Elkarrizketa: Altsasuko Gurasoak

Elkarrizketa: Altsasuko Gurasoak –

«Guretzat oso gogorra da baina aiton-amonentzat jasanezina; beldur dira beren biloben azken oroitzapena kartzela barruan izango ote den»

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Argazkiak: Galder Izagirre @diapositivisme_studio

Altsasuko Gurasoek bizi duten egoera bere objektiboarekin harrapatzen ibili da goizetik gauera Galder Izagirre argazkilaria. Baina argazkiak baino zehatzagoak eta argigarriagoak izan dira sufrimendu zentzugabe hau pairatzen ari diren gurasoen hitzak. Gure Etxea izeneko egoitzan elkartu gara Amaia Amilibia, Gotzon Urrizola, Edurne Goikoetxea eta Bel Pozuetarekin. Elkarrizketan zehar, barreak, isiluneak eta malkoak egon dira, emozio zurrunbilo etengabean. Beraiekin egun osoa igaro ostean esan dezakegu gogorra izan dela baina aldi berean polita eta batez ere oso aberasgarria.

200. zenbaki berezi honen azala irakurleek aukeratu dute Interneten zabaldu genuen bozketa baten bitartez. Zergatik uste duzue izan zaretela aukeratuak?

Elkarrizketa: Altsasuko Gurasoak
Galder Izagirre @diapositivisme_studio

Bel Pozueta. Azken hilabeteetan harrituta gaude gazteengandik jasotzen ari garen babesaz. Udan zehar jai ugari ospatu dira, Donostiako Piratena esaterako eta gure ikusgarritasuna handitu egin da nabarmen. Herriz-herri entzuten ari den Aurrera Altsasu abestiari esker ere asko konektatu dugu gazteriarekin.
Amaia Amibilia. Nik uste gazte batzuei gertatu zaien desgrazia bat izateak, bereziki ukitu egin diela. Beraiei gauza bera gertatuko balitzaie, beraien gurasoek guk egiten ari garen berbera egitea gustatuko litzaiekeela uste dut. Guraso bezala irudikatzen dugun babes hori izan liteke gakoa. Betiere babes hori irudi bat baino ez dela kontuan hartuta, instituzioen aldetik ez baitugu inolako babesik sentitu.
B. P. Ni adibidez, ikastetxez-ikastetxe joaten naiz eta gertatu izan zait, batez ere Nafarroan, klase batera sartu eta guztia ‘Altsasukoak Aske’ pankartaz josia ikustea edo ikasle asko gure seme-alaben aldeko kamisetak jantzita dituztela ikustea. Izugarria da.

Kamisetak eta ikurrak aipatzen dituzuela, orain aste batzuk, Ramon Agirre aktoreak Donostia Zinemaldian Zinemira saria jaso zuenean ‘Altsasukoak Aske’ kamiseta zeraman. Horrelako oihartzun mediatikoak garrantzitsuak dira?

B.P. Jakina. Bi urte igaro diren honetan, gure kasua jendearen bihotz eta buruan jarraitzea pozgarria da, indarrak ematen dizkigu. Jende askok uste zuen egin genuen manifestazioarekin mediatikoki goia joko genuela eta hortik aurrera pixkanaka gutaz ahaztuko zirela, baina ez da horrela izan, gure argiak pizturik jarraitzen du. Ramon Agirrek edo beste edozeinek izan dezakeen keinu bati esker, bidegabekeria hau salatzeko bidea irekita mantentzen laguntzen dute.
Edurne Goikoetxea. Ikusgaitasuna ezinbestekoa da. Izaten ari garen onespena, estatu espainiarreko “azken operazio handia” delako da, irekia geratzen zaien azkena. Kamisetak eta banderak bezalako ikurrak, jendearen borondatetik jaiotako zerbait dira eta kasu hau burrunbatzen jarraitzeko ezinbestekoak.

Estatu espainiarreko hainbat komunikabidek hasierako egunetan eman zuten ikuspegiak zein puntutaraino izan du eragina?

B.P. Mahai gainean jarri zuten terrorismoaren gaia mantentzeko, alegia 50, 62 eta 12 urtetako kartzela zigorrak mantentzeko, atzetik kontaketa bat egon behar zuen. Komunikabide batzuek egin zutena kontaketa hori asmatu eta mantentzea izan zen. Justifikazioa behar zuten, bestela ez baitzegoen ezer. Liskar batengatik bizi duguna ezin zen inondik inora sostengatu.
A. A. Dena dago oso puztuta, hain handituta. Hain da gehiegizkoa dena eta bortitza, errealitatearen mugak erabat gainditu dituela. Bat-batean eta egun batetik bestera, gure seme-alabak kendu zizkiguten, bahiketa bat jasan zuten, ondoren 50 urteko eskaera etorri zen, audientzia nazionaleko lapurreta eta abar. Gauza normal eta arrunta izatetik, ohiz kanpoko zerbait bihurtu den arte.
B.P. Bi urte pasa dira eta jende askok “a ze astakeria” esaten du, baina estatu espainiarrak guardia zibilen testigantzak bildu eta “begira zer egin zieten, gizajoak, ondorio latzak izan dituzte” bezalako adierazpenak soilik erakusten ditu. Ondorio latzak? Gertatu zaien larriena orkatila hautsi zutela da.

Zein izan da komunikabideetatik gehien mindu dizuen adierazpen edo albistea?

A. A. Gezurra orokorrean. “La brutal paliza”, “temieron por su vida” bezalako esaldiak ikaragarriak izan ziren. La Razón egunkariak portadan gure seme-alaben argazkiak argitaratu zituztenean eta artikuluaren barruan guardia zibilek “el pasillo de la muerte” jasan zutela irakurri nuenean. Nahiz eta gero epaiketan frogatu zen moduan, beraiek zioten “el pasillo de la muerte” hori lokalaren tamainagatik eta beste hainbat arrazoiengatik ezinezkoa zela. Guztiz frogatu zen ez zetorrela bat errealitatearekin baina…
B.P. Epaiketan gure helburua kontaketa faltsu hori desmuntatzea zen, terroristak bailiran bezala epaitu zituztelako. Niri bereziki mintzen ninduena guardia zibilen aldetik “a ze sufrimendua, zer nolako jipoia eman didaten…” bezalako adierazpenak irakurtzea zen. Tipoa gezurretan ari zela frogatu zen eta!

[…]

IRAKURRI ELKARRIZKETA OSORIK: GAZTEZULO.EUS
Elkarrizketa: Altsasuko Gurasoak
Galder Izagirre @diapositivisme_studio
Elkarrizketa: Altsasuko Gurasoak Elkarrizketa: Altsasuko Gurasoak Elkarrizketa: Altsasuko Gurasoak

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.