Ekonomiaren suspertzea eta euskararen sendotzea

Ekonomiaren suspertzea eta euskararen sendotzea Joseba Barandiaran ekonomialaria eta analistaren hausnarketek eman didate zer pentsatua. Krisia ez da oraingoz amaitu baina hazkundea errealitate bat da dagoeneko. Krisiaren ondorioz lan-baldintzak ezegonkortu dira, langabeziak gora egin du, errentaren banaketa aldatu da, kontsumoa moteldu da… Lehentasunak aldatu dira. Langabezian dagoenak edo bizimodu eskasa duenak ez dio etorkizunari itxaropenez begiratzen, nahiz eta adierazleek diotenaren arabera, orain dela pare bat urte baino hobeto ei gauden.

Hizkuntza-kudeaketaren aldagaiari begiratuta, euskarak enpresa arloan duen presentziari dagokionez, ez da garapen adierazgarririk izan. Testuinguru honek ere ez du lagundu enpresek aurretik euskara txertatzeko egin ez dituzten urratsak egin ditzaten, gehienek ez baitute beharrezkotzat eta lehentasunezkotzat jotzen, are gutxiago krisi garaian. Ingurumari honetan, egunerokotasunari aurre egitea da funtsezkoena. Zein ikasgai atera dugu? Ikasi al dugu ezer?

Askotan azpimarratu izan dugu euskarak laguntzen duela enpresak hobeto posizionatzen, baita krisi garaian ere, barrura zein kanpora begira. Eta horren jakitun, negozio-aukerak handitu nahi dituzten gero eta enpresa gehiagotan ari dira urratsak egiten eta hizkuntzen kudeaketari bere garrantzia aitortzen, une latzetan ere. Gero eta enpresa gehiago ari da, euren borondatez, euskaraz lan egiten, euskaraz kontsumitzeko aukerak areagotzen eta euskaraz bizitzea errazten. Horren eraginez, euskararen presentzia hazten ari da zerbitzuetan, industrian edo-eta arlo finantzarioan.

Baina bestelako neurriak behar dira, enpresen eta administrazioaren aldetik ez ezik, kontsumitzaile eta erabiltzaile garenon aldetik ere, Barandiaranek aipatzen duen moduan, enpresek sumatzen badute kontsumitzaile gisa euskarazko zerbitzua balioesten dugula, erreakzionatuko baitute. Gizakion ezaugarri eta tresna funtsezkoetako bat dira hizkuntzak. Horiek kontuan hartu gabe saldu nahi izatea zaila izan beharko litzateke…

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Euskal Herri osoko kontsumitzaile eta enpresei seinale bat eskaintzen die, ikur bat, bereizgarri bat kontsumitzaile eta erabiltzaile askorentzat. Espazio berriak irabazi behar ditugu kontsumo harremanetan. Horregatik, erabiltzaile eta kontsumitzaile garen heinean, administrazioei, enpresei eta norbanakooi dagokigu enpresa, produktu eta zerbitzu horiek lehenestea. Guri ere badagokigu euskaraz lan egiten edo-eta saltzen duten enpresak, saltokiak eta entitateak hobestea. Guri ere badagokigu eragile izatea. Kontua ekitea da. Euskara plaza publikoan jokatzen baita.

[2015-06-10ean, www.baieuskarari.eus-en argitaratua]

 

bai euskarari, enpresa, euskara, hizkuntza, joseba barandiaran, ziurtagiria
Rober Gutiérrez

Bai Euskarari Elkartea http://twitter.com/robergutierrez

3 pentsamendu “Ekonomiaren suspertzea eta euskararen sendotzea”-ri buruz

  • “enpresek sumatzen badute kontsumitzaile gisa euskarazko zerbitzua balioesten dugula, erreakzionatuko baitute.”

    Euskarazko zerbitzua balioesten badute kontsumitzaileek, beste erdarazko produktuak baino garestiagoa izango da balio gehitua duelako. Euskaldunok ekonomia efizienteagoa behar dugu, ez gehiago ordaindu. Administrazioak behartu behar ditu euskaraz ematea zerbitzua, bada garaia. Existitzen gara?

  • Namenekin bat nator, Berdin zait besteak Gazteleraz hartatuak izan nahi edo ez badute gurarik, indarrik, denborarik… egun guztian gauzak Euskaraz eskatzeko, administrazioak behartu ditzazke ta behartu beharko zituzten.

    Krisiari dagokionez, nun egongo ziran hobeto hiritarrak, milioi bat euroko BPGa duen herri bat, nun biztanle guztiak 20 mila euro irabazten dituztenak, edo beste herri bat 5 milioiko BPGarekin, baina bere biztanleak 10 mila euroko errenta izango zituztenak ta pertsona bat 3 milioi eurokoa?
    Nik 2 oilo baditut ta beste batek ez, bataz beste bakoitzak oilo bat du, baina benetan bat gosez hilko zan.

  • Ez badute besteak ez, ez badugu orokorrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude