…

14.- Irain politikoak: frantximant, frantseskume, piperpotero, hedezuri, txapeloker, sardinzahar, mendizorri, eltzetxo, sudurtalo, trenak ekarritako, hezurbeltz…

15.- Bestelakoak, hau da, aurreko multzoetan sartzen ez direnak: segapoto, arrastelu, gizajopastel, kaxkoi, gizontxaperu, txorimalo, putakume, erretxin, kankailu, kaskailu, bilaba, atorrante…


Irain zerrenda hau, Euskal Herriko ikasle guztiei eskaintzen diet, iraindu nahi dutenean, euskaraz egin dezaten, eta ez erdaraz edota erdal kalkoak erabiliz. Euskara ez da beste hizkuntzak baino gehiago, baina ez guttiago ere. Kode osoa denez, denetik dauka, eta gainera gure-gurea da.

Euskal irainak denon ahotan
Euskal irainak denon ahotan  Euskal irainak denon ahotan
Euskal irainak denon ahotan

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

8 pentsamendu “Euskal irainak denon ahotan”-ri buruz

  • Azken portu 2019-02-24 13:12

    Eskerrik asko artikuluarengatik. Baina nago batzuk beren gerra segituko dutela “matxirulo” bezalako hitz espainol inportatuak hobesten…

  • Tamalez ikastoletan ez digute hitanoa irakatsi eta erregistroa aldatzeko aukerarik ez dugu. Bestalde, zerrenda handitzekotan, nik txahala bota (botaka egin) edo amua ezpainetan (haserre aurpegia) bezalako esaerak gehituko nituzke.

  • Irainic erran gabe ere badago gazte içaiteric. Gazte eta çahar içaiteric.

  • “Euskara batu formala egina dago, bere korpusa aski osatua… baina lagunartean erabiltzen dugun hizkera informalaren aldetik hutsune handia sumatzen da”, diozu hasieran. Baina lagunarteko euskara, hizkera informala eta abar ezin dira garatu eta indartu euskara formaletik aparte. LOTUTA DAUDE. Eta euskara formala egina dago, bai, baina EZ DA IA-IA INON ERE ENTZUTEN (eskolatik, Euskadi Irratitik eta ETBko saio gutxi batzuetatik kanpo, IA-IA INON ERE EZ). Irain horiek guztiak, corpus aberats hori, eta hitanoa bera ere, ondo daude, bai, baina ezin dira zabaldu oholtza batetik edo liburu batetik, ezta txosnaz txosna predikatzen edo guaiarena egiten ere. Hizkera informal hori zabaltzeko, AHOZKO EUSKARA FORMALA ENTZUTEA beharrezkoa dela iruditzen zait niri, ikus-entzunezkoen bidez. Ikus-entzunezko sorkuntza horretarako nahikoa ez denez, bikoizketa behar da, edo gutxienez azpitituluak (baina azpitituluek, liburuek bezala, nekez dute esapideen eta adierapideen zabalkunderako indarrik). Beraz, bikoizketarik gabe, nire ustez, jai dago, ezinezkoa da hitz horiek benetako zabalkunde bat izatea, dakizkiten gutxien harrotasunerako aitzakia izatetik ez dira pasatuko. Nik behintzat horrela ikusten dut. Ikus-entzunezko hizkera formalak, AHOZKO HIZKERA FORMALAK, irain horiek guztiak, hitanoa eta abar erabiltzeko eta zabaltzeko aukera ematen du, eta oinarri bikaina jartzen du gero, horien bidez, hizkera hori “informalizatzeko”.

  • “txahala bota” dela eta: Nik uste dut, berez eta jatorriz, “txahalarena egin” dela “botaka egin”-en sinonimoa (“idiarena egin” edo “idiarena jo”, “belearena egin” eta abarren antzera); eta ez “txahala bota”. Egia da azken hori ari dela zabaltzen, baina niri bestea askoz aberatsagoa iruditzen zait.

  • “PERTZA halakoa, puta hori” irain hau Joxan Elosegik itzulitako Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak liburuan irakurri dut eta bilatzen ari naiz beste adibiderik, baina ez dut ikusten. Gizonak haurdun dagoen emazteari esaten dio norena ote den umea zalantzan jarriz

  • Eskerrik asko artikuluagatik.Oso interesgarria eta oso hezitzailea iruditu zait.
    Nik talde horretan sartuta nago eta iruditzen zait egia dela esaten duzuna.Daukagun hizkera pobrea da ,baliabide eta erregistro asko ez ditugulako ezagutzen.

  • Mikel Haranburu 2022-11-02 20:40

    Erregistroak ‘a posteriori’ sortzen dira, ordea, maritxirdil hori! (adar jotze da, baina sail horretan ez da ageri…). Euskaraz dagigun, Euskaraz mintza gaitezen, eta erabiltzearen erabiltzeaz moldeak sortuko ditugu.
    Eta ez da zertan joan irainetara edo hitz lodietara, zikinetara. Gure talde batean, “joanen gara” eta “joanen zarete” formen artean, eta keinu umorezko batean, “joanen garete” sortu genuen. Gero, garete horrek duen Gaztelaniazko hitzaren oihartzunaere baliatu genuen… Ez da Euskaltzaindiak ez Josu Lavinek ontzat emateko modukoa, jakina, baina bere momentuan, lagun arteko solaserako balio zuen.
    Egia esatera, hizkuntza formaletik aitzina, hurbileko jendearekin, hamaika kontu, esapide eta hitz sotr dezakegu…, guztiok ere! Ez da kontua erregistroak ezagutzea ala ez, sortzea baizik. Kaskazaharra! esan dezakegu, usainari ihes eginez edo…
    Jolastea da, irudimena mihiaren puntan eman eta dantzatu. Ikastoletan, kasu, hizkuntza formala ikasten da, ados; ez hika eta ez berorika, baina ikasleen artean goitizenak badabiltza, franko. Haranbururi azkenean “Burutu” esango diote, halako irakasleari “Josema Bin Laden”, eta abar. Beraz, beste haurren aurrean bada aukerarik hizkuntzaren beste aurpegiak aurkitzeko.
    Beste kontu bat litzateke solas-molas ari garen hizkera goi mailara pasatu nahi izatea, ez baita esaterik, esate baterako, “fisika nuklearraren pulamentuak”… Ez da fundamentuzko esapidea.