[#Podcastfilia] Song exploder, abestiak lehertzen dituen podcasta

[Podcastfilia] Song exploder, abestiak lehertzen dituen podcasta –

Abesti on bat aizto beroa gurinean bezala sartu ohi da bihotzaren erdira. Eta uzten duen zauria nekez sendatuko da, itxita ere, hor geratuko zaizu doinu itsaskor horien orbaina, ezabaezina. Baina nola sortzen da ahanztura desafiatzen duen abesti hori? Edo, zehatzago izatera, nondik? Non du sorburua, ze euforia edo depresiotan? Eta nolakoa da akordez eta melodiaz gorpuzteko egin duen bidea? Galdera hauek erantzun nahi ditu Song Exploder podcastak. Hortik zehar topatuko duzun podcast ederrenetakoa da zalantza izpirik gabe. Musikariak, bakarlariak, bandako liderrak abestia lehertuko dizu, disekzionatu zirujau finenak nola, eta piezaz pieza berriz ere eraiki osorik berriz, hasierako sorburutik bertatik.

[Podcastfilia] Song exploder, abestiak lehertzen dituen podcasta

Agian horixe da formatu honen indargune nabarmena: kapitulu bakoitzean abeslari batek, lehen pertsonan, azalduko dizula zer ahapaldi etorri zitzaion gogora lehenbizikotz. Zein izan zen lehen txispa, artistaren sormenaren sua piztu zuena. Eta nola grabatu zuen mugikorrarekin, gartxoa bizirik mantendu nahi duenaren arretaz, gero bozeto bat sortu eta apurka apurka zertzelada eta ñabardurak gehitzeko. Gartxoa su egiteko, eta gero sute. Sormenaren bideak arakatzen ditu saioak, gutxitan egin den moduan, motibazio, zein, unean uneko gertaerei erreparatuz. Musika inoiz irratian landu ez den moduan lantzen du podcast honek, munduko musikari entzutetsu askoren konplizitatea lagun, ideia bikain bezain zail hau behar bezala gauzatzeko.

Norah Jones, Björk, Wilco, Bonobo, Chet Faker, Iggy Pop, Neko Case… eta beste hamaika musikarik parte hartu dute orain arte argitaratutako kapituluetan. Pieza gogoangarriak utziaz. Gozagarria da musikarion zaleentzat, abestiok  hobeto ezagutu eta berauen tripetan buruz sartzeko. Halaber, aukera bikaina izan daiteke talde edo proiektu berriak ezagutzeko. Ala?

.[Podcastfilia] Song exploder, abestiak lehertzen dituen podcasta

Izenburua: ‘Song Exploder‘

Podcast sarea: Radiotopia (PXR)

Ekoizlea: Hrishikesh Hirway, Christian Koons

Generoa: Musika

Sinopsia: Kapituluro abesti bat disekzionatuko dizu musikari batek lehen pertsonan, hasieratik bertatik, lehen ideiatik, nola sortu, konposatu eta grabatu zuen azaltzeko.

Entzun:

Spotify   |   Apple Podcast

 

[Podcastfilia] Song exploder, abestiak lehertzen dituen podcasta

Ekaitza bainuontzi batean

ZuZeu Podcasteko esataria eta erredakzioko kidea. Bipareta saioa zuzentzen dut, entzungai zure audio plataforma kuttunean.