Elebakarrik ez?
Elebakarrik ez? –
Xabi Payak BERRIAn iazko urrian.
Sarritan entzun dut ez dela euskaldun elebakarrik existitzen: gezur handiagorik! Elaia eta Ander, adibidez, elebakarrak dira. Elebakarrak eta bilbotarrak. Bilbo erdian bizi dira, euskal herrigintza aldarrizaleak urtean bitan zapaltzen dituen kale horietako pare batean. Inguru horretako bizilagunek betetzen dituzten hautetsontziek kolore urdin argia dute, eta han-hemen entzun daitekeen euskara apurrak iluntzean tranbia, metroa edo autobusa hartu behar ditu etxera itzultzeko. Elaia eta Anderren auzokide asko elebakarrak dira, eurak bezalaxe, baina ez dira hizkuntza bereko elebakarrak: Elaia eta Ander euskaldun elebakarrak dira. Egun 3 urte dituzte eta metro baten bueltan dabiltza biak; tira, ez ote digute esango euskaldun elebakarrak ez direla existitzen, hori diotenek ez dutelako behera begiratzen.
Anderrek etxean ikasitako euskara batua darabil Abandoibarran, Kasilda Iturrizarren parkean eta Indautxu plazan, Bilbon jaiotako euskaldunek emandako ezaugarri bereizgarriekin; Elaia, aldiz, gurasoei ikasitako bizkaieraz mintzo da Areatzako zinburuetan (halaxe deitzen die kolunpio edo zabuei), Alondegiko piszinan eta Plaza Barrian. Ikastolan ezagutu zuten elkar, haur hezkuntzako bigarren mailako lehen egunean. Irakasleak ezinbesteko ikusi zuen euskararen itogunez jositako Bilbo erdiguneko haur biak elkarren lagun egitea ikastolan, zentrotik kanpora ere euskaraz bizitzen lagundu ziezaioten elkarri.
Irakurlea, ez dakit sekula sartu zaren Bilboko haur hezkuntzako ikasgela batean. Itsu bat sartuko balitz justu hezitzaileak komunera joandako instant batean, paisaia linguistikoa ezin ikusirik eta umeen txirimizkak eta murduskak adituta, ez zukeen jakingo A, B, D edo Ñ eredukoa den ikastetxe hori, D ereduko hogeita bost umetik hiru-lauk ez baitute euskara etxeko hizkuntza. Baina gure itsua Elaia eta Anderren ikasgelan sartu izan balitz, haur hezkuntzako bigarren mailako lehen egunean zein azkenekoan, gaztelaniazko olatuen artean surflari bi elkarri euskaraz egiten entzungo zituen.
2020ko iraila: haur hezkuntzako hirugarren mailako lehen egunean, Elaiak Ander bilatu du ikasgelan, baina ez du topatu. Ander ere Elaiaren bila ibili da, baina ezin aurkitu, ondoko gelan jarri baitute, eta koronabirusaren erruz, ezinezkoa zaio bere gelakoak ez diren lagunekin erlazionatzea. Bakoitza bere gelan, pandemiak zakartutako gaztelaniazko olatuen enbatari begiratu diote, baina elkarren laguntzarik gabe, iazko surflariak laster bihurtuko dira naufrago.
Umeak banatzea ezin ulertuta, biharamunean azalpen eske joan dira bien gurasoak ikastolara. «Euskarari dagokionez, seme-alaba eredugarriak dituzue, eta bakoitza gela batean jarri dugu gainerako umeentzako eredu izan daitezen», esan die zuzendariak. «Euskaraldia ariguneak identifikatzen hasi berri den garaiotan, hori ez al da arnasguneen teoriaren guztiz kontrakoa?», galdetu du gurasoetako batek; «euskaraz egiten zuten ume apurrak erdaraz jo eta fuego dabiltzan taldeetan sakabanatzea ez ote da hiru gatz ale izan eta bakoitza ur litro batean botatzea, pitxar osoa itsasoko ur bihurtzeko ustean?», esan du beste batek serioago. «Erabakia hartuta dago eta ez dugu aldatuko», jaso dute erantzun.
Irakurle maitea, agian dilema betean sentituko zara: Elaia eta Ander elkartuko balituzte berriz, ikastolako talde bat ume euskaldun eredugarri gabe geratuko litzateke; Elaia eta Ander banatzen badituzte, bestalde, euren arteko euskarazko harremana eten egingo da. Zoritxarrez, dilema faltsua da: umeak bereizita, laster itsuak ez direnek ere ezingo dute jakin Elaia eta Anderren ikastola A, B, D edo Ñ eredukoa den, korronteari eusteko lagunik gabe, biek amore emango dutelako olatuen etengabeko kolpeek ito baino lehen.
Pagotxa ta lotsabakoa izan behar da aitzaki hori jartzeko umeei hori egiterakoan,umeengan zama hori jarri nahi izatea argi dagoenean umeak erdaldunduko direla. Bestalde elebakarra ez daudela esaten denean denok dakigu ume elebakarrak daudela,baina 7,8,9 urterekin edo jada ez direla.