Hitanoa eta generoa (eta 2)

Hitanoa eta generoa (1)

Hitanoa eta generoa (eta 2)

Atzo hasi genuen Hitanoa eta generoari buruzko hausnarketa honek, gaur du segida eta amaiera. Azken hitza baino lehen, gure kantutegiari behatuko diogu.

Euskal abestiak

Hitanoa eta generoa

Euskal errepertorio zabaletik aukeratutako hainbat abesti hartuko ditugu jarraian. Gehienak tradizionalak dira. Bi eratakoak ikusiko ditugu, genero aldetik baztertzaileak direnak eta beste batzuk, hartzaile zuzena (gizonezkoa edo emakumezkoa, kasuan kasu) izanda, egoki idatzita daudenak. Gogoan izan behar dugu tradiziotik hartutako abesti asko akaso ez zirela jaso ditugun bezala sortu, eta egin duten ahozko bidean sortu direla, akaso, arazoak (Ituringo arotza da kasuetako bat).


Baztertzaileak ikusiko ditugu, hasteko:

Aupa gizona, jaiki mutil!
Atzar emazte ta neskatil!
Borrokarako dei eginaz
irrintzi bat dabil,
Euskal Herria diagu zai,
presoak eta hilak ere bai,
abertzale izan ezkero gaur,
gauden denok anai.
Borrokari, luza zaidak eskua,
huna hemen nerea zabalik,
euskaldunok banan-banan hiltzea,
otso beltzak ez dik beste nahirik.
Euskadiren alde
loturik bagare,
goaz borrokara
nagusituko baikare.
Gerokoak geroko utzi,
gaur herriak ziok:
Tnahi diat bizi.

Telesforo Monzon

Hator, hator, mutil etxera

Gaztaina ximelak jatera

Gabon gaua ospatutzeko

Aitaren eta amaren ondoan.

Ikusiko duk aita barrezka

Ama ere poz atseginez

Eragiok mutil…

Herrikoia

(Honako hau berez ez da baztertzailea, baina mutila bakarrik aukeratu izana da arazoa).

Ituringo arotza

… Arotzak erran dio bere andreari:

– Urtu behar dinagu, ekarran santu hori.

– Gizona nora zoaz? Bekatu da hori.

Oskarbi

(Kasu honetan, senarrak hika egiten dio emazteari, eta emazteak, berriz, zuka).

Kantazak euskalduna,

Kantazak hire herria!

Kantazak euskalduna,

Hire aberria!

Pantxoa eta Peio

Lepoan hartu ta segi aurrera

Gazte bat lurrean aurkitu dugu,

lore gorriz beterik kolkoa

burdinen artetik ihesi dator

euskal gazteriaren oihua!

mutilak, eskuak elkar gurutza

ekin ta bultza denak batera!

bidean anaia erortzen bazaik

lepoan hartu ta segi aurrera!

Ez dugu beldurrik,

ez dugu lotsarik

nor geran, zer geran aitortzeko!

ez gaituk lapurrak, ez eta zakurrak

kataiaz loturik ibiltzeko!

gizonak bagera, jo zagun aurrera,

gure herriaren jabe egin arte!

askatasunaren hegal azpian

kabia egiten ohituak gare!

ibiltzen aspaldi ikasia dugu,

otsoak eskutik hartu gabe!

Arrotzek ezpataz hil nahi banaute

izutuko gaituztelakoan,

zutitu ta euskaraz mintzatuko naiz

nere hiltzailearen aurrean!

mutilak, ez gero nigarrik egin

erortzen banaiz gau ilunean,

izar berri bat piztutzera noa

Euskal herriko zeru gainean.

Telesforo Monzon

Laster, laster

Laster izango duk

Hik eta nik

Itxaroten joaguna.

Gontzal Mendibil

Leire Narbaizak beste txio batean dioen moduan, genero ikuspegia berrikusteko dute abesti hauetako askok, eta arlo horretan, hitanoaren erabilera gehituko dugu guk:

Monzonek ahalegina egiten du neskatilak, mutilak, emazteak eta gizonak ideia baten inguruan biltzen, baina hika egiteko garaian toka baizik ez du aukeratu (neskatila-mutila, emazte-gizona asimetriak aipatzea interesgarria da, bestalde). “Euskaldun” horretan gizonezkoak bakarrik ageri dira hartzaile moduan, “kantazak” dela eta. Beraz, errespetu handirik ez zaio erakusten genero-ikuspegiari. Seguru beste hainbat abestitan egongo dela topatzea halako joetrak.

Jarraian beste abesti batzuk, oraingo honetan egoki jorratuak. Pertsonen artekoak, elkarrizketa iradokitzen dutenak animaliekin (ar zein eme), loreekin eta landareekin, eta kasu guztietan (emakumezkoekin aritzen garenean izan ezik) toka jarduten da tradiziotik. Noka markatua ote, beraz?

 

Haika mutil, jaiki hadi,

Argia den mira hadi!

-Bai nagusia, argia da,

Gure oilarra kanpoan da…

Herrikoia

Kontrapas

… Euskara, jalgi hadi mundura!

Lengoajetan ohi hintzan

estimatze gutitan;

orai aldiz hik behar duk

ohorea orotan.

Bernat Etxepare

Txorittua, nurat hoa

Bi hegalez airean?

Españalat joateko

Elurra duk bortüan

Joanen gutuk elkarrekin

Hura urtu denean…

Herrikoia

Jaun kaputxin

… Asto zikin milatua

Handia duk bekatua,

Makin huntarik jasta ezak

Joanen dituk hire hatzak.

Xalbador

Txinaurria

Hauxe diat txoria. hiri erraiteko

nik ere bi beharri hire aditzeko

kanpoan baduk orain gauza ainitz biltzeko

emak zoko batera neguan jateko

lanari lotzen bahaiz ez zauk dolutuko.

Herrikoia

Oi, Pello, Pello,

logale nauk eta

Jinen niza ohera?

-Irun ezan eta,

Gero, gero, gero,

Irun ezan eta,

Gero, gero bai…

Herrikoia

Gaueko txori gorria

Hator eta

Hire kabira

Eroan nazak

Gorka Knörr

 …

Goizean argi hastean

Ene leiho hegian

Txori bat pausatzen da eta

Goratik hasten kantan

Txori ejerra, bai alegera

Entzüten haidanean

Ene bihotzeko tristüra

Laster doak aidean.

Etxahun Iruri

ALFERRETAN HAIZ SORTZEN (1862)

Alferretan haiz sortzen, oi lore maitea,

Baratze bazterretan umilki gordea;

Bafada goxoenak hau bethi salhatzen,

Hire egoitza bakhotxak aiseki khausitzen.

Orai errak zertako haizen hoin herabe;

Eder duk modestia, bainan gaindi gabe.

Berthutean orobat, bertzetan bezala,

Jakizak, ez badakik, negurri badela.

Bertze lore guziak, sorthu bezain sarri,

Arrai dantzan bizi tuk, zefir soinulari;

Hi aldiz belharpean, burua behera,

Alhargun bat iduri lurrari begira.

Bainan diok Jainkoak hauela landatu

Ez dukala lekhua heronek hautatu.

Hori baizik ez bada, hoi bada guzia,

Adi nezak zer gerthuz hagon ehortzia:

Jaunak hire hazia hola estaltzean

Ber’ustez bertze zenbait zaukaian eskuan;

Ezer dukan soin hori eztuk ilhunbeko,

Hain guti hire hatsa lurrak iresteko.

Ez dik naturalezak bere mila obretan

Nihon deusik agertzen egina alferretan;

Bada bahintz munduan gordea egoteko,

Hire dohain guziak, errak, zertarako?

 Horra beraz argitan zeruko xedea,

Egun etzaik zilhegi duda egitea.

Orai behar duk jakin, entzun nezak ongi,

Hire gana zertara ni nauten igorri:

Hire lagunek haute beren gana deitzen.

Jelosia bera ere heier duk juntatzen.

Altxa beraz lurretik, ez ukha ethorkia:

Arrosaren aldean duk hire tokia.

Bordaxuri

Gaur egungo hainbat abesti ere ekarriko ditugu atal honetara:

Maite haut

har nazan

arrats odolduko hodei bizia

itsatsiak ditinat egunak

haurtzaroak sorginak bezala

eta asfaltoa ez dun karameluzkoa

eta gizon hura uste bezain ona

etxea ustelez erortzen ari dun

eta ez gidoigileak gura zuelako

maite haut

behar bada

baikor egingo naun

hiretzat

euri leuneko goiz triste horretan.

Bide Ertzean, JL Otamendi

Udazken koloretan,

landen lurrinak

zeharkatuz,

hitaz oroit

eta higan nauk.

Zuhaitz biluziaren

gerizpean orpondoa,

orbelaren hilobi,

horiz eta gorriz

dena lokarturik,

dena lokarturik.

Eskuratu hostoa

xume bezain eder,

hain soila bere heriotzean,

zuhaitz guztiaren

bizkortasunez hain betea,

non erortze honen duintasunak

hiri kantatzera naraman.

Berriro zuhaitzari

so natzaiok, kezkaturik ote?…

joate askearen oparotasunean,

betikotasunaren irria zirudik.

irria zirudik.

Gatibu naukan denborak,

bere baitan egositako

ametsetaz isekaz

bailegoan.

Udazken koloretan,

landen lurrinak zeharkatuz,

hitaz oroit eta higan nauk,

hain soil hire heriotzean,

hain xume, adiorik gabeko

partitzean

Benito Lertxundi

Ingo yeu, ingo ñeu

Sinplea da hau:

maite dut eta maite nau

nahiz ta hori elkarri

ez aitortu sarri.

Begira,

Sentimenduak

hitzak bezala landuak

bihotzetik mihira

galdu egiten dira.

Ezagutu nuen egunean

nintzen haur

Orduz geroztik barrenean

Desioa bihurtu zait behar

Lehertzear

esango diot azkenean

eta gaur…

Ingo yeu, ingo ñeu

Euskara eta euskaraz

Ingo yeu, ingo ñeu

Hartuaz eta emanaz

Hasiak, hazi,

erabili ta ikasi

etorkizuna gaurtik

hasten da, badakit.

Begira

mihien hezean,

maiz erabili ezean

hitzek duten distira

mantentzea ezin da.

Zertako jo beste batengana

ematen

badit beti behar dudana?

Goza dezadan ni osa nazan

ta esan

hotsak ta hitzak erdibana

ta aurten

Ingo yeu, ingo ñeu

Euskara eta euskaraz

Ingo yeu, ingo ñeu

Hartuaz eta emanaz…

Alaitz eta Maider, Kilometroak Oiartzun

Erria txikota

Saria hausiya zekarkiñe

marian sartuko omen ditun

eokieran, bi mila baixkiñe,

beatzik alden palota abitu.

Etzion guk konpondu ezinik

Baño lanai gor ekiñ aurretik

Saria zabaldu ertza danetik

Eztiñau ber joskura okerrik

MUTILLOYAN AMARRATUTA

ZENBAT LEZAKE KONTA…

AITU, MUXU BOTA

ABITZEA GUAZTIK, ERRIA TXIKOTA!!

Arrai tokin aberi zikiña

Hogei brazan tarrata garbiya…

MUTILLOYAN AMARRATUTA

ZENBAT LEZAKE KONTA…

AITU, MUXU BOTA

ABITZEA GUAZTIK, ERRIA TXIKOTA!!

Kilometroak 2014, Orio.

Azkeneko kanta hauen egokitasuna ere ez da parekoa hitanoari dagokionean. Oiartzungo kantuaren kasuan, oreka ekartzen du leloaren errepikapenak. Orioko kantuaren kasuan, berriz, noka jarduten dute saregileek, baina denok bilduko dituen esaldia osatzerakoan: “Abiatzea guaztik, erria txikota”.

 

Azken hitza

Zer jorratu ugari emango du oraindik gaiak, harreman sozio-afektiboetako arauak (edo gutxienez ohiturak) aldatzen ari diren neurri berean, genero aldetik ere aldaketa asko gertatzen ari direlako. Batek baino gehiago esango du ez direla aldaketa egokiak, ezin onartuzkoak direla. Beste batzuentzat, berriz, erabilera zehatz batzuen bilduma izateko asmoa besterik ez duen zerrenda hau ezagutzen ez zuten arazo baten lekukotza izango da. Egongo dira beste batzuk hemen bildutako joerez jabetu ez direnak. Batzuei eta besteei zer pentsatua emateko asmoa izan dugu, arazo batez kontzientziatzeko. Hika egiteak lagunarteko giroa iradokitzen du eta, adibidez, erakunde askoak gazteengana hurbiltzeko erabiltzen duten erregistro-bidezidorra da, baina arazoa geratzen zaie hika egiteak toka egitearekin nahasten dutenean.

Hitanoaren erabilera tradizionala gainbehera datorren honetan, gero eta indar gehiago hartzen ari da gazteen (batez ere mutilen) artean kalean jaso eta hala nola osatzen ari diren hika egiteko eredua, askotan irizpide askorik gabea. Horren eraginez, hitanoak berez dituen mugak ez dira ezagutzen (*Ez dek egia ez Antton dekela garaiz etorri), zuka eta hika nahasteko joera da arazorik ohikoena (*Esan nian, baina ez zenidan kasurik egin) eta neskei edo zuka (hau gertatzen da gehienetan) egiten zaie edo toka egiten zaie (gero eta gehiagotan gertatzen ari da fenomeno hau).

Arrazoia euskaldunok berez hitanoaz dugu aurreiritziekin lotuta dago, aspaldi honetan ez baitzaigu egokia iruditzen mutilei bezala, neskei ere hika egitea.

Hizkuntzaren erabilera aurreiritzi moralekin nahasten dugu.

Horren ondorioz, kalean hika ikasten duten gazteek ez dute irizpide zuzenik (Euskaltzaindiaren gomendioetan oinarrituta) erakutsiko dienik eta, gainera, noka existitzen denik ere ez dakite. Nola jardun orduan, neskekin?

Konponbidea ez da erraza. Ederra da Juan Luis Zabalak EZIEren 31eskutik blogean egindako umorezko planteamendu apokaliptikoa.

Eskolan txertatu beharreko hizkuntz atala da, baina helburua ez da adizki-taula bukaezina buruz ikastea, ondo erabiltzen erakustea eta praktikatzea baizik. Era berean, mintzalaguna eta enparauetan txertatu beharra dago, eta, behar denetan, ikastaroak antolatu. Kalean arrakasta daukala ezin da ukatu, bide onera izango da lanik handiena, ordea. Esan bailiteke erabiltzaile adina hitano eredu (eta horietako asko bide laburrekoak) daudela bizirik kalean.

Genero aldetik errespetuzkoak diren aukera dezente ikusi dugu bilduma honetan, eta nokak aurrera egingo duen neurrian, moduok erabiltzea ezin egokiagoa da genero-ikuspegiaren aldetik errespetuz jokatzeko.

 

Bibliografia aipamen batzuk:

– Amelia Barquín. 2008. Euskararen erabilera ez sexista, 19-20. or., Emakunde.

– Miren Azkarate. 1992. “Euskara estandarra eta hizkuntza-sexismoa”, Ele, 11-12, 91-98 or.

– Fernando Rey Escalera. 2013. Emakumeak bere buruari nola?. EIZIE, 31 eskutik. Eta hurrengo erantzunak.

Hitanoa eta generoa (eta 2)

generoa, hitanoa

11 pentsamendu “Hitanoa eta generoa (eta 2)”-ri buruz

  • Zalantza handiak ditut hitanoa artikuluak adierazten dituen terminoetan irakastea (“ondo erabiltzen erakustea eta praktikatzea”) eskola helburua izan behar duenik. Ezin etengabe eskolaren bizkar utzi guraso, familia eta gizartearen nahi eta ezinak. Hitanoa hizkuntza eredu informala da, etxekoa eta lagunarteakoa; eskola, berriz, hizkuntza jaso eta formalaren esparrua da, inon bada. Bertzela jokatzea iparra galtzea da, nire ustean.

    • Eki Zubimendi 2015-04-15 17:29

      Ba ez dakit ados nagoen Joxemari, irizpide egokiak ezagutarazi beharko dira, ezta?
      Hitanoa hizkuntza eredu informala bada ere, erabilera egokia erakustea, irizpide egokiak ezagutaraztea etxe eta lagunartean egitea…
      Eskolatan egiteak dauka zentzua nere ustetan.
      Transmisioaren kontua beste esparrutan ere egitea primeran, baina irizpide egokien ezagutza eta erabilera egokia erakustea eskolan egin behar dela uste dut nik.

  • Mañu Fernandez 2015-04-16 06:08

    Euskal hiztunak ari badira generoa berdintzen, zergatik salbatu behar da bereiztu egiten duena, edo zergatik erakutsi behar da kontrakoa eskolan. Eskema sinplea da: eremu formalean zuka eta lagunartean toka. Matxista naizela esango didazue batzuok, baina gizartea da matxista, nesken hika baztertu badu.

  • Nik hitanoa kendu egingo neuke, horrela, pakea!

  • Horrelako txikikeriekin bueltaka, eta total zertarako eta gaur egungo ume eta gazteen euskara negargarria dela konturatu gabe, euskara EZ DELAKO EGITEN.

    Eta euskara ez egiteak inseguridadea dakar: herri txikitako gazteek hika gaizki erabikiko dute edo hika ta zuka nahastu, baina herri handietako umeen artean “jolastu nais kontra Mikel” edo “ahal nais joan en kotxe?” modukoak zabaltzen ari dira, euskara egiten dutenean noski.

    Hitanoak ezer ez nau kezkatzen, panorama zein den ikusita.

    • euskara egin ala euskaraz egin?

      • Orotariko Hiztegia 2015-04-18 12:05

        EUSKARA EGIN. Hablar en lengua vasca. Gordeizuz zeuben arterako berba ezain orrek, ta egizu euskera. Mg PAb 84. Berriz euskera egiten dezu, dala giputzen, dala bizkaitarren gisan. VMg VII. Guztiok egin daigun / Gogotsu euskera. Echta Jos 349. Lotsaria bezela / euskera egitea. JanEd II 19. Orok eiten genduan alkarraz euzkera. Enb 32.

    • Ritxi Lizartza
      Ritxi Lizartza 2015-04-21 23:55

      Txikikeria, norberak nahi duena adinakoa. Gazteek ez ditek euskaraz egiten, seguruenik, aurrekoon aldetik jaso duten eredua eskasa delako, gazte giroan erdaraz lagun giroa erdaretan gauzatzen delako. Zergatik galdu ote du euskaraz erabilgarritasun hori? Hitanoa arlo askotan galdu egin delako, modismoak erdaraz zabalduago daudelako, guay delako erdaraz egitea, nahiz eta esaldi guztiak euskaraz hasi.
      Hizkuntza erabilera eta hizkuntzarekiko hurbiltasuna eta zaletasuna berreskuratu behar ditiagu. Hizkuntza erabilgarri egin. Baina inori ez zioat entzun esaten: “Euskara ez da egiten, horixe da arazoa, ken ditzagun izenondoak, nori axola zaizkio? Arazoa euskara ez erabiltzea da”.
      P.D.: Konturatu gabe toka idatzi diat, zerbaitegatik sentitu diat gizonezkoa hintzela; hala ez bada, barka!

  • Zehaztapen txikitxo bat, eztabaida naguisiarekin zerikusirik ez duena: kantaren bat edo beste pertsona jakin baten kontura osatuak direla izan behar dugu kontuan. Horrela, Benitoren “Udazken koloreak”, oker ez banagok, Jose Anjel Irigarairen omenez konposatu zen. Beraz, normala da gizonezkoaren hitanozko markak izatea.

  • Aitor Arregi 2015-04-20 21:38

    Uste nuen joko honek kanpainia zuela. Multijolastagailua hutsik dago eta inteligentzia artifiziala zaborra da.

  • Ritxi Lizartza
    Ritxi Lizartza 2015-04-21 23:47

    Aitor, arrazoi osoa daukak. Horrexegatik esan diat puntu batetik aurrera dauden abestietako hikako tratamenduak zuzenak direla.Bai Benito Lertxundirena, Bai Bide Ertzeanen kanta, baina tradizionalak… Mila esker interesagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude