Errioxako euskaldun zaharrak
Errioxako euskaldun zaharrak –
Ttun-Ttun Brigade taldekoek abesti elegante bat kantatzen dute txandala soinean, azpimarratuz “Zazpiak Bat” leloa ez dela zuzena, lurralde nafar bat ari baikara uzten etxetik at: Zortzigarren Euskal Probintzia.
Bada lur bat gure herriari, ezpataz lapurtua
Antzina lurralde baskoa, berreskuratu beharrekoa
Zazpiak bat, falazia, zortziak bat gure egia
Errioxa, zortzigarren euskal probintzia
Ez al da zuzena esatea Errioxarekin harreman historiko estuak dauzkagula? Bizilagunak baino, garai batean etxe berean geundela? Errioxarrak euskaraz mintzatu zirela mendeetan zehar? Ba al daukazu barrenik esateko Luis de la Fuente, Santi Ezkerro, David Lopez edo Fernando Llorente ez direla hemengoak? Atzerritarrak Athleticen? Ba hori.
Euskarak badu presentzia Errioxan, maiz pentsatu duguna ohi duguna baino gehiago. Bertako zenbait ume ari dira euskara ikasten, neurri handi batean Bastidako Ikastolari esker. Ikastetxeko umeen erdia errioxarrak dira, laurogei bat, eta herri ezberdinetatik datoz: Haro, San Vicente de la Sonsierra, Anguciana, Briñas, Briones, Cihuri… Miranda de Ebroko (Burgos) zenbait ikasle ere Bastidan daude matrikulatuta.
Parean tokatutako ikasleek diote gustura dabiltzala ikastolan, beste herri batzuetako ume gehiago ezagutzeko aukera daukatelako, baita bi hizkuntzetan maneiatzen ikasteko parada ere. Errioxar hauek denetik entzun behar izan dute haien inguruan, baina bereziki kuriositatea omen da gailentzen dena. Askok galdetzen diete ea zergatik doazen beste herri batera, beste lurralde batera (nahiz eta gertu egon), haien esparruan eskolak izanda. Egunero Bastidarainoko bidea joan eta etorri egiten duten ume errioxarrak oso goiz hasi behar dira galdera horri erantzuten, eta askok garbi daukate: haien ikastola gustatzen zaie, eta euskaraz ikastea ere bai.
Euskaraz ia ez dute bizirik egiten beren herrietan, bistan dena, eta batzuei hizkuntzekin daukaten harremana galdetzean, erantzuna honakoa izan ohi da: “gusturago euskaraz, errazago erdaraz”.
Gazteek Ikastolan jarraitu dezakete batxilerreko ikasketak amaitu arte, Lapuebla de Labarcako Ikastolarekin egindako akordio bati esker.
Ikastolara joatea ez da umeen erabakia izaten. Zein da ume hauen gurasoen profila, eta zerk bultzatu ditu erabaki hori hartzera? Batetik, Errioxan bizi diren bikote euskaldunak daude (edo gurasoetako bat euskalduna dena), eta ez dute beren seme-alabek hizkuntza galtzea nahi. Baina bada beste kolektibo bat, handiagoa, guraso errioxarrez osatutakoa. Azken hauek badakite beren umeak Bastidako Ikastolara bidaliz gero balio erantsi bat jasoko dutela, bizitzari begira aparteko tresna bat, beren lan aukerak asko zabaldu ditzakeen hizkuntza bat. Argudio honetaz gaindi, ikastolek eskaintzen duten hezkuntza eredua oso erakargarria da askorentzat.
Bastidako Ikastolak, adibidez, ikastaroak eskaintzen dizkie gurasoei. Proiektu linguistikoaren inguruko lantaldeak zenbait bitarteko jartzen ditu gurasoen eskura, beraien seme-alabei etxean langundu ahal izateko.
Horrelako kasuak badaude, baina esango nuke edo behintzat nik ikusi dut ikastoletara joaten diren errioxar gehienak guraso euskaldunak edo “baskoak” dituztela. Dena den, badakit euskal munduarekin lotura ez duten Logroñoko gusaroen ume batzuk Oiongo ikastolara joaten direla.
Baina tira, horrek ez du esan nahi Errioxan euskal munduarekiko pasotismoa edo oldarkeria nagusia ez denik, Azken finean, Errioxa oso peperoa da.
Ai Beñat ! Ez dakit ba horrek diren arrazoi bakarrak ikastolan hainbeste errioxar matrikulatzeko. Nahiago nuke hala balitz. Hona nere herrira ezkonduta dagoen eta senitarteko bihurtuak esan zidana gure herriko hezkuntza-gatazka baten zurrunbiloan ginela: “nere Logroñoko kuadrilako lagunetako baterek ere ez du matrikulatu umerik eskola publikoetan. Den denak itunpekoetan sartu dituzte”.
Ez ote dira etorkinekiko aldentze nahia eta eskola publikoaren desegite sistematikoa horrelako fenomenoa ulertzeko arrazaoiak baita ere?
Logroñon bertan badaude eskola kontzertatuak eta pribatuak, eta tira, EHrekin harremana ez duten gurasoen haurrak oso gutxi dira ikastoletan. Bastidara doazen errioxarrak ziurrenik nolabaiteko harremana izango dute Euskal Herriarekin, gurasoak Bastidakoak direlako edo Errioxan lan egiten ari diren guraso euskaldunen semeak direlako.
Halakoak ziren nik ezagututakoak behintzat.