Kulturgintzan aritzeko eta eragiteko bide berrien inguruko gogoeta bultzatuko du Topaldiak

Kulturgintzan aritzeko eta eragiteko bide berrien inguruko gogoeta Topaldiak – 

2022ko Topaldia, urtarrilaren 27an, Bilborocken (Bilbo) egingo da, Kulturgintzan euskaltzale. Zein da euskaltzaleon rola kulturgintzan? izenburupean, eta izena emateko epea zabalik da jada.

Hain zuzen ere, izenburuak planteatzen duen galderari erantzuteko lehen urratsak ematea da lortu nahi dena. Horretarako, kulturgintzaren sistema osatzen duten eragile ezberdinei gogoeta egiteko gune aproposa eskaini nahi die Topaldiak, kulturgintza ulertzeko zein kulturgintzan aritzeko ohikoak ditugun egiteko moduei buruz elkarrekin hausnarketa egiteko.

Hausnaketa prozesua elikatu eta etorkizunera begirako ikuspegi zein jarrera berritzaileak eraikitzen hasi ahal izateko, kulturgintzako eragileentzat baliagarriak izan daitezkeen bitarteko ezberdinak jarriko dira Topaldian esku-eskura.  Alde batetik, euskalgintza eta kulturgintza elkarlotzen dituzten bi esperientzia interesgarri hurbiletik ezagutzeko aukera egongo da:

  • Elgoibarko esperientzia: euskalgintzak eta kulturgintzak nola bat egiten duten agerian utziko du.
  • Iruñerriko esperientzia: herri mugimendu ezberdinen elkarlanaren ondorioz, euskara modu naturalean erdigunean jartzen duten proiektuak sustatu dituzte.

Horrekin batera, kulturgintzaren eremuan kokatzeko pisu espezifikoa duten baliabideen berri izateko aukera ere zabalduko du Topaldiak, adituen eskutik:

  • Bitartekaritza: Kulturgintzan osatzen duten eragile guztiek elkarrekin lanean jarduteko baliabidea da bitartekaritza; elkarlanerako jarrera bat. Honen berri emango dute Artaziak kooperatibako adituek.
  • Komunikazioa: euskal kulturgintza mundu digitalean kokatzeko gakoak eskainiko dizkigu Burutü komunikazio agentziako zuzendariak.

Topaldiari buruzko informazio guztia eta izena emateko aukera topaldia.topagunea.eus orrialdean aurkituko duzue.

Kulturgintzan aritzeko eta eragiteko bide berrien inguruko gogoeta bultzatuko du Topaldiak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude