Nor izan zen San Valentin?

Nor izan zen San Valentin?

San Valentin

Otsailaren 14a, San Valentin eguna, maitasunaren eta laguntasunaren eguna. Guztiok dugu egun horren berri eta guztiok dakigu egutegian markatzen. Baina ba al dakigu nor izan zen Valentin santua?

Hainbat kondaira eta teoria daude ospakizun honen jatorriaren inguruan, horietako bat eta zabalduena Erromako apaiz kristau baten istorioa da.  Valentin (Valentinus) III. mendean bizi izan zen Antzinako Erroman, Inperioak kristautasuna jazartzen zuen garaian.

Garai horretan, soldaduek debekatuta zuten ezkontzea, ezkondu gabeko gizonen errendimendua gudu-zelaian hobea zela uste baitzen, ez baitzuten lotura emozionalik familiarekin. Valentin apaizak, bidegabekeria hori ikusirik, soldaduak ezkontzeari ekin zion ezkutuan, erritu kristauaren arabera.

Hala, Valentinek sona handia eskuratu zuen hiri osoan maiteminduak eta ezkutuko ezkontzak babesteagatik, eta Klaudio II.a enperadoreak deitu egin zuen ezagutzeko asmoz. Valentinek bisita aprobetxatu zuen enperadoreak Jesusen dotrina jarrai zezan konbentzitzeko. Hasiera batean, Klaudio II.ak ez zuen begi txarrez ikusi ideia, baina soldaduek eta Erromako gobernariak amore ematera behartu zuten. Enperadoreak iritziz aldatu eta apaiza preso hartu eta 270 inguruko otsailaren 14an exekutatu zuen.

Txartelak oparitzeko ohitura

Valentin preso zegoela, presozainak bere alaba Juliari eskolak emateko eskatu zion apaizari, eta denborarekin, neskatoaz maitemindu zen. Bere exekuzioaren bezperan, agur-gutun bat bidali zion Juliari, “zure Valentinengandik” hitzekin sinatua. Hortik dator egun kultura anglosaxoian  maiteminduen artean maitasun gutunak bidaltzeko ohitura eta gutun horiek  “From your Valentine” hitzekin sinatzea.

San Valentin eguna

San Valentinen istorioa Eliza katolikoari esker nabarmendu zen, bi mende geroago, berreskuratu baitzuen. Garai horretan, bazen nerabeen artean ohitura bitxi bat: Lupercusen erritoetatik eratorritako festa paganoa ospatzen zuten urtero otsailaren 15ean. Baina Eliza katolikoak festa pagano horrekin amaitu nahi izan zuen eta 498an, Gelasio I.a aita santuak San Valentin kanonizatu eta maiteminduen patroi bihurtu zuen. Harrezkero, otsailaren 14an San Valentinen festa kristaua ospatzen da.

Dena den, kondairak kondaira, ez dago argi San Valentin egunak apaiz martiri horren eguna ospatzen duen edo izen bereko beste santu batzuen eguna; adibidez, Interamnako, (gaur egungo Terni, Italian) apezpiku batena edota Afrikako probintzia erromatar bateko martiri batena. Horregatik, 1969an, Eliza katolikoak bere egutegi liturgikotik kendu zuen, nahiz eta zenbait parrokiak oraindik ospatzen duten.