Erribera eta Schrödinger euskalduna

Erribera eta Schrödinger euskalduna –

Ahoskatzeko zaila den deitura horren gibelean fisikari austriar bat dago, katuaren esperimentu sonatuarengatik ezaguna. Bada, xehetasun handitan sartu gabe, eta lurtarrendako euskaran emana, azal dezagun bere esperimentuak paradoxa bat deskribatzen duela, aldi berean bi errealitate kontraesankor erakusten baititu: une berean katua bizirik eta hilik dago.

Erribera eta Schrödinger euskalduna

 

Paradoxa hori erabili izan da, adibidez, immigrazioaren aurkako diskurtsoen falaziak desmuntatzeko:  Schrödinger etorkina, lana kentzen digun izaki bitxia, baina aldi berean administrazioaren diru-laguntzetatik bizi den alferra.

Bada, beti badago astakeriarik handiena ere gainditzeko gai den inor, eta horren erakusle da Erriberan azkenaldian jasaten ari garen euskararen aurkako diskurtsoa, aipaturiko paradoxa hori ezin hobeki moldatzen baitzaio. Hala, urte luzetan erabateko bazterketa pairatu eta gero, Nafarroako Gobernua urrats txiki-txiki batzuk egin dituelarik, ikusi dugu hizkuntza politikoki ez darabilten “euskararen maitale” horien erreakzio hanpatua, kontraesanez beteriko matraka nekosoa.

Erribera eta Schrödinger euskalduna
Schrödinger

Iturri ilunetatik edanez, euskara historikoki debekatu eta mugatu dutenen diskurtsoa berreskuratu dute, eta ari dira erraten Erriberan ez dela sekula euskaraz hitz egin. Hain zuzen ere, kalean euskaraz entzun gaituztelarik gorrotoz begiratu gaituztenek, bere presentziaren aurrean euskaraz mintzatzeagatik “gaizki hezitako” erran digutenek, orain diote hemen ez duela inork inoiz euskaraz egiten. Ez dute deus ere euskararen aurka, noski, baina euskararen aldeko edozein neurriren kontra agertzen dira sistematikoki. Beren demagogia postfrankistarekin jendea xaxatzen dute eta mamuak astintzen dabiltza, bizikidetzari, gizarte kohesioari eta hizkuntzaren izen onari beldurra diotelako. “Euskararen inposizioaz” mintzo dira, “askatasunaz”, baina gogor baino gogorrago eusten diote gaztelania jakin eta erabiltzearen obligazio konstituzionalari.

Schrödinger euskaldunak goia jotzen du lan esparruari dagokionez, bereziki enplegu publikoari dagokionez. Gaztelania ez den hizkuntz profil eskakizunen aitzinean, euskararen balorazio txikienaren aitzinean, betiko galdera egiten dute: “Zer nahiago duzu, mediku ona ala mediku euskalduna?”. Ingelesa jakiteak edo gaztelaniadun elebakarra izateak zirujauari burdinezko pultsua eta erlojugile baten zehaztasuna emanen baliete bezala. Mundu guztiak jakin baitaki arrunt zaila dela euskara ikastea eta, beraz, euskara jakitea ez dela uztargarria bertze edozein gaitasunekin. Hartara, hezkuntzako zerrenda bakarraren debekuak paradoxa biribildu du: ezinezkoa bada aldi berean irakasle ona eta euskalduna izatea, zein arazo dago gaztelaniaz irakas dezaketen euskaldunekin lehiatzeko?

Agian, kontua da Schrödingertar sutsuenendako ere gero eta zailagoa dela adieraztea euskara jakiteak eta erabiltzeak ez duela deusetarako balio. Eta Erriberan euskara hazten eta zabaltzen ari den heinean, gero eta argiago dagoela euskararen aurka ezer ez duten horiek antz handia dutela beltzen aurka ezer ez duten (baina Afrikan nahi dituzten) horiekin.

Erribera eta Schrödinger euskalduna
Arg: Eusko Blog
Erribera eta Schrödinger euskalduna

Erriberako LAB