Bai, egia da, baina ez da aski

Bai, egia da, baina ez da aski –

Sekula ez bezala -agian 54 urte luze igaro izanaren indarrak bultzatuta-  Euskal Herri osoan, beste zerbait bizi izan dugu, gure hizkuntza jorratzeko garaian. Epe laburrean, sobera laburrean, baina lagundu, lagunduko du, ez dago zalantzarik, eta  arduradun guztiei, nire zorion zintzoa. Zer esanik ez, Paul Bilbao buru duen Kontseiluari. Ez dut ukatuko, gustatu zait.

Bai, egia da, baina ez da aski

Ez naiz laudorio zalea baina gezurra ez dut  batere maite. Behar bada horregatik, dantzak baztertu eta lanari eutsiz, gaur, aurrez aurre begiratzen badiogu  euskarari, ikusten duguna ez da batere polita. Gainerako hizkuntzarekin lehiatzea eskatzen dugunean, ez dugu ahaztu behar, gainerako hizkuntzak abantaila guztiak alde dituztenean, euskarak aurka izan dituela, eta dituela. Horrek eskatzen duena da, ahulenaren aldeko apustu garbia egitea, baina ez ahulena delako.

Benetan aukera berdintasunean lehiatzea nahi badugu, galdu den denbora irabazi beharrean gaude, eta hori inbertsioak eginez eta apustu politiko garbi bat erakutsiz egiten da. Oraindik ikusi ez duguna.

Euskararen normalizaziorako, eskola tresna egokia da baina ez nahikoa. Motibazio eta erabilpenari dagokionez, haurrak eskolan ikasitako hori ezin dezakete  erabili,  – eta ez Iparralde edo Nafarroan bakarrik – hainbeste herrik gaztelaniaz eta frantsesez funtzionatzen dutenean.

Kontuan hartzekoa da, gizartearen nondik norakoak helduek jartzen dituztela, beraz, ez da erraza ulertzea euskalduntzearen zama osoa haurraren bizkarrean jartzea.

Ez genuke ahaztu behar haurrentzat helduak garela erreferentzia eta helduek finkatzen dituzten hizkuntz erreferentziak txertatzen direla haurren artean.

Egia da aurrea egin dugula lurralde guztietan baina, zer nolako baldintzetan biziarazi dioten euskarari orain arte – gaur ere bai – hainbat lekuko ditugu, ez bai gara burbuila batean bizi. Aski dugu kiosko baten aurrean gaudenean, begiratzea, eta gurea zein murritza den ikustean ohartzen gara zigorrak iraun duela oraindik.

Nire ustez argilunez beteriko errealitate batean gaude. Euskararen alde handik edo hemendik ibili garenok bagenekien ez dela erraza izango. Bagenekien normalizazio prozesuak oso zailak izan direla leku guztietan. Hiztun gatazkak gertatu diren gizarte guztietan, bertako arazoekin topo egin dute, normalizazio horretara iristeko.

Normalizazio egoera helburutzat jotzen badugu, hiru bide uztartu beharrean gaude, zoritxarrez oraindik behar bezala lortu gabea. Lehenik, herri ekimena indarrean mantendu behar dugu, herriaren borondatea, hori gabe ezinezkoa baita. Argi eta garbi esan dezakegu ez dagoela normalizazio prozesu bati aurre egiterik, herriaren borondatea ez bada behar bezain sendo azaltzen.

Bigarrenik, bide instituzionala dugu. Hau da, instituzioak zein paper jokatzen ari diren normalizazio prozesu horretan. Eta hiru garenik, prozesu horrek behar duen legezko babes egokia, den edo ez den, litzateke gakoa.

Hala ere, irakurritako guztiak kontuan harturik, badut beldurra, normalizazioaz zer ulertzen dugun zehaztu beharrean gaudela. Nire ustez, herritar bakoitzari alor desberdinetan bere aukera bermatzen dion gizartea edukiz, gauzatu liteke  normalizazioa. Egia baita euskararen etorkizuna pertsonen aukeran dagoela, eta aukera hori bermatu egin behar dela gizartearen baitan.

Beraz oker dabiltza – ez baita egia – ofizialtasuna indarrean jartzeak, berez hizkuntzaren erabilpenari aurrerapen zehatzik eragiten direnik.

Badago beste arazo bat – beste bat – itxuraz gaindiezina, eta hau ideologikoa da. Onartu eta azpimarratu beharra dago behin eta berriro, euskaldungoan denok ez dugula berdin pentsatzen, erdaldungoan pentsatzen ez duten bezala. Hori argi, baina horrek ez du esan nahi berdintasunean bizi garenik, normalizazioaren bidean. Ez jauna.

Arazoa zaharkitzen ari zaigu, luze oso luze doa, eta ez badiogu behar duen indarrez heltzen, gehiago luzatuko da. Dugun guztia ez da aski, gehiago behar dugu egoera gaizto honi, ez aurre bakarrik, gainditzeko baizik.

Erdaldunak, Euskal Herrian ez dute arazorik pertsona bezala erdaraz garatzeko. Guk – nahiko genuke – baina gaur ez dugu eskatzen hemen mundu guztiak euskaraz egin behar duenik, eskatzen duguna da aukera berdina izatea. Azken finean, ez frantsesa, ez gaztelania, ez dira Euskal Herriko jatorrizko hizkuntzak, nahiz Hegoaldean gaztelania koofiziala izan.

Ingelesa hizkuntz koofiziala da Tanzanian, baina hala ere, inork ez du uste ingelesa, swahili bezain tanzanoa denik. Edo bai?

Bai, egia da, baina ez da aski
Bai, egia da, baina ez da aski
Bai, egia da, baina ez da aski
Bai, egia da, baina ez da aski

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.