Maitasuna, gaizki bukatzen den gauza eder hori

Maitasuna, gaizki bukatzen den gauza eder hori –

Duela bi urteko ikerketa bat ezagutu dugu Zientzia Kaierari esker, maitasun erromantikoa eta nerabeak uztartzen dituena. Zerbait aldatu ote da ordutik hona?

Gaizki amaitzen den gauza ederra ote da maitasuna? Amodioa, sexua eta osasuna. Gipuzkoako nerabe eta gazteek maitasunari buruz dituzten ideiak ikerketaren emaitzak aurkeztu zituzten otsailean Gipuzkoako Medicus Mundik, UPV/EHUk eta Farapi Koop. Elkarteak. Ikerketa elkarlanean egin dute eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu dute.

Azterketaren helburu nagusia Gipuzkoan 13 urtetik 18 urtera arteko nerabeek eta gazteek maitasun erromantikoaren inguruan dituzten ideiak aztertzea izan da. Honekin maitasunari eta sexuari buruz sortzen diren ikuspegiek jokabideetan eta harreman afektibo eta sexualak ezartzeko moduan eragina duten aztertu nahi izan da ere. Laburbilduz, gazteen sexu-osasunerako eta ugalketarako kaltegarriak izan daitezkeen eta indarkerian amai dezaketen portaerak eta jarrerak detektatzea izan da talde ikertzailearen helburua.

Ikerketan ikusi da maitasunaren ideia tradizionalen gainean zalantza gehiago dagoela dagoeneko harremanak izan dituzten 16 urtetik 18 urtera arteko gazteen artean, eta neurri handiagoan nesken artean mutilen artean baino. Badirudi, baita ere, bere maitasun idearioa eratzeko orduan garrantzi handia duela hezkuntzan eta kontzientziazioan egin duten ibilbideak. Horrez gain, ikusi da baita ere, garrantzi berezia dutela errealitatea, gizartea eta horren arauak egituratzeko hezkuntza alorrean giltzarri izan diren egintzak edo irudiak, horiek bere gain hartu ez dituztelako eta aldaketa-aukerak zeudelako.

Premisa horietatik abiatuz, hainbat ideia orokor zehaztu ahal izan dira eta talde ikertzaileak zortzi ondoriotan laburbildu ditu:

  • Lehenengo ikusi dena da, bai nerabeek eta bai gazteek bikotea ezartzen dutela bizitzeko egoera ideal moduan. Alde horretatik, eta maitasunaren mito tradizionalak nolabait eguneratzen ari badira ere, oraindik pentsatzen da beste pertsona bat behar-beharrezkoa dela osotasuna lortzeko. Bikoterik gabeko bizitza aukeratzea porrot moduan hartzen da eta muturreko bakardadearen eta zoramenaren arketipoekin lotzen da, bereziki neskei dagokienean.
  • Nolanahi ere, eta nahiko modu berdinean, maitasunak haren barruan daraman gauza intrintseko bat balitz bezala onartzen da gatazka, baita indarkeriazkoa ere. Eta zenbait kasutan, gainera, pentsatzen dugu “haserrerik ez badago, ez dagoela maitasunik”. Ikertzaileen iritziz, hor agertzen dira aurre egin beharreko jeloskortasunak eta kontrolatzeko jarrerak.
  • Ia adiera bakarrekoa den eredua topatzeaz gain, ikusi da baita ere, eguneroko bizitzan bikotearen presentzia gero eta nabarmenagoa dela, eta hori Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei (IKT) esker lortu da, egun garrantzi berezia dutelako nerabeen eta gazteen errealitatean. Teknologiaren eraginez, ez dugu bikotearekin inolako loturarik gabeko gunerik eta unerik, eta puntu horretan, badirudi neskek gehiago onartzen dutela bere bikotearentzat beti prest egon behar izate hori, batez ere Whatsapp bidez.
  • Alde horretatik, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko funtsezko balioak nahiko onartuta baditugu ere, nerabeekin eta gazteekin egin diren elkarrizketetan ikusi da bereizketa egiten dela “izan beharko lukeenaren” eta “benetan gertatzen denaren” artean. Horrela da hau zenbait desberdintasun legitimatzen jarraitzen dugulako, maitasunean neskek eta mutilek duten jarrera desberdin ikusten dugulako edo baliozkotzat jotzen dugun maitasun ereduaren araudia hain itxia delako.
  • Ia eredu aniztasunik ez izatea benetan deigarria izan da azterketa honetan homosexualitatearen eta bisexualitatearen kasuan, gaitzespen aktiboaren jarrera esplizituetatik hasita egoera “teorikoki” onartzeraino topatu diren aldean. Gaitzespen hori handiago izan da adinez gazteagoak diren taldeen artean; eta homosexualitatearen kasuan (batez ere emakumeetan) moda bat ere badela esan izan da, edo baita nortasun eza ere, bisexualitatearen kasuan.
  • Ikertzaileek nabarmendu duten beste ideia bat da (6) gorputzen objektualizazioaren jarraipenak aurrera darraiela, batez ere emakumeen kasuan, gorputza desioaren eta kontsumoaren elementu bihurtuz. Teknologia berriek garrantzi handia dute alderdi horretan, nerabeak eta gazteak etengabe agertzen direlako sare sozialetan, eta horiek erasorako baliabide moduan erabiltzen dituzte elkarren aurka ibiltzeko. Berriro ere, neskak bistarago ditugu eta zalantzan jartzen dira azterketa publiko honetan.
  • Sexu-ohiturei eta horiek beren sexu-osasunean eta ugalketan duten eraginari dagokienez, ezagutzen da teoria eta horiek dituzten ondorioak, baina praktikan ez dugu nahikoa estrategiarik geure irizpideak defendatu ahal izateko, edo ez behintzat, egoera guztietan -festetan gertatzen diren egoeretan, adibidez-. Eta berriro ere, neskak dira dirudienez autonomia gutxien dutenak bere sexu-harremanei buruzko erabakiak hartzeko garaian, eta azkenean beraien plazerra gizonezkoenaren mende jartzen dute. Nolanahi ere, neskek beren gain hartu behar dute beren sexualitatearen kontrola, mutilaren sexualitatearen aurrean eman beharreko erantzuna eta ezarritako eredura egokitzen ez diren nesken nolabaiteko kontrola egiten dute (“neska onen” eta “neska txarren” arteko bereizketa eginez, hauek harremanei buruz duten portaera adieraziz).
  • Genero indarkeriarekin lotura duenari dagokionez, gora egin du indarkeria fisikoari buruzko kontzientziazioak, baina euren bizipenetatik guztiz urrun dagoen zerbait balitz bezala hartzen dute. Hala ere, lan horretan aztertu diren ia talde guztiek kontrol eta jazarpen maila desberdinetako esperientziak azaldu dituzte, eta baita ere indarkeria mota batzuk, nahiz eta kasu batzuetan “harremanen barruan” sartzen den zerbait bezala normalizatzen diren horiek.

Ateratako ondorioetatik, eta gai horretan lanak zein bidetatik jarraitu behar duen adierazteko, talde ikertzaileak gomendio batzuk egin ditu: alde batetik, lanean jarraitu behar dugu gero eta ezagutza handiagoa izateko maitasunaren idearioaren gainean, bikotearen eta harremanen ikusmoldeari buruz, sexu-osasunari eta ugalketari buruz, eta gorputza nerabezaroan eta gaztaroan gaiaren gainean, online eta offline bidez egin dituzten adierazpenetan oinarrituz. Eta bestetik, denonak izango diren balio eta helburuetatik abiatuta, errealitate desberdinak jaso ahal izateko nerabe eta gazteentzat sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak planteatzeko premia dagoela. Sentsibilizazio ekintzek ibilbide bat ezarri beharko lukete berdintasunerantz eta edozein maitasun motari atxikitako genero-indarkeriaren problematikarantz, eta gainera, kontzeptu, trebetasun eta arau berriak sortuz, errespetua, autonomia eta berdintasuna ardatz izateko.

.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Gaizki amaitzen den gauza ederra ote da maitasuna?
Maitasuna Maitasuna Maitasuna Maitasuna Maitasuna  Maitasuna
erromantizismoa, maitasuna, Nerabeak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Maitasuna, gaizki bukatzen den gauza eder hori”-ri buruz

  • Ondorioetako batzuk aipatzearren hona nire iritzia puntuz-puntu:

    Alde batetik bikotea edukitzea idealtzat hartzen dela dio ikerketak. Ez zait harritzen egia esan, geroz eta indibidualizatuagoa (konektatuagoa baina bakartiagoa) den gizarte batean. Behar afektibo eta sexualak asetzeko biderik sinpleena da bikotea edukitzea
    Maitasun harremanak gatazka dakarrela. Ados. Inor ez da perfektua hemen, eta arrazoiarekin batera sentimenduak nahasten direnean gaizkiulertuak eta eztabaidak sortzen dira, guztiz normala den bezala. Lagunartean edo familian ere berdin gertatzen da. Elkar maite den bikote batek ordea gatazka horiek konpondu eta behar bezala itxiko ditu, bikote bezala heldutuz eta norbere garapen eta interesei bide emanez. Ez dugu bada gatazkarik gabeko gizarterik esperoko?
    Bikotekidearentzat prest egotearena. Pertsonaren eta egoera animikoaren arabera arreta gehiago edo gutxiago behar izatea normala da. Norbait maite baduzu prest zaude denbora eskaintzeko. Ez beti, normala den bezala. Denborarekin ikasten da norbanako bakoitzarentzako denbora eta espazioa beharrezkoa dela.
    Idealizazioarena gizakiok uneoro egiten dugun gauza da, ez pertsonekin bakarrik. Oinak lurrera ekartzea komenigarria da.

    Jarraituko nuke baina denbora ez dut soberan.

    “Normala” deritzot 16-18 urte bitartekoek hau pentsatzea, haur direnetik gizarte hipersexualizatu honetan jaso duten bonbaketa ideologikoa dela eta. Baina ez gaitezen engaina, nik neuk ere horrelako ideiak nituen eta ikerketan parte hartu duten gehienek ere bai seguruena. Probatuz eta akatsak eginez ikasten dira harremanen sekretuak.

    Ikerketa hauek egiten dituztenek subentzionatutako feminismoaren parte izan nahi dutela ondorioztatzen dut nik, ondorio alarmistak azalduta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude