Elebakarra Santa Agedan
Elebakarra Santa Agedan –
Santa Agedan gertatu zen. Lapurdiko herri ez oso euskaldun bateko eskeko taldera batu ginen hirugarren urtez jarraian. Etxez-etxekoa hasi aitzineko eguerdiko aperitifa herriko ostatu xume batean ; urtean behin baino gurutzatzen ez ditugun pertsona horiek agurtu eta iazko anekdotaren bat entzun. Tragoa ateratzearekin batera hasi ginen bertso-kidea eta biok ondoko 12 orenetan lagun izanen genuen taldearen erradiografia egiten.
Dozena bat kantarietarik bik baino ez zituzten gure etxe atarietako kopla eta egongeletako bertsoak ulertuko. Eguneko lehen tragoarekin batera, amorrazioa eta gogo falta edan behar izan nituen orduan. Gerora, aho-zapore eztiagoa utzi ziguten etxe batzuetan jaso gintuztenek, familia ugarien artean, gutxienez euskaldun bat atzeman genuen aterpe bakoitzean. Kontuak kontu, egun oso bat bertsotan, erdiak baino gehiagok ulertuko ez zaituen etxeetan. Ez dakit beste zein eskualde edo herritan gerta daitezkeen gisa honetako saioak. Ene kasuan bederen, ez da antzeko egoeran kantatzen dudan lehen aldia.
Gure ulermen arazoak gorabehera, erabat erdalduna zen azken etxera heldu ginen afalordurako; eta han osatu genuen, bata eta bestea zirikatuz, gure eguneko saiorik duinenetarikoa. Afalondoko solasak heldurik, gure lanarekiko errespetu handiegirik erakutsi ez zuen batek ez zigun ba leporatu gehiegitan kantagai izan genuela taldeko giro erdaldunegia.
Bera eta bere lagunek euskal kantuak kantatzea gustuko dutela zion; urteko euskalduntasun kuota Santa Ageda Bezperako eskearekin betetzen zuela ulertu genuen.
Ene bertso-kideak deblauki erantzun zion: gure ziri, lore eta kolpeak ulertzen dituenarendako egiten dugu bertsotan, ez protokolozko apaingarri huts izateko. Otsailaren 4etako kantariak hartu zuen orduan hitza, ez omen zeukan euskaraz ez jakiteagatik zertan lotsatu. Guk euskaraz jakitea lotsagarritzat jotzearen parekoa omen zen bere elebakartasuna seinalatzea.
«Ba ez, gizontxo… Guk baino gaitasun finagoa izanen duk kanturako, baina hire elebakartasuna ez duk guri eraso eginik zurituko». Etsi gabe jarraitu genuen tirabiran, Lander Arbelaitzek Argian adierazi gisara, menderatua diskriminatzailetzat hartua izan ez zedin. Hari gure bertsorik iritsi ez, eta konfort eremuan egon ohi dena hitz lauz deseroso uztearekin konformatu ginen. Begirunea delako elebakar kontziente bati eska dakiokeen gutxienekoa.
Bi aldiz irakurri dut eta ez nago seguru ulertu dudan gertatutakoa.
Benetan gizaseme bitxia Lapurdiko kantari fin elebakar hori. Nik ez dut hemen, hegoaldean, horren antzeko kasurik ezagutu. Ederki egin zenuten, nire ustez, berari hizka ekitea. “Euskaraz ez badakik, zer demontre egiten duk hemen, hamabi orduko jardunean? Habil etxera, eta hire auzoko lagunekin kanta itzak nehi dituan euskal kanta folkloriko guztiak moskortzen haizen bitartean, baina hemen bertsotan ari denari ziria sartzen ez hadi ibili, demonio txatxua!
Bo, urriki zaituztet, lagunok, horrelako egoerak jasan behar baitituzue.
Gizajo horren buruan sartzen saiatzen naiz, zerk ote zeragion aipatzen duzun diskurtso mota berezi hori. Ez ote zegoen politika hor tartean?
Agian berak euskararen aldeko defentsa irekia abertzaletasun mota erradikalarekin lotzen zuen?? Agian, zeharka bada ere, hori adierazten ari zitzaizuen??
Nahiko nuke, bai, jakin…
Beldur naiz, ipar aldean euskara ez ote den jende askorentzat gauza folkloriko eta dekoratibo hutsa.
Ez daukazue meritu gutxi hor zabiltzaten euskaldun abertzaleek. Zuen egoera, askoz ere larriagoa da gurea baino…
Aitor, hau irakurtzen baldin bazaude, kontaiguzu ZUZEU honetan nolakoak diren zuen euneroko bizipenak. Sekulako jakinmaina pizten didazu artikulu honen harira.