Chiqui

Chiqui –

Oihana Bartrak, Bertsolari aldizkarian.

ChiquiFutbolari ondarrutarrak egin zuena izan zen behin, baina milaka adibide daude. Bertsotara ere heldu zen eztabaida. Zein da hobea, euskalkia ala batua? Zein naturalagoa? Zein egokiena? Zu zeinekin zaude, gurekin ala eurekin?

Aste honetan Bilboko Solokoetxe auzoan gertatua. Euskaraldiko kartel batzuk jartzen ari ginen lagun bat eta biok. Gizon bat hizketan hasi zitzaigun. Kartelak gure etxeko logelan ipini behar ditugula esango digun beste gizon amargatu bat. Itxuragatik Extremadurakoa edo. Erdara garbian. ¿Oye chicas, qué quiere decir el cartel ese? Uf. Zelan azaldu “Euskara ari du” hitz-joko bat dela, euria ari du, pititin, baina euskararekin, patatan. Saiatu ginen. Gizonak segi. Es que yo eso del batua no entiendo, chiqui. Por eso pregunto. A ver, que soy de Gamiz ¿eh? pero eso no entiendo. Ene! Guk ordutik, euskaraz. Ikastolan ikasitako bizkaiera batuan. Bera, orduan, gamiztarrez. 80 urte zituela, Bilbora ezkondu zela, Bilbon ahal zuenarekin euskaraz egiten zuela baina askok ez zekitela.. Elkar agurtu eta aurrera egin genuen. Bi lagunak pentsakor.

Zer egin dugu txarto gizon horri sinetsarazteko berak ez duela euskara ulertzen? Batua berarentzat Errusia bezain urrun dagoen zerbait dela? Pentsarazteko “euskara” hitza zeramaten kartel batzuk ipintzen ari ziren bi neskari erdaraz egin behar ziela? Zertan ari gara?

Chiqui

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

18 pentsamendu “Chiqui”-ri buruz

  • Zeozer zeozer bai gabiltzala txarto egiten.
    Behintzat Bizkaiko euskaldun zaharrekin.
    Duela hilabete bi nik neuk entzundako elkarrizketa bat Bermeoko Lameran.
    Ba zeuden hiru agure bermeotar euskeraz berbetan euren artean eta alboan zegoen gizon txinatar batek galdetzen die gazteleraz: “y vosotros en que idioma estáis hablando?
    Eta erantzuna: “en una lengua personal”.
    Ez dakit ziur zer esan nahi zuen gizon euskaldun horrek hori erantzun zuenean baina niri honako hau etorri zitzaidan burura: horren urrun ikusten duela bere berbeta eta euskara ofiziala ezen ez duela sentitzen ezta euskaraz ari dela.
    Euskara batua behar beharrezko da eta ez dago inor hori zalantzan ipintzen duenik.
    Neurri askotan, itzel arrakastatsua izan dela esan daiteke eta guzti.
    Baina badago zer konpondu eta nire ustez euskara batua ingurura moldatzetik etorri daiteke, hau da “tokiko batua”ren bidetik.
    Adibide bat ipintzeko: duela urte batzuk, Bilbo aldeko herri handizko batean, non euskaldun zahar nahiko geratzen diren oraindik, egin nahi zuten euskararen erabileraren
    aldeko kanpaina bat.
    Hasiera batean honako lelo hau bururatu zitzaien: “Jartzazu zure euskara hegan”.
    Norbaiti bururatu zitzaion egokiago zela beste hau, bertako euskaldun zaharrek ere uler zezaten: “ipini egizu zure euskara hegaz”.
    Biak dira batua eta biak zuzenak, baina herri horen kasuan askozaz egokiagoa bigarrena.

  • Zer ari garen gaizki egiten?
    Euskaldun zahar gehienak (hirurogeita hamar urtetik gorakoak behinik behin) inoiz ez dira beren burua alfabetatzeaz kezkatu. Ez batuan eta ez bizkaieraz ere ez dira ezer irakurtzeko gai. Ez dute ulertzen. Ideologigramak dira haientzat euskarazko hizki guztiak.
    Behinola alfabetatu ziren eskolan, gaztelaniaz of course, eta horretan segitzen dute. Eta inork ez ditu aterako horretatik, aski bazka baitute euskal itxurako prentsa espainolera hurbiltzearekin. Tokian tokiko aldizkarietan ere (edonork kontrasta dezakeen konstatazio hutsa baino ez da hau) izenburu nagusiak, argazkiak eta argazki-oinak irakurtzera mugatzen dira. Eta arazoa ez da presbiziarena… bakarrik.
    Gogorra da esatea, baina hizkuntza leialtasuna ere oso modu malgu eta katramilatsuan ulertzen dute oro har. Oihana Bartrak jarritakoa adibide.
    Ahaleginak norantz bideratu, bada?
    Garbi baino garbiago: hirurogei urtetik beherakoen geruzetara, eta, orokortzen hasiz gero, batez ere berrogei urtetik beherakoen esparruetara. Horietxek dira hizkuntza indartu dezaketenak, horietxengan dago EUSKAL zerbait lortzeko potentzialtasuna. Eta horiek, gehienek bederen, ez dute batua ezezagun izateko aitzakiarik.

  • Zuek ez dakit, baino gizon horrek gaizki egin duena, espainolez lehen hitza egitea da.

  • Guztiz ados. hirurogei urtetik gora jai, eta beste adinetan erdipurdi. Horretan, idatziaren kontsumoan, euskalduna ez da izan, eta ez da, espainol batezbestekoaren oso bestelakoa: herriko hizkeraz gaztetan, Bilbora ezkondua, ia bere bizitza sozial guztia erdaraz, prentsa vascoa irakurrita, erdal telebistek elikatua… Zer nahi duzue ba? Euskaldun orekatua trebatua eta noranahikoa? 70 urterekin? Erdal ozeano batean itoa? Ez gara gehiegi eskatzen ari?

  • Zuk ez duzu ezer egin gaizki, Ohiana. Gehiena ongi baizik. Bertsolari jardun besteak beste. Eta 80 urteko euskaldun hori biktima bat da. Espainiarrek mendez mende eta gaurdaino ezarritako españolaren inposaketaren eta euskararen jazarpenaren biktima.
    Tira, gure hagintari autonomisten eta oro har, erakunde abertzaleen postureo antzu euskaltzalearen biktima ere bai, neurri batean.
    Gaizki ari gara herritar euskaldunok bata besteari errietan, bataren euskalkia eta bestearen batukia dela.
    Gaizki ari gara hedabide abertzaleak españolez eskaintzen, bezaro gehienbat euskaldunei, dela ETB2, Euzkadi irratia, Deia-Noticias, Gara…
    Gaizki ari gara, tokiko euskarazko hedabide zenbait, tokiko euskalkitik urrun dagoen batuazko eredu batean eskaintzen.
    Gaizki ari gara batez ere, gure hizkuntzari merezi duen lekua emateko egitasmorik ez duten alderdiei bozka ematen…

  • Iruzkin gehienetan ez dago autokritikaren arrastorik.
    Gauza aunitz egin dugu euskara batua sortu zenetik (genuenetik) Eta aunitz egin eta dena ongi?
    Nire bizitza luzean lanean ordu asko egin dut. Eta dena ongi?
    Jende gehienei entzun izan diet: berriz egin behar banu, berriz bizi behar banu… berdin jokatuko nuke…
    Eta euskalgintzan?
    Autokritikarik ez da ikusten.Eta kritika eta autokritikarik gabe ez da ikasten. Betikoan gaude.

  • Euskaraz alfabetatu ez zen agurea ez da euskalgintzaren arazo nagusiena. Gaur egungo arazo nagusi eta larriena alfabetatuek euskarazko ikasketak amaitu eta gero duten euskara mailaren galera da.

  • Eta maila eskas horren arrazoiak zein dira?
    EAEn hizkuntz politika trixtea, Nafarroan trixtea eremu “euskaldunean” eta hutsaren hurrengoa handik at, eta Ekialdean ikastolak eta AEK Estatu frantsesaren aurka, ezin irabazi daitekeen ezinezko borroka batean.
    Ezin espero liteke beste mailarik, haurrei eta gazteei eskaintzen dizkiegun baliabideekin.

  • Euskaraz alfabetatu ez den agurea ez da euskalgintzaren arazo nagusiena” ez dakit nagsiena edo laugarrena den. Nik oso larria ikusten dut. Esate baterako Berriako Hitzak euskara akademikoan idazten dira (euskalkia baztertzen da) euskara ikasten ari direnentzat ez da artikulurik azaltzen, euskara ongi ez dakigunontzat ez da hiztegitxorik edo gramatika oharrik jartzen oinean.
    Eta tokiko hedabideetan berdin jokatzen da.
    Hori, ikuspegirik ez izatea da. Hori saltzaile txarra izatea da…eta hori adinekoei eta euskara ikasten saiatzen direnei errespetu falta da

  • A-ri erantzuna. Ahozko euskaratik urrun dagoen hizkera erabiltzea ikuspegi falta da bai, nahiz eta tokiko hedabide batzuek euskara “zaharrean” edo/eta hitz egiten den bezala idatzitako zutabe-artikuluak dauzkaten kasu batzuetan.
    Baina barkatuko didazu, inorekiko errespetu faltarik ez da hor. Ikasten bazabiltza edo ez baduzu ulertzen internet irekita edo hiztegi bat ondoan eduki, eta kitto. Utzi fundamentu gabe kexatzeari “irainduasentitunaiz”tarrak.

  • Errespetu falta?
    Esaiozu gure amari hiztegi bat aldamenean duela irakurri behar duela herriko aldizkaria. Edo internet erabiltzen ikasi behar duela aldizkaria irakurri ahal izateko.
    Aldizkari horrek gure ama ere kontutan hartu beharko lukeela iduritzen zait, besterik gabe, Mikelats.

  • Aurten 35.000 lagun hurbilduko dira euskategietara eta gaueskoletara. Eta urtero horrela izaten da.
    Gure hedabideetan noiz hartzen dira kontutan jende hauek? Zenbat berri agertzen dituzte “euskara errazean”?

  • EUSKALKIAK.
    Orain urte batzuk Lekeition izan nintzen oporretan. HITZA egunero irakurtzen nuen eta den-dena batuaz zen, Iruñean balitz bezala. Zergatik ez zuten %25 edo 35 edo bizkaieraz ízaten?
    Bizkaian ez da ongi jokatu. Batez ere bizkaitarrekin, beren euskalkia baita batutik gehien aldentzen dena. Bertako euskalkiak toki gehiago behar luke, gutxienez, bertako hedabideetan.
    (Eta, agian Euskal Telebistan gutxiago)

  • Euskalkiaz diozunagaz erabat ados. Bizkaian (eta mendebaldeko Gipuzkoan) negargarri jokatu da etas jokatzen da.
    Izan Hitza, izan Berria edo Argia, bizkaitarrengandik, baxenafarrengandik edo zuberotarrengandik oso urrun dauden hedabideak dira. EHBilduk berbarako, bardin, batua gipuzkoarretik jotzen du bere testuetan, bizkaierari bizkarra emonda… akats potoloa.
    Okerrena da, ikastetxeetan ere berdintsu jokatu dala. Bizkaiko herri askotan txikizioak ikusita gagoz hizkantzari jagokonez: batuaz egiten ondo ikasi ez, eta bizkaierea baztertuta, españolari eutsi gogoz…

  • Jatorrizko hiztun batek ez du ia inoiz hiztegi bat beharko euskarazko prentsa irakurtzerakoan. Kontzeptu batzuk ez baditu ulertzen kontextuaren ondorioz aterako du esanahia gehienetan. Eta hala eta guztiz ere ulertu gabe jarraitzen badu ba ikasi egingo du eta kitto, beste guztiok ezezagun zaigunarekin egiten dugun moduan. Ez dut uste hain zaila denik. Hizkuntza ikasten ari direnek berriz ahalegin handiagoa beharko dute, baina aizu, hizkuntza arrotz bat ikasi dugun guztiok daukagun oztopo berbera da, ez gehiago ez gutxiago. Tokiko dialektoari ematen zaion trataeraz zurekin ados.

    Euskalgintzarekiko kritika batzuetan gure hizkuntza eta kulturarekiko utzikeria estaltzeko erabiltzen dela iruditzen zait (ez naiz zutaz ari, orokorrean baizik). Kontzientzia eta koherentzia, gure hizkuntza indartzeko

  • Aitzol Azurtza 2018-09-21 17:14

    Nik ez dakit bizkaierazko hiztunek zer eragozpen duten euskaraz hitzegiteko edo euskara arautuarekin identifikatzeko.

    Susmoa dut konplexu eta autoestima arazoak dituztela.

    Gure amak 80 bete ditu aurten. Donostiarra da, bere arbasoak bezala, eta euskara etxean jaso zuen, bere garaiko donostiar euskaldun gehienek bezala.

    Gure amaren eskolako hizkuntza gaztelera izan zen. Ez da inoiz euskaraz alfabetatu eta bere gramatika eta hiztegia gipuzkerazkoak dira. Hala ere, euskaraz mintzatu da bere bizitza osoan, alboan beste euskal hiztun bat zuen aldi guztietan. Donostiako denda eta merkatuetan beti lehen hitza euskaraz egiten entzun dut ume nintzenez geroztik, baita Donostiako udaletxean ere.

    Euskaraz alfabetatua ez izan arren eta euskara batuaz idazten piperrik jakin ez arren, niri beti euskaraz idatzi dit, XVIII. mendeko Larramendik idazten zuen antzera (gaztelerazko ortografia erabiliz).

    Gure amak ez du sekula lotsarik izan gaztelerazko ortografia erabiltzeko, hura delako euskaraz idazteko ezagutzen duen ortografia bakarra. Berak praktikan jartzen du esaera hura “euskararik kaxkarrena erabiltzen ez den euskara dela” dioena.

    Gure amak badaki berea euskara ez-arautua dela, baina euskaldun izanaren harrotasun (autoestima) nahikoa badu euskal hizkuntza lotsarik gabe nonahi erabiltzeko.

    Zergatik ez dute gauza bera egiten bizkaierazko hiztunek?

  • Aitzol Azurtza 2018-09-21 17:48

    Han Txon-ek dio: “Izan Hitza, izan Berria edo Argia, bizkaitarrengandik, baxenafarrengandik edo zuberotarrengandik oso urrun dauden hedabideak dira. EHBilduk berbarako, bardin, batua gipuzkoarretik jotzen du bere testuetan, bizkaierari bizkarra emonda… ”

    Hizkuntza batek aurrera egingo badu eta hiztunen artean komunikatzeko balioko badu, estandar bakarra izan behar du (eta ez lau). Are eta gehiago hizkuntza hau (euskararekin nahi dugun bezala) herri baten hizkuntza nazionala bilakatuko bada.

    Bizkaiera sustatzea bizkaierazko hiztunei dagokie. Ezin eska diezaiekegu lapurtarrei edo baxenafarrei bizkaiera bultzatzeko ahalegina egin dezatela, beren euskara kinka larrian dagoenean.

    Euskara batuak gipuzkeraren “kutsua” duela? (zenbaitek “kiratsa” esango luke) Bai, badu. Zalantzarik gabe, egungo batuak gipuzkeraren eragin itzela du baina hori ezin diezaiekegu gipuzkeraren hiztunei egotzi, hori bizkaierazko hiztunei egotzi behar zaie. Bizkaierazko hiztunei dagokie euskara batuari mendebaldeko euskararen kutsua ematea.

    Zentzu osoa du euskara batuak gipuzkeraren eragin oso handia izatea, gipuzkera mintzatzen den eskualdeetan bait du euskarak indar eta bizi handiena (Goierrin, Tolosaldean, Beterrin eta Urola-Kostan).

    Euskararekin beste edozein hizkuntzarekin gertatzen den gauza berbera gertatzen da: Hiztun talde dinamikoenen hizkera gainontzeko hizkerei gailentze zaie.

    Euskara maiz eta arlo guztietan erabiltzeagatik gipuzkeraren hiztunak errudun al dira?

    Beren euskara beste euskalkietako hiztunek baino maiztasun handiagoarekin erabiltzeagatik gipuzkera gailendu izanaren errudun al dira giputzak?

    Beste euskalkietako hiztunei dagokei beren euskara mingainean astintzea eta hizkuntza erabiltzearen erabiltzez euskara batuari beren euskalkiko kutsua ematea.

  • Aitzol,

    Ceinen phocic iracurrico nuqueen nic çure amonac idatzitaco cerbait, guti baliz ere.

    josulavin@gmail.com