Denek uler dezaten
Denek uler dezaten –
Lander Arretxeak Berria egunkarian.
Oro ez da urre ekonomia kolaboratiboa izendatu duten mundu horretan. Baina baditu bere alde onak. Ba omen da Bla Bla Carren sos batzuk aurrezteaz gain ligatu ere egin duenik; eta nik zutabe hau idazteko aitzakia eskuratu nuen behin. Nerabeentzako Go!azen telesailean lan egiten zuen bat egokitu zitzaidan alboko eserlekuan; sei ordu izan nituen kazetariaren paperean jarri eta galderak egiteko. Denboraldi berriaren nondik norakoak kontatu zizkidan, spoiler eta guzti; baina ez dut saioa ikusten. Beste zerbait izan zen atentzioa deitu zidana: gidoiak gaztelaniaz idazten dituzte lehenengo, eta behin onartuta, ondoren itzuli; zer eta gidoilari batzuek ez dutelako euskara menperatzen. Lantalde teknikoaren funtzionamendurako barne komunikazioa ere gaztelaniaz omen da, denek uler dezaten.
Haserretuko zait Bla Bla Carren ezagututako lagun hura orain hau kontatzen ari naizela ikusita, baina Go!azen-ena ez da adibide bat besterik. Susmoa baitut euskarazko hainbat saiotan gertatzen dela antzeko zerbait. Gehiago edo gutxiago. Euskarazko saioak izanagatik, lanaren zati bat gaztelaniaz egiten da, hori delakoan kide guztiak integratu eta prozesua errazteko modurik onena. Publizitatearen alorrean ere ohikoa da: erdaratan pentsatzen dira kanpainetako leloak, eta azken orduan, euskarara itzuli. Eragiteko gaitasuna eta zehaztasuna galtzen da horrela. Zer esanik ez lelo bat beharrean eskuartean darabilzuna fikziozko gidoia bada.
Joan diren urteotan ekonomia kolaboratiboa bezainbeste entzuten den hitz bikotea da klausula soziala. Erakunde publikoek kontratazioak egiteko ezartzen dituzten baldintzak dira, irizpide ekonomiko hutsetik harago doazenak. Nago ETBk telebista publikoa den neurrian ere ezarri edo zorroztu beharko lituzkeela klausula horiek: besteak beste, euskarazko edukietan zeresana izango duten langile guztien gutxieneko euskara gaitasuna bermatuz. Esango du baten batek apenas dagoela euskaraz fin aritzeko gai den gidoilari, eszenografo, edo beste arloren bateko langile eskarmentaturik. Zalantza egingo nuke; baina hala bada ere, ez dago laster gehiago izango direla bermatzeko modu hoberik. Euskarazko edukia sortuko duenak euskaraz sortzen dena ulertzeko gai behar du izan. Emaitzak galtzen du bestela.
NAGO hau idatzi duenak ere, testua erdaratik euskarara itzuli duela.
Zergatik, Zital?
Gero eta sustraituago dut inpresioa EITB bere kasa dabilen erakundea dela, Hizkuntza Politikatik edo Kultura Sailetik kontrolatu ezin dutena. Hori horrela bada, egoera zuzentzeko ardura eta eskumena dutenek badute garaia lanari ekiteko. Lotsagarria da euskara suspertzeko tresna izateko jaio zena, hogeita hamar urte eta gero horrela egotea. Eta eskumena izanda ezer egiten ez duena, egoeraren konplize bihurtzen da. Hitza ez dut batere gustuko, baina hiztegiak dakarren definizioa da.
Indar polĂtikoen artean ematen diren negoziazio eta tratuetan euskarak zer nolako inportantzia izaten ote du?
Eman dezagun EAJ eta Espainiako Gobernuaren artekoetan. Nire ustez Zerokoa.
Eta Eusko Jaurlaritza eta Bilduren aretekoan? Orain bertan aurrekontuak negoziatzen ari den honetan?
Eta ez da sos batzuk geheiago ateratzea, ez. Beste kontu batzuk leudeke lehentasun handiagokoak, esaterako ETB