Etxean naiz

Etxean naiz –

1.-Etxean naiz?

Gaur goizean Laboral Kutxara joan naiz. Mostradorean neskatila beltxaran bat. Hego Amerikakoa dirudi.

-Egunon! Transferentzia bat egin nahi dut…

-En español –txorrotx xamar-

Orduan espainolez mintzatu natzaio eta eginbeharrak egin eta firmatzeko jarri dit tableta.

-Ongi, ederki. -Sabes, ongi significa bien y ederki muy bien.

Irri murritz bat egin du.

-Bueno, hoy ya has aprendido dos palabras. Ya te veo el año que viene aprendiendo en euskara (Burua jokatuko nuke bai eta ez zer diren ere ez dakiela)
-No creo, termino los estudios y me voy a mi pais.

-¿Cuál es tu pais?

-Colombia.

-Hermoso pais.

Ez diot, deus gehitu nahi izan. Errespetua erakutsi eta ongi gelditzea erabaki dut, nahiz pentsamendu asko etorri burura, adibidez, 100 gerrillari ohi hil dituztela azken bolada honetan gudua utzi ondoren.

.

2.-Hau euskaraz kontatuko dut nahiz erdaraz izan kontu guzia.

Atsaldean, tenperaturak behera egin duenean, zortziak aldera, paseatzera atera naiz. Espaloian hamar bat metrotara hiru gazte sumatu ditut; ez dut gehiegi erreparatu nor diren.

Hala, momentu batean, eskuinekoak zerbait bota du lurrera. Plastikozko botilatxo bat da.
Nik pausua enantzatu eta haien parean jarri naizenean esan diet:

-Zergatik bota duzu lurrera?

-Qué?

Ez dakit desafio puntu batekin edo, nik oso apal esan baitiot, ez duen ongi entzun.

-Ea zergatik bota duzun botila lurrera.

Eta gelditu gabe aurrera darrait.

Atzetik bi pausuz erdietsi nau, baina ez botila bota duenak, gazteenak baizik, eta nire parean jarriz bota dit, amorrazio doinuarekin:

-Eta Espainian zergatik edaten dute emakumeak eta karrika erdian larrutan aritzen dira haurren aurrean?

Zehatz izateko, “Follar” hitza erabili du.

-Ba, oso gaizki.

Baina ez zuen aski eta berriz ere galdera bera egin dit eta nik erantzun bera eman diot.

Eta pentsatu ere pentsatu dut, nire saihetsa 20 zentimetrotara dudala bere gorputzetik. Jende asko zebilen karrikan. Lasai! esan diot nire buruari.

Magrebiarrak ziren hiruak, nik hori dut uste, eta erdaraz bikain dakiena mintzatu dena.

.

3.-Eroskin erosketak egiten

Etxean naizPaseoa ondoren, betiko dendara joan naiz erosketa batzuk egitera. Ateratzekoan, kaxan, “galiziarra” tokatu zait. Badaramatza 8-10 hilabete bertan lanean ari dela, Galiziatik Nafarroara lanera iaz etorri ondoren. Gehienetan bera tokatzen zait.

Nik beti, bai, ez, agur, gero arte, euskaraz egiten diot. Eta erakutsi ere erakutsi izan diot behin baino gehiagotan hitz horien esanahia.

Gaur:

-Quieres bolsa?

-Ez, ez.

Gauzak hartu eta,

-Agur.

Berak, adios.

OHARRA: Bidenabar esan galiziarraren jarrera ez dela hemengoengandik bereizten ahal. Iruñean horrela jokatzen du bertako jendeak ere. Iruindarra izan, galiziarra izan, ni naiz hemen arrotza. Zain guziak ditut hemengoak, baina arratza ni naiz.

Etxean naiz