Espaziorako bidean Euskaraldia ere

Espaziorako bidean Euskaraldia ere –

Larunbatean, azaroak 21, Europako Espazio Agentziak, ESAk, Sentinel-6 jaurti du, itsasoen altuera neurtzera datorren satelitea, eta Alberto Arizkorreta Arano ingeniari aeroespazialak euskaraz komentatu du jaurtiketa, streaming bidez zuzenean.

Astigarragako Euskaraldiak bat egin du emanaldiarekin.

Espaziorako bidean Euskaraldia ere
Sentinel-6

Astigartar gaztea da Arizkorreta, espazioarekiko zaletasuna txikitatik landu duena. Ikasketak Madrilen burutu eta Ingalaterran osatu zituen, eta aurretik ere kolaboratu izan du ESAren egitasmoren batean -Alemanian izan zen eta Twitter bidez @axpere kontuan zabaldu zuen informazioa-; oraingoan ere Europako Espazio Agentziaren oneritzia du jaurtiketaren berri emateko.

Sentinel-6 Michael Freilich satelite ozeanografikoa azaroaren 10ean zen jaurtitzekoa, Vandengbergetik (Kaliforniatik), baina atzerapen batzuk medio gaur jaurti dute, azaroaren 21ean, arratsaldeko 18.17ean (EHko ordua).

Data aldaketarekin jaurtiketak Euskaraldia bete-betean harrapatuko zuela ikusita, ariketan Ahobizi den Arizkorretak herriko batzordeari proposamena luzatu zion, emanaldiarekin bat egin zezan. Ekimen xume bezain berezia izan da, ez baita ohikoa jaurtiketa espazialak euskaraz jarraitu ahal izatea -ingelesa, frantsesa eta alemana erabiltzen dira nagusiki-.

Sentinel-6 satelitea gaur 18.17ean jaurti da (EHko ordua), eta https://www.twitch.tv/espazioa helbidean euskaraz jarraitu ahal izan da, streaming bidez zuzenean.

Astigartar ingeniariak adierazi digunez, jaurtiketa hutsak 8 minutu inguru baino ez ditu iraun, baina sateliteak denbora gehiago behar izan du orbitan jartzeko. Emanaldiak guztira bi ordu inguru iraun ditu eta https://www.twitch.tv/espazioa katetik jarraitu ahal izango da. Streaming bidez, zuzeneko irudi ofizialak eman ditu ESAk, eta ahotsa Arizkorretak jarri du, informazioa euskaraz zabalduz, aurretiaz prestatutako gidoirik gabe.

Zuzenekoaren ondoren, Twitch plataformak hamabost egunez gordetzen ei du emanaldia, ikusi nahi duen orok ikusi ahal dezan, eta ezabatu egiten du gero.

.

Sentinel 6

Arizkorretaren hitzetan, Copernicus konstelazioaren satelite berri bat da Sentinel 6 “itsasoaren altuera neurtzeko eraikia. Itsasoaren altuera klimatologia eta aldaketa klimatologikoaren ezaugarri nagusi bat da, eta arriskuan egon daitezkeen lekuak hobeto babesteko balioko du“.

“Europako Espazio Agentziaren eta Europar Batasunaren proiektu bat da Copernicus konstelazioa, “etengabeko informazio zehatz eta fidagarri eskuragarri edukitzeko helburua duena -Arizkorretaren esanetan-. Informazio hau beharrezkoa da ingurugiroaren gestioa eta kontserbazioa hobetzeko, aldaketa klimatikoa ulertu eta bere ondorioak arintzeko. Informazio hau emergentzietan erabili hoi da, uholdeetan eta suteetan bereziki, baina nekazaritzaren produktibitatea hobetzeko ere balio du. Copernicus-etik lortzen diren datuak doakoak dira, eta eskuragarri daude edonorentzako”.

Espaziorako bidean Euskaraldia ere

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude