Bat(ek) izan ezik
Bat(ek) izan ezik –
Gaztetxoak ditut ikasle, hamasei eta hamazazpi urte bitartekoak. COVID-19a dela eta, gelako edukiera murriztuta, aurten, talde txikiagoa(k) d(ir)a, bederatzi ikaslekoa(k). Batxilergoa ari dira burutzen eta, bitartean, eskolaz kanpoko jarduera gisa edo, C1 titulua prestatzera datoz euskaltegira; gurasoek bultzatuta, bat izan ezik.
#Euskaraldia hasi berri den honetan, azalpen batzuk eman dizkiet eskolan; zer diren #belarriprestak, #ahobiziak eta, maila kolektiboan, oraingo #ariguneak. Eta, euskaltegi batean egonik eta, gainera, ikasgelan taldea garenez, guri geuri arigune gisa jardutea dagokigula. Hori guztia material zozketa baten harira, gelakideen artean. Ikasleek, ordea, ezer gutxi zekiten Euskaraldiaz, rol ezberdinez eta abarrez; batek izan ezik.
Orduan, berriketan ibili gara euskararen egoeraz, euskaraz jakin arren jendeak ez duela egiten, bereziki gazte jendeak eta “gurea” bezalako ingurune erdaldunean (Bizkaiko Ibar Ezkerra), eta ez dakit zer eta badakit nor. Eta garbiki azaldu didate euren jarrera: euskara oso zaila da, mundu guztiak esaten du gauza bera, eta, nahiz eta txikitatik euskaraz ikasi (estudiatu) duten, errazagoa zaie erdaraz jardutea. Euskara eskolarako kontua da (baita euskaltegirakoa ere), baina, hortik kanpo, gaztelania dute komunikazio-hizkuntza bakarra, eta, batxilergoa amaituta, gaztelaniaz jarraituko dute ikasten, errazagoa zaielako. Erdaraz bizi nahi dute. Hortaz, ez zaie interesgarri izaten, ezta motibagarri edo erakargarri ere, euskararen aldeko jarera aktibo bat hartzea; bati izan ezik, nik uste.
Bakar horrek ezer gutxi esan du berriketaldi osoan zehar, taldekoen barreak eta txantxa itxurako iruzkinak entzun eta konplizitate keinuren batzuk egitera mugatu du bere jarduna. Eta zozketa egin dugu. Materiala, #Euskaraldiaren oihalezko zorro bat tarteko, berdin antzera pentsatzen duten zortzi gaztetxoetako bati egokitu zaio. Erdi txantxetan edo, denok ondorioztatu dugu, zorroa praktikoa denez, erabilgarri ere badela eta, #Euskaraldiaren publizitaterik ez egitekotan, aukera duela iruntzietara eramateko kalean, logoa gorputz aldera ezkutuan edo.
Isilik jardun duen ikasle bakarrak ama du euskaldun, euskaldun zaharra, berak dioenez, eta ohitura dute betitik euskaraz egiteko euren artean. Ikasle horrek atxikia du euskara bere bizimoduan. Berak ez dit esan, baina nik badakit amak transmititu diola euskararekiko atxikimendu hori. Berak badaki euskara bere hizkuntza dela eta, erabili ezean, galdu egingo dela beren familian, beren inguru hurbilenean; beren nortasunaren zati behinena galduko dutela, azken finean. Ez du ozenki esango, ordea. Hamasei urte besterik ez du eta, lotsati edo, kikildu egiten da besteren aurrean euskal nortasunaren aldeko jarrera aktiboa agertzerakoan. Eta ez da erraza korapilo hori askatzea.
Abian da #Euskaraldia. Bejondeiola euskarari!
Euskaraldiaren azpiko errealitate gordina…
Edarra artikulua! Gaur egungo egoera zein dan agerian uzten dauena. Bilbo Handiko errealitatearen islada argia. Euskarak eta Euskal Herriak hor deko benetako erronka, belaunaldi berrietan euskal nortasuna sustatzea, alegia!!!
Ez da Bilboko kontua soilik, eremu erdaldun osoan oso hedatuta dago hori. Euskararekiko atxikimendua ez ezik, euskal kulturarekiko atxikimendua ere eskasa da.
Ni arabarra naiz eta nire lagunei euskal ospetsuei (erreferenteak) buruz galdetuko banie, soilik ikasle garaiko ospetsuak izendatuko lukete, hau da, garaiko musika taldeak, pailazoak eta kirolariren bat.
Ikastolatik at ez dute euskalduntasuna landu, gutxi batzuk bakarrik mantendu dugu euskararekin genuen harremana.