Presiopean itota

Presiopean itota –

Klaseak hasten dira eta jaiak, bero-egunak, uda etabar amaitzen da. “Eskolarako itzulera” esaldiak/esloganak denda, kartela, elkarrizketa, eta iragarki guztietan azaltzeari ekin diote. Besteak beste, badakigu azterketak, akademiak, alarmak eta errutina hasten direla, baina, ez da puntu horretara ailegatzen zarenean non gauzak zenbat aldatu diren konturatzen zaren. Lehen, eskolara itzultzeak berarekin zekarren ikaskide berriak ezagutzea, gelan lagunekin berriro topo egitea, kirol-denboraldiak hastea… eta orain udaren ikara bihurtu da. Izan ere, hazten zoazen neurrian, ezkortasun horrek gora egiten du, eta mailaz maila larritu egiten zaitu horretara itzultzea pentsatzeak. Berez, honek guztia bere zergatia dauka; eta kasu honetan, arrazoia hauxe da: selektibitatea.

Batxilergoko bigarren mailara iristean, selektibitatea besterik ez duzu axola. Hauxe da gure adinean kezka iturri nagusia. Berdin dio selektibitatea egiteko asmoa dugun ala ez, bost axola zer ikasiko dugun etorkizunean edo zer egin nahi dugun geroko bizitzarekin, baina funtsezkoa EBAU da, eta hori sinestarazi egingo digute 2. mailara iritsi arte. Hala ere, hain denbora luzez selektibitateari buruz gaizki hitz egiten entzun dugun, non, benetan, ikaratzen baitu jakiteak berehalakoa dela.

Etapa honetan sartu ahala, klaseko atetik sartzen zaren unetik azpimarratzen dizute emaitza guzti-guztiak kontuan izaten dituztela, aldiz, batxilergoko lehen mailako hiruhilekotik bigarren mailako azken hiruhilekora arte ebaluatu eta betiko gogoan geratzen dira. Are gehiago, azken kurtsoan, egiatan, ez zaie inporta ikasitakoari buruz ezer ulertu ez badugu; izan ere, emandako eta azaldutakoa zehaztasun osoz antolatuta eta bideratuta dago selektibitatearen gaitegia ahalik eta hoberen barneratu dezagun. Bistan da, batxillergoa pasata gradu batera joan nahi bazenu, titulu baten bila bazindoaz edo atzerrira bizitzeko asmoa bazeneuka, inor ez dela zutaz konturatuko, zeren hautaproba egiteko asmorik ez baduzu ere, ikasgai osoa horretara zuzenduta dagoen. Oro har, batxilergoan, eskari handiko karrera lortzeko kalifikazio ona lortzean oinarritzen da guztia. Geure amets eta bizitzari uko egin diogu, besteen desioetara markurtuz.

Bestalde, argi geratu ez bada, bai, jakina dakidala azterketa bakoitzean batez bestekoa jokoan baitago eta urte hauetan egin dudan ahalegin guztia finalaren %60an islatzen dela; baina ez da beharrezkoa behin eta berriro esanez etortzea. Hortaz, honekin esan nahi dudana da, orobat, antsietate-maila altuegia dela; eta hein handi batean, irakasleek eta gurasoek sortzen digute. Beraz, gauzak nahi ditugun bezala ateratzen ez direnean, gurasoek eskatu diguten mailara ez heltzearen errua sentitzen dugu, modu horretan, porrotak motibazioa ostopa digu.

Halaber, ikasle askoren artean nabarmentzen den arazoa da, hala baita, nota zehatz bat ateratzekin matxakatzen gaituzte (ez edozeinekin gainera, nota altuarekin baizik) aukera gehiago izateko. Gure etorkizuna mugatu eta zehaztuko digun ditxosozko zenbakia. Antsietateaz, larritasunaz, estresaz eta nerbioez gain, gehitzen zaigu zein ikasketak aukeratzea ez jakiteak; gure bizitzako erabaki handienetako bat, are gehiago, gutako gehienok argi ez dugun hori. Baina ez bakarrik familia-arlokoa, autoezarrita ere izan daiteke, ondorioz, jasaten ari garen presioa itzela da. Hain presionatuta bizi garen, non ez dugun ehuneko ehuna ematen, eta, seguru asko, azken ikasturte hau askorentzat txarrenetakoa izan liteke haien ikasle-ibilbide osoan. Horrexegatik, eskatzen dudan gauza bakarra da gero eta normalizatuago dagoen arazo bat ikusaraztea.

 

 

Presiopean itota 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude