Beñat Muguruza: “Erronka handi bat zagok euskara batuaren eta hitanoaren uztarketan”
Beñat Muguruza –
Beñat Muguruza (1987, Irun) Mosku plaza bueltan jaio eta hezitakoa da, eta Gasteizen egin zituen Ingeles Filologiako ikasketak. Hizkuntza Jabekuntza masterra egin zuen unibertsitateko ikasketen ondotik, eta ondoren bere doktoretza tesian murgildu zen (ingelerak egun EHUn daukan posizioaren inguruan). EHUn ikertzaile eta irakasle lanetan dihardu, eta esku artean daukan ikerketa gaia dela eta elkartu gara berekin: hitanoaren egoera. Hika egin dugu gure artean, eta hala jaso ondorengo lerroetan.
Zer dela eta hasi hintzen hitanoaren egoera ikertzen?
Gure proiektuaren ideologoa, arima eta motorra Garbiñe Bereziartua duk, eta berak aurkeztu zian Azpeitian hitanoa biziberritzeko proiektua. Egitasmo horrek hiru fase zauzkak, hiru urte eta erdian garatzeko: diagnostikoa, fase kualitatiboa (hitanoarekin harreman ezberdina daukan jendearekin lanketa) eta biziberritzea bera. Azpeitiko egoera berez ez duk hain txarra, arnasgune bat duk hitanoarentzat, baina bazeudek hobetzeko gauzak. Bigarren fasean gaudek orain.
Gaztaroan zer zuan hika hiretzat?
Oso arrotza zuan zerbait. Niretzat hika, bai txikitan eta bai nerabezaroan, telebistan entzuten zen zerbait zuan, eta Gipuzkoako herri txikitako jendeak hitz egiten zuen zerbaiten gisan identifikatzen nian. Literaturan ere dezente erabiltzen den baliabidea duk. Baina nik ez diat inoiz erabili, duela 6-8 urte arte. Hogei urteren bueltan Azpeitia eta Zestoa inguruko jendea ezagutzen hasi ninduan, eta ia denek (mutilek) hika egiten zitean, eta nabaritu nian niregana zuzentzerakoan zuka egitera pasatzen zirela. Nik uste diat parranda giroan hasi nintzela lehen saiakerak egiten, imitatzen. 2016an hika ikastaro bat antolatu zitean Irunen, izena eman nian eta gehixeago sakondu, baita konfiantza hartu ere. Behin erabiltzen hasita konturatu ninduan badela hika egiteko aukera baita Irunen ere; esaterako, Irunabar bertso eskolaren inguruan dezente zabaldu duk hika-zaletasuna, eta neronek egun 15 bat lagunekin egiten diat hika.
Hitanoa ikuspuntu soziolinguistiko batetik altxor bat iruditzen zaidak. Gozatzen ari nauk. Azpeitian entzuten dituk talde eztabaida baten hikari buruz hika, eta orduan ohartzen haiz hori beti egon dela eta batzuk ez garela enteratu. Zer gertatu da, zer ez, ze pasa da belaunaldi batetik bestera? Unibertsitatean behartu egiten gaitiztek ikertzera, eta gustuko duan zerbaitetan jardutea pribilejio bat duk.
Belaunaldien arteko arrakala aipatu duk. Zer gertatu da? Zein da egun hitanoak bizi duen egoera?
Euskal Herriko toki gehienetan ez duk existitzen. Hitanoa dagoen tokietan egoera on samarra izan zitekek, gizonezkoen artean. Azpeitiko kasua ikertzen ari garenez, esango nikek bertan bere biziraupena bermatua duela, beste belaunaldi batez gutxienez. Hego Euskal Herriari dagokionez erabateko galbidean dago emakumeen artean. Gipuzkoako herri txikietako 50-60 urtetik gorako emakume askok egiten ditek hika ingurukoekin, baina gure belaunaldiko neskek ja ez ditek batere egiten, oso-oso leku gutxitan, inon ez esatearren. Zergatik gertatzen da hori? Horra millioi bat euroko galdera.
Hizkuntzalaritzatik ikertu zitekek, baina ziur antropologo batek edo historialari batek ere topatuko lituzkeela erantzunak. Bazegok Begoña Etxeberria izeneko ikertzaile nafar-amerikar bat, berak asko ikertu dik gaia, eta guretzako oso interesgarriak diren pare bat artikulu idatzi zitian nokaren galeraren inguruan. Batetik espazioaren erabilera aipatzen dik, publikoa batetik eta pribatua bestetik, gizona VS emakumea; emakumea gehiago egon duk etxe bueltan, eta toka ikusgarria izan duk. Enplegua kontuak ere aipatzen zizkian, emakume asko neskame lanetara bidaltzen zituztelako, eta nori egingo zion ba hika neskame batek? Aukera gutxi izango zitian. Gizonak, aldiz, fabrikako beste lankide euskaldunekin hika egiten zitean. Bestalde, euskaraz bakarrik ez, beste hizkuntzetan ere aski frogatua zagok emakumeek tendentzia handiagoa dutela estatus altuagoa duten hizkeretara jotzeko. Herri euskaldunetan emakumeek gehiago jotzen zuten garai batean erdarara, estatus altuagoa izateko, eta gizonezkoak ez zuten sentitzen behar hori. Hori hizkuntza askotan gertatzen duk, baita hizkuntza beraren aldaera ezberdinen artean. Emakumeak, gizartean gora egiteko, baztertu zitian “baldartzat” hartzen ziren hizkera formak; euskararen kasuan, euskaraz egitekotan, zuka.
Hezkuntza formala ere sartzen duk hor. Gehien-gehienok ikasi diagu batua, eta zuka; lehen ez zagoen halakorik, eta etxekoa egiten zuan. Faktore askok eragin ditek hikaren galeran, eta nokaren kasuan beti bi koska beherago. Ez duk erraza azaltzea, mundu guztiak dik intuizio bat, baina argudioak ondo arrazoitu eta garatzea zaila duk. Egin diren ikerketak ditiagu, eta tantaka gu lortzen ari garena, baina hortik hipotesiak aterako ditiagu, eta ez egia absolutuak.
Aurrera begira, non zaudek hitanoaren indarguneak?
Joxerra Garziak askotan esan dik euskarak baduela XXI. mendean hutsune bat: hizkera informala. Euskara batuan gai gaituk doktoretza tesiak egiteko, baina leku batzuetan lagunarteko hizkeran gabeziak zauzkaagu. Garziak azpimarratzen dik badugula erabiltzen ez dugun makrobaliabide bat: hitanoa. Ni alde batetik ados nagok berekin, toki batzuetan aproposa izan zitekek, baina beste alde batetik hori oso zaila duk aplikatzen Euskal Herriko toki gehienetan, zerotik ari haiz eta ez zagok erreferentziarik. Joan hadi Barakaldoko gazte koadrilla batengana eta esaiek: “zuen artean euskaraz aritzeko baliabide bat ekarri dizuet: hitanoa”. Beraientzat erabat arrotza duk, eta haien harreman intimoenak, informalenak, parrandakoak, ez ditiztek horrela garatuko.
Azpeitian zer egin dezakek? Hor oso sano zegok hitanoa gizonezkoen artean, hutsunea emakumeen artean eta emakumeei egiten zaien hizkeran dago.
Noka emakumeak ahalduntzeko tresna izan daitekeela entzun diat.
Ikerketa eta dibulgazio lanetan zabiltzak Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre, euskara eta feminismoa uztartuz. Iaz ikastaro bat antolatu genian EHUn hitanoaren bueltan, eta deitu egin geniean, galdetzeko ea haien diskurtsoa aplikatu al zitekeen hitanora, eta haiek erantzun zigutean ez direla gai horri bueltak ematen hasi. Nik ezin diat hitz egin mugimendu feministaren izenean, ez nauk nor; soilik aipatu iruditzen zaidala mugimendu feministaren barruan euskararekiko sentsibilitatea dutenek ere ez dutela inondik inora lehentasunen artean jartzen hitanoaren auzia. Normala den bezala, pentsatzen dut, bestalde. Ikusten ditiat hala ere saiakera batzuk noka biziberritzeko, tresna gisa baliatzeko (Hernanin, Zestoan,), emakumeen artean komunikatzeko kode berezitu bat sortu eta ahizpatasunean sakontzeko; niri interesgarria iruditzen zaidak. Onintza Legorburuk Antzuolako egoera aztertu dik eta genero ikuspegia txertatu, oso ideia interesgarriekin nik uste. Oñatin “Eingo xonau” proiektua abiatu dute Ahotsak.eus-ekin batera, eta herriko hika hiztun emakumezkoak grabatzen ari dira, eta twiterrez zabaltzen dituzte bideoak. Bazegok sentsibilitate apur bat, eta ari dituk ekimen batzuk ateratzen; oso minoritarioak, eta aldi berean oso interesgarriak: mahainguruak, Nokadromoa…. Guretzat halako ekimenak perla hutsak dituk. Loraldi xume bat duk, baina loraldi bat.
Hitanoa erabiltzeko gune eta testuinguru sozialak betikoak al dituk?
Ez duk erraza orokortzea. Faktore ugari sartzen dituk jokoan, asko pertsonaren izaerarekin lotutakoak. Askok itxoin egiten ditek ea besteak nola hitz egiten dien. Azpeitia inguruan esango nikek bi gizonezkoak, nahiz eta elkar ez ezagutu eta adin tarte oso handia ez badute, zuzenean hika egiten diotela elkarri. Bestalde, eskoletan zer? Irakaslean egin ahal die ikasleei? Eta alderantziz? Denetik zagok, konfiantzaren arabera. Garaiak aldatu ahala hori ere aldatzen zihoak.
Lehen neska bat eta mutil bat elkarrekin hasten zirenean hikaz egiten zien, eta ezkontzerakoan zuka egitera pasatzen zituan; hori horrela izan duk beti Hego Euskal Herrian. 2019an bikote denak ez dituk ezkontzen, eta horretaz gain, ezkonduta ere zer? Bazaudek gurasoei hika egiten dietenak, nahiz eta ez diren araua. Jardunaldi batzuetan Xabier Euzkitze eta Joxerra Gartzia izan zituan, eta Euzkitzek aipatu zian semeak hikaz egiten diola. Joxerra ez zagoan ados horrekin, eta badik arrazoi parte bat nire ustez: hitanoa baldin bada lagunarterako, baldin badu funtzio sozial bat, kentzen badiogu funtzio sozial hori ja ez diagu behar hitanoa. Ez baditugu tratamenduen funtzio sozialak errespetatzen, ez zagok aniztasunik, izatearen zentzua galtzen dik. Batetik ulertzen diat hori, eta bestetik pixka bat anakronikoa iruditzen zaidak semeari esatea “e, niri horrela ez egin”. Nik ere badiat nire dilema horrekin. Gaztelaniari dagokionez, garai batean gurasoei edo aiton-amonei “de usted” hitz egiten zitzaiean, eta orain pentsaezina duk. Ez zakiat euskarak egokitu beharko lukeen egoera berri horretara edo tradizioari eutsi. Tradizioari eutsi edo hautsi.
Dragoi Bolan hitanoak izan duen erabilera aztertu zenuten, eta inkesta bat zabaldu.
Bi helburu nagusi genitian. Batetik hitanoaren auzia sozializatzea. Bestetik, 30 urte dituk Dragoi Bola euskaraz lehen aldiz emititu zenetik. Orain pelikula bat atera ditek, “Broly”, eta ez zagok hitanoaren arrastorik ere. Garbiñek eta biok uste diagu Dragoi Bola erreferente bat izan zela gure belaunaldiarentzat, eta askorentzat seguraski hika jasotzeko iturri bakarretakoa. Pertsonaiek hitanoa nola erabiltzen duten aztertu diagu, nork egiten dion nori, eta oso kuriosoa duk. Gokuk eta Krilinek zergatik ez diote elkarri hika egiten? Lagun minak dituk txikitatik, berez patroia betetzen ditek, baina ez ditek inoiz egiten. Zergatik erabiltzen dute hika askoz ere gehiago pertsonaia gaiztoek onek baino? Vegetak egiten ziok Gokuri, Gokuk Vegetari inoiz ez. Freezerrek Gokuri eta Vegetari hika egiten ziek, haiek bueltan zuka. Zergatik Vegetak ez ziok hika egiten Freezerri? Gaiztotasunean, boterean, gorago dagoelako agian. Iratxo Dordokak, zenbait urte ditu? Asko. Berak denei egiten ziek, baita Baba sorginak ere. Emakumeen artean askoz ere gutxiago erabiltzen duk, askoz ere gutxiago hitz egiten dutelako ere. Hitanoan bi eremu ezberdindu zitezkek, boterearen semantika eta elkartasunarena; batetik botere erakustaldia, goitik beherako hika, eta bestetik adiskidetasunezkoa, berdinen artekoa. Dragoi Bolan ia denbora guztian goitik beherako harremanetarako erabiltzen duk. Denboraldiek aurrera egin ahala hikaren erabilera gradualki jaisten joan zuan, eta azken denboraldietan ez ditek erabiltzen.
Xabier Amuriza lehen urteetan bertan aritu huan itzultzaile lanetan, eta elkarrizketatu egin genian; ikerketaren emaitzak argitaratzen ditugunean emango diagu jakitera.
Dragoi Bola aipatuta, ETBz ere hitz egin nahiko nikek. Ze presentzia izan dik hitanoak Euskal Telebistan?
Goenkale eta Hasiberriak aipatu zitzakeagu (Hasiberriak Goenkaleren spin off bat duk, funtsean). Hutsune bat aipatzekotan Merli esango nikek, ez ditek hitz bakar bat sartu hika. EITBko Euskara Zuzendariari, Asier Larrinagari, galdetu genioan zergatik, zeren eta berak defenditzen dik euskara kolokial bat lortu dutela Merlin, eta euskara batuak ez dik oraindik aski landu erregistro hori.
Batua eta hitanoa ez dituk oraindik asko gurutzatu, beraz.
Batua eta euskalkiaren artean, oraindik ere, euskalkiak dik labela, eta beste maila batean berdina gertatzen duk zukaren eta hikaren artean; hika ja kristorena duk. Ikerketa batzuetan aipatu ditek hika dela euskal hiztunaren jatortasun maila gorena. Batuarekin kontrakoa gertatzen duk, askok eskolarekin lotzen ditek, ez hainbeste flow-arekin, edo hizkera informalerako… eta hor batuak eta hitanoak talka egiten ditek, jende askoren begietara. Euskara batua oso berria duk, oraindik eraikitze lanetan zagok, eta ETB1 lau katuk ikusten ditek; horretaz gain, fikzioa, gai honetan eragin gehiena izan dezakeen arloa, ez duk behar bezainbeste lantzen gaur egun, apenas. Erronka handi bat zagok euskara batuaren eta hitanoaren uztarketan.
Euskalkian mintzo den jende askorentzat batua hiztuna koska bat beherago zagok, eta batu hiztunak hautematen dik hori. Deustuko unibertsitatean ikerlari batzuk duela denbora bat hasi zituan “euskaldunberri” kontzeptua lantzen, nola norbaitek euskara bikain ikasi eta urteetan erabili arren beti izango den euskaldunberri, ez duk inoiz izango “euskaldun-euskalduna”. Estigma bat dik, eta beti izango duk (esan behar dudana pintzekin hartuta) bigarren mailako hiztun bat. Horregatik ez dituk ezkontzen euskara batua eta hitanoa, hizkuntzaren jatortasun marka gorena.
Talde eztabaida batean galdetu geniean bertan zeuden azpeitiarrei: hedabideetan ze leku izan beharko luke hitanoak, Euskadi Irratian adibidez? Elkarrizketa egiten ziok hika dakien batek hika dakien beste bati. Nola egin behar dio, Euskal Herri osoarentzat ari denean? Hika egiteko arazorik ez zagok printzipioz, baina batuan egin behar duk. Zenbaitek dakite batuan egiten euskalkira pasa gabe? Oso jende gutxik.
ZuZeu Podcasteko elkarrizketa batzuk egitean ere zalantzak izan dituk, eta hik aipatu huan sare sozialetan.
Bai, baina azkenean hika egin zitean Andoni Egañak eta Oier Aranzabalek, eta ikusten duk badela saiakera bat batuaz eta hikan egiteko; oroitzen nauk aditz batzuekin, “duk” batua euskalkiko “dek” beharrean eta beste… baina kosta egiten zaiek, normala den bezala, ez dutelako egiten. Hitano batua ez duk zabaldu.
Ziurrenik antzeko erreakzioa izango zuten askok duela 50 urte euskara batua sortu zenean.
Hori duk gure susmoa. Garai batean esate huen euskara ezin zela irakatsi, jaiotzetik jakin behar zela, eta antzeko eztabaidak izan zituan bertso eskolak sortzean duela ez hainbeste urte. Etxean jasotzen duk, edo ezin duk ikasi. Hitanoarekin diskurtso bera errepikatzen ari duk orain. Hitanoaren inguruko ikerketa egiten gehien ateratzen den hitzetako bat duk “naturala”. Uxue Alberdik aipatzen zuen “naturala” den hori “naturalizatu” ahalko lukeela berak, baina kosta egingo zitzaioan. Ez duk erraza… Gainera, hitano hiztun naturala jabetzen bada bere solaskideari kosta egiten zaiola hika egitea, berehala pasatzen duk zuka egitera.
Musika taldeak ikertu dituk?
Pentsatu izan diat. Jaqueline Urla izeneko autore estatubatuar batek hemengo gauza ugari ikertu ditik, eta esaten zian hemen RRV inguruko taldeen artean hika asko egiten zutela letretan; euskaraz egiten zutenak kontutan hartuta, noski. Niri, pentsatzen jarrita, ez zaidak iruditzen hainbesterako zenik. Hertzainakek dezente zauzkak, eta tantaka entzuten dituk gutxi batzuk, baina egun %90 baino gehiagok, zalantza izpirik gabe, zuka egiten dik. Nik uste musikari askok hika egingo dutela haien eguneroko bizitzan, baina gehienetan letrak batuaz idazten dituztenez hika bidean ahaztuko ditek. Hau hipotesi bat da, ez dakit.
Brigada Criminal etorri zaidak burura…
A bai? Entzungo ditiat. Glaukoma otu zaidak orain, eta normala iruditzen zaidak, rapak edo hip-hopak eskatu egiten dik. Nik uste Glaukomak geroz eta gehiago jo duela euskalkira, eta hortik hikara. Ia beti toka egiten ditek, hori bai; azken diskoan oso egoera konkretu batean nokako forma bat nian fitxatuta. Gainontzean, esango nikek hika oso bazterrekoa dela egungo musikan. Hor dago ere “hi burges madarikatua, ez duzu inoiz ezer ulertuko”. Aurrena “hi”, eta gero “duzu”. Ez dakit zergatik, neutroa erabiltzeagatik edo…
Hi burges madarikatua, ez dun/k inoiz ezer ulertuko?
Bai, zenbait karteletan ikusi dut, eta guk ere erabiltzen dugu tarteka. Baina hori ez duk errotuko… Kortaturen abestira itzulita, pentsatzen diat “hi” sartu zutela indarra emateko, “zu” baino indar gehiago daukalakoan, ez delako hain oldarkorra edo agresiboa bestela.
Twitter kontu bat daukazue, @TokaNoka. Ze ikusten duzue txioerrian?
Ezer gutxi, eta agian hobe, ze ikustekotan bi mutil elkarri hika egiten ikusiko genitian bakarrik, eta hor emakume bat arrotz senti daitekeen espazio bat sortuko zuan… Niri beldur pixka bat ematen zidak, ze hitanoa sustatzen diagunean, kasu honetan bezala hedabideetan sartzeko, normalean bi gizonen arteko zerbait izango duk. Lortzen dugun efektua duk hika pixka bat ikusgarriagoa egitea, baina aldi berean tokaren eta nokaren arteko arrakala handitzea. Adibide publikoak jartzeagatik, Aitziber Garmendia aktoreak hika egiten du? Nik dakidala ez. Eta Aitziber Garmendiak ez badu egiten nork egingo du ba? Hitanoa ikusgarri egin nahi dugunean, normalean, toka egiten diagu ikusgarri.
Hitanoak, ordea, sekulako potentziala zeukik bai euskararentzat, baita berdintasun eta adiskidetasun parametroetan emango diren harremanentzat.
Inongo zalantzarik gabe. Euskararen kolore paletaren barruan hitanoa bat duk, eta kristoren jokoa eman zezakek. Gizonen artean anaitasun giro bat sortzen duen bezala sor zezakek ahizpatasuna, eta noski, konplizidadea elkarrizketa mistoetan. Egungo D ereduko eskoletako ikasleen %80ak ez omen dik euskara etxean jaso, eskolan baizik, eta hiztun komunitate handi horrek ikusi zezakek hitanoan testuinguru formaletik irteteko tresna bat. Baina non ikasiko dute? Eskolan? Baina orduan agian ez dik balioko, testuinguru formalean sartu baita. Hitanoa testuinguru formaletik ihes egiteko erabiltzen denean, guk hitanoa eskolan sartu?
Beñat Muguruza
Beñat Muguruza Beñat Muguruza Beñat Muguruza
…
Hitanoa-ri buruz zuzeun Ritxi Lizartzak idatzitako Hitanoa eta generoa I eta II artikuluen estekak hemen:
Inori interesa dakiokelakoan… Hari hau ekarri dit elkarrizketa honek gogora:
https://www.google.com/amp/s/31eskutik.com/2013/12/16/emakumeak-bere-buruari-nola/amp/