Eraldaketa

Eraldaketa –

Handia da, zoritxarrez, kulturaren eta publikoaren artean dagoen aldea. Bata bestearengandik urrun daude, XXI. mendean, mende honek eskaintzen dituen tresna eta baliabideekin, zer egin daiteke alde hori txikitzeko? Kulturgileak eta publikoak gerturatzeko?

Eraldaketa

Sorkuntzari, sorkuntza-faseari, gehiago erreparatzeko? Eta euskal kulturatik, zer egin daiteke, zer dago egiteko, sortzaileon lana publikoari gerturatzeko? Zein dira publikoak? Eta publiko horiek zabaltzeko? Pertsona gehiago erakartzeko? Kultura eraldatzailea izateko? Sare berriak sortzeko? Hirizentrismoetatik ihes egiteko? Mendebaldeko herrialdeetan kultura eragile izateko? Ereduen faltari aurre egiteko? Baina… zer da kulturgilea izatea gaur egun Euskal Herrian? Uste dut Durangoko Azokak, urtez urte, ekarpen interesgarriak egiten dituela bide honetan baina uste dut ere kultur politiketan asko dagoela oraindik egiteko. Horregatik Araban sortu dugun proiektu bati buruz hitz egin nahi dizuet. Araban sortua eta emakumeak dituena protagonista.

Eraldaketa: SortzaileON afera proiektuak sormenari erreparatzen dio, baina bereziki sorkuntza-prozesuari, euskal kultura duela hizpide. Sortzaileen prozesuari erreparatzen dio, bai, baina gazte eta emakumezkoen ikuspegitik. Kultura garaikideaz ari da, garaiko belaunaldiekin.

Hori dela eta, proiektua jaio da ohiko sekuentzia iraultzeko apustutik. Kulturaren berezko balioak aldarrikatzen ditu, besteak beste eskuragarritasuna, aniztasuna, kohesioa, nortasuna, sormena, memoria, gaztetasuna, askatasuna, jakintza eta jarrera kritikoa, baina hau guztia sorkuntza-prozesuari erreparatuta egitea proposatzen du, kultur produktuaren garapena bigarren fase batean utzita. Normalean, bai sormenean, bai enpresa-munduan… produktu bukatuak hobesten dira. Bukatuta dagoena aurkezten da, eta hori bakarrik eskaini ohi zaio “kontsumitzaile” edo kultur erabiltzaileari. Logika horren menpe, sorkuntza-prozesua artistarena baino ez da, eta, halabeharrez, pribatua bilakatzen da. Ondorioz, uste da produktua bukatuta egon ezean ezin dela aurkeztu… baina, hala da? Zergatik ez dugu publikoa prozesuaren parte bilakatzen? Zergatik ez esperimentazio horretako eragile bihurtu?

Horregatik, “Eraldaketa: SortzaileON afera”-ren helburua da prozesu hori erdigunean jartzea, prozesua, bidea, komunitatean egiteko / eragiteko aukera eskaintzeko. Prozesua artistei ez ezik, interesa duen orori ere gerturatzeko, artearekiko eta kultur sorkuntza-prozesuekiko interesa pizteko eredu berriak, erreferente berriak, proposatzen diren bitartean. Dena birtestuinguratu, birkontzeptualizatu, berregituratu, birlokalizatzeko. Kultura jorratzeko ikuspuntuak alderdi anitzekoa izan behar duen garai honetan -hezkuntza, ingurumen, alor ekonomiko eta sozialen gaineko garapen- eta eragin-faktorea delako, eta norbanako kritikoak horrela sortzen direlako-, xedea da alderdi anitzeko ekimenerako jauzia egitea, gazteria, emakumea eta garaikidetasuna, Araba oinarri bideo-arte esperimentalera bidean.

Prozesu honen emaitzak, ibilbidea eta ekimen berezia ikusi nahi dituztenek, Amurrion dute hitzordua, La Casona eraikinean, Abenduaren 13an, arratsaldeko 19:00etan. Gonbidatuak zaudete!

Eraldaketa

ARTGIA Sorgune Aretoko zuzendaria, Gasteiz