Autentikoak

Autentikoak –

Autentikoak

Ez da akatsak azpimarratzeko unea, ezta gustu pertsonalak nabarmentzekoa ere –nork bereak izanen baititu, bistan dena: niri, adibidez, bi aurkezletarik bat gehiago gustatzen zitzaidan bertzea baino; hain zuzen ere, saioan beti erne egoten zena nuen gustuko, ez noizean behin bere pentsamenduetan galtzen zena, bikotekideari epeldu beharreko afaria non zen azaltzen zion ohar bat utzi behar baina atzendu zitzaiola bat-batean burura etorri izan balitzaio bezala; ez eroso-eroso eskuak sakeletan sartuta bere burua ezagutu izanaz kontent mintzatzen zitzaiguna–. Ideia bera ona zen, nire ustez: elkarrizketa saio bat. Are gehiago, galderak egiten zizkieten gonbidatuei, eta erantzutera utzi, txiribueltarik edo bertzelako ariketa fisiko xelebrerik egitera behartu gabe. Gainerako kolaboratzaileen ekarpenak ere egokiak; tira, zer kritikatua izanen da hor ere, baina erritmoa eta umorea ematen zizkioten saioari, nire gogoko aurkezleak ematen zion umoreaz gainera. Merituen zerrenda akitzeko, ez dezagun ahaztu zazpi astetan Toti Martinez de Lezea errateko duen gauza bakarra berriz ere erratera gonbidatu ez izana.

Dagoeneko Autentikoak bere programaziotik kentzea erabaki du ETBk, ikusle guti izan dituela argudiatuta. Guti, zeren aldean?, jakin nahi nuke. Larunbateroko saio musikalak baino gutiago? Eta, batez ere, zer espero zuten jakin nahi nuke. Zazpi asteren buruan Euskal Herri osoan fan klubak loratzea? Sortu berrien artean Mikel eta Fermin izenek esponentzialki goiti egitea?

Ongi ateratzekotan, saioak arreta –alegia, propaganda; El Conquisek adina eskatu du baten batek– eta denbora behar ditu, betiere serio sinesten badugu hainbat gai euskaraz jorratzen ahal duen saio bat telebistan edukitzea on dela. Helburua baldin bada itxura egitea –proba egin genuen, baina euskaldunek ez zioten kasurik egin–, orduan garaiz kendu dute.

Autentikoak

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Zer duzu buruan “Autentikoak”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2019-06-10 10:21

    Ez dakit benetako motiboa zein izan litekeen. Ikusi nuen azken saiora euskal trap talde bat gonbidatu zuten: taldekideak txapela eta kaputxaz mozorroturik zeuden eta jostailuzko metrailetekin; zenbait gauza probokatzaile-edo bota zuten, tartean ETBren kontrakoren bat…

    Saio hori emititu eta aste berberean jakinarazi da saioa kentzea erabaki dela.