Entzulea liluratzeko bost hitz
Hitzaldi bat duzu, ez duzu prestatu eta ez dakizu entzulengoaren aurrean nola disimulatu? Hiztun arruntarekin aldea markatu nahi duzu? Ispiluaren aurrean berbetan egotea gustuko duzu, idazle klasiko bat bazina bezala?
Egon lasai, jarraian irakurriko dituzun bost hitzak lagunduko dizute zeure nahiak asetzen. Ez dezatela esan euskara hizkuntza mugatua dela!
.
Amiñi: Hitz fina da. Kategoria eta sentiberatasun handikoa; ahots goxoz esatekoa. Adibidez, Bilboko Baobaben kafe bat hartzen ari zara, tabernariak esnea nahi duzun galdetzen dizu eta amiñi bat erantzungo diozu, hizki bakoitza gozatuz, je t’aime je t’aime kantatuko bazenu bezala, zeure zigarreta – zigarroa arruntegia da– erretzen duzun bitartean. Hauxe guztia zeure bibotea etengabe laztantzen ari zarela, noski.
Elekatu: Lehenik entzun nuenetik, elekatu berbaren dotoreziak txunditu ninduen, Erroko euskaraz noski. Berba hauskorra da, hizki bakoitza gozatzekoa eta u amiñi bat luzatzekoa; lirika hutsa. Gainera oso erabilgarria da, batez ere, Berba eginen ordena edo hitza berbaren hatxea jartzen ez dakizula disimulatzeko.
Ahantzi: Hau ere ele dotorea da, ahoa zabal-zabalik ahoskatzekoa, handitasuna duena. Errieta egiteko edo harridura erakusteko oso baliagarria. Hori bai, hatxea ez baduzu nahiko arnasten eta bigarren a ez baduzu luzatzen, hartzaileak doministiku egiten ari zarela pentsa dezake.
Oro: Urre ez da oro irakurri nuenetik ez dut berba ahantzi, ezta osatzen dituen berbak ere (oro har, orobat, orojakile…). Guztia edo dena arruntak dira, egunero erabiltzekoak, eta oro une berezietan erabiltzekoa. Adibidez, La Bilbaínako koktel batean zaudela, orojakileak oro dakiela uste baina oro inoratzen du jaulki eta hartzailea zur eta lur utziko duzu (betiere esaera zaharra asmatu duzula konturatu ezean).
Aunitz: Eskerrik asko ez da gauza asko esaten da – eta ondo ikasitako jendeak eskerrik asko ezker-eskuin banatzen du– aunitz oso ondo datorkigu milesker aunitz esateko eta geure esker ona azpimarratzeko. Gainera u letra sartzeak jator ukitua ematen dio, autentikotasuna. Hori bai, neurriz erabili bestela Euskara batuaren ajeak liburua irakurri dutenak konturatuko dira a(u)nitz eta askotariko nahasten ari zarela.
Oharra: hitz hauek bon hitzarekin edo erdipurdiko hikarekin ondo nahasiz gero, hartzailearen zirrara biderkatu dezakezu (Ea: Bon, aunitzetan elekatu arren, ahantzi duk oro).
Argazkia hemendik atera dut, Mehihek egina.
Ondo ulertu badut, ironiarekin idatzita dago ez?
Bai.
Orain ez dut denbora beraz laburtuko dut.
Hori zer du txarrik? Berdin zait zergatik egiten duten.
Beste Euskal hitzak ezagutzera ematen da, Euskeren arteko distantzia pixka bat txikitzen da, horrela hobeto sentitzen bazara Euskara gehio egingo dezu..
Ta zer lortzen da hori kritikatzen? Jendea Euskaratik aldentzea, beste Euskalkietako hitzen ezagupena murriztea….
Hitzak erabiltzen ez badira, ahazten dira, beraz berri ikasia dana erabili beharko da ez?
Askok hiztegi batuan daude ere.
El Diario vascon komentatzerakoan, lortzen dezunean ultraeskuindar Espainiarzalea Euskaraz egin dezan, beti dago norbati Gazteleraz egiteko erraten diona Euskara txarra duelako.
Euskara leku guztietara ailegatzeko edozein egoeran ta edozein pertsona egin beharko du, beraz ez dezagun inor uxatu, gutxi gara ta.
Ez dakit hika egiten baina gutxi jakingo banu, erabiliko nuke, nahiz ta gaizki egin.
Izan untsa.
Aupa Suagar
Geure buruari barre egiteko idatzi dut artikulua, horregatik #harrikadak jarri dut (etiketa hori erabiltzen dut artikulu umoretsuak idazten saiatzen naizen bakoitzean — beste kontu bat da irribarre txikia atera dizuedan edo ez, baina asmoa hori da–). Era berean, artikuluan erakutsi nahi dut euskarak hiztegi zabala duela eta jerga edo erregistro ezberdinak sortzeko ere baliagarria dela, gaztelaniaren parekoa dela, hain zuzen. Lehen parrafoan iragartzen dut: Ez dezatela esan euskara hizkuntza mugatua dela!.
Esan gabe doa jerga edo erregistro berria sortzea geure esku dagoela eta horrek aukera handiak eskainitzen dizkigula, beste hizkuntzetan sekulan izango ez ditugunak, izan ere, edonor sortzaile izan daiteke, erdipurdiz egiten duena eta ederto aritzen dena, euskalkiz zein batueraz. Gazteleraz hala jokatzen dute eta zaie gaizki atera. Adibidez, Radomir Antic eta Michael Robinson hedabideetan daude erdipurdiko gaztelaina dutelako. Robinsonek esaten zuen urtean behin Erresuma Batuetara itzultzen zela bere ingeles doinua ez galtzeko. Argiago ezin.
Ondo ibili
Jon.
Ba orduan ez dut ezer idatzi, kar kar, ironia beste zentzu batean hartu dut ta.
Zurekin bat nator, gauza da Euskaldun batzuen artean dagoen joera ezagutzen ez duten Euskal hitzaz parre egiteko, ta ez dut txantxetan esaten. Nik bizitzen naizen hiriburuan behintzat.
Ongi izan.