Behatokiak helegitea jarri dio Osakidetzako Logopeden lan-deialdiari
Behatokiak helegitea jarri dio Osakidetzako Logopeden lan-deialdiari –
Euskara gaitasuna merezimendu gisa soilik puntuatzeak pazienteen behar bezalako zerbitzua eskaintzeko neurri desegokia dela deritzo Behatokiak.
Euskal hiztunen hizkuntza-eskubideen urraketak eta okerreko diagnostikoak gertatzeko arriskuaz ohartarazi du.
Abenduaren 14an, Osakidetzako estatutupeko lotura finkoa lortzeko Logopedian Diplomadunen deialdia argitaratu zen, eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak deialdiaren oinarriekiko helegitea aurkeztu du.
Deialdi honetako oinarrien arabera, orohar ez da derrigorrezko betekizuna euskararen ezagutza eta beraz, Osakidetzako Logopeda lanpostuak euskara jakin gabe ere lortu daitezke.
.
Testuinguraketa
Egun 8 bat logopeda lan-postu daude Osakidetzan, aldi baterako kontratazioez gain. Zortzi lan-postu finkotatik hiruk baino ez dute derrigortasun data iraungita (2. Hizkuntza Eskakizuna) eta, ondorioz, besteetan ez da nahitaezkoa euskarazko ziurtagiria edukitzea. Behatokitik beraien lanarekiko ezinbesteko betekizuna beharko lukeela uste dugu, eta beraz, bada garaia Osakidetzak egungo plazen derrigortasun-datetan aurrerapauso sendoagoak egiteko. Kasu honetan, logopeda guztiei galdegin beharko zitzaien euskararen ezagutza, ez soilik plantillan derrigortasuna duten lan-postuetakoei.
Merezimenduen baremoan euskarazko 2. Hizkuntza Eskakizuna edukitzeagatik 18 puntu eskaintzen dira eta 1. Hizkuntza Eskakizuna edukitzeagatik 9 puntu. Puntuaketa soila, pazienteen hizkuntza-eskubideak bermatu eta behar bezalako kalitatezko zerbitzua eskaintzeko neurri desegokia dela deritzo Behatokiak.
Izan ere, ahotsa, mintzaira eta hizkuntzari lotutako patologiak ebaluatu, diagnostikatu eta tratatzeaz arduratzen den osasun profesionala da logopeda eta bere praktika klinikoan hizkuntza, komunikazio tresna izatetik harago, azterketaren, diagnostikoaren eta interbentzio klinikoaren muina da. Beraz, bertoko hizkuntza egoki menperatzea nahitaezkoa izan beharko litzateke.
.
Garapena
Adituen esanetan, paziente elebidunak gaztelaniaz bakarrik aztertzeak diagnostiko okerra eta infra-diagnostikoa eragin ditzake, erreabilitazio funtzional handiena lortzeko aukerak mugatuaz. Euskal hiztunen tratamendu logopedikoaren erabateko onura bermatzea herritarren eskubideak berdintasunean bermatzea da, beraz, profesionalak euskarazko praktika klinikoa gauzatzeko gai izan daitezen, neurri egokiak hartzeko eskatu dio Behatokiak Osakidetzako Administrazio Kontseiluari.
Behatokiak helegitea jarri dio Osakidetzako Logopeden lan-deialdiari