Arnasguneak itobidean?
Arnasguneak itobidean? –
Joan den ekainean, euskararen familia bidezko transmisioaz gogoetatu zen EHUren udako ikastaro batean, non gai horren inguruko azterketa kuantitatibo eta kualitatibo bat aurkeztu baitzuten Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlan Saileko bi teknikarik.
Berrian irakurri dugunez, teknikariok ondorioetan adierazi zuten «euskara erabiltzeko erraztasuna» eta «harreman sarea edo gune soziolinguistikoa» direla euskararen transmisioan eragiten duten bi faktore nagusiak. Lehenengoa, zioten, lehen hizkuntzarekin guztiz lotuta dago; bigarrenaren kasuan, familiak gune isolatuak ez direla kontuan hartuta, handia da inguruneak duen garrantzia.
Ingurune zabala
Lerro hauetan, «ingurune» kontzeptu giltzarriari helduko diogu, hura baita transmisio orokorrari zentzua ematen dion elementua, euskararen erabilera ahalbidetzen edo eragozten duen aldetik (familia barruan transmisioa gertatu zein ez).
Badirudi euskararen arloko politikak diseinatzen dituztenek eremu soziolinguistikora mugatuta ikusten dutela ingurune hori, eta, beraz, toki euskaldun batean (arnasgune batean) bizitzea nahikoa dela, etxean euskara jasotzen dutenen kasuan, transmisioa behar bezala gauzatzeko.
Gure ustez, ordea, ingurunea zentzu zabalenean ulertu behar da: jolas parkeak, eskolako jolastokiak, eskolaz kanpoko jarduerak, lagunartea… bai, jakina, baina baita ere liburuak, komikiak, kromoak eta bestelako bildumak, litxarreriak, jostailuak, aldizkariak, filmak, serieak, bideo-jokoak, ikuskizunak… alegia, ume eta gazteengan interes handiena pizten eta aztarna iraunkorrena uzten duten denbora-pasa eta sozializazio bideak.
Bada, ingurune zabalak erabat huts egiten du gaur egun, eta horrek, azken urteotan ikusten ari garenez, eragin dramatikoa du erabileran eta transmisioan. Gure iritziz, gobernatzen gaituztenek erantzukizun handia dute ingurune zabala nagusiki erdaldun izate horretan.
Arnasguneetan erdaraz
Aurtengo maiatzean, Euskadi Irratiko Faktoria saioan entzun genuen ezen, Bermeon, % 70etik gorako ezagutza egonik, gazteen artean % 15ek ere ez dutela hitz egiten euskaraz. Batxilergoko ikasleen testigantzen arabera, «naturala» dena gazteleraz hitz egitea da:
«Eskolan eta ikastola euskera batua (…). Zeure forma naturala beste euskalki bat da».
«Gauza gehienak erderaz dira. Zu zoaz Netflixera, ez dago ezer euskeraz. Euskeraz dagoen gauza bakara ETB1 eta ETB3 dira. Ez dago ezer».
«Euskaraz musika nik zero, ez zait gustatzen, (…) no me toca el corazón».
«Da como antinaturala, gehiena egiten dugu erderaz, euskaraz baino gehiago… Euskaraz egiten dugu iralasleekaz eta holan; kalean erdaraz egiten dogu».
Saio berean, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak berak ere ohartarazi zuen erdararen erabilera arnasguneetako ikastetxeetan hedatuz doala: «Arnasguneetan haurrak ari dira ja gazteleraz eskoletan». Sailburuordearen arabera, «gazteak eleanitzak dira eta saltoka ari dira hizkuntza batetik bestera. (…) Ez dakit geureari zergatik ez diogun garrantzirik ematen, uste dut erakargarriagoak direla beste hizkuntza batzuk». Horregatik, antza, «normala da etxekoaren kontra egitea, etxekoari ez diote baliorik ematen».
Bien bitartean, Bermeon, eta beste leku guztietan, bihotzeko minez ikusten ari gara nola familia barruko transmisioak eta ingurune soziolinguistiko egokiak, biek batera, ez duten inondik ere bermatzen gazteek euskara erabiltzea. Zer gertatzen ari da, Dobaran andrea?
Erantzun bila
Susmoa dugu arazoaren funtsari ezin antzik emanda dabiltzala Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzakoak. «Ez dakit moda den edo zer den, baina horri argi dago buelta eman behar zaiola». Dobaranek ez daki zer den, ez, baina beste iritzi-emaile aski kualifikatu batzuek garbi ikusten dute kontua, eta gakoetako batzuk eman dizkiote irratsaio berean:
Aritz Abaroa Bermeoko alkateak, adibidez, informazio uholdea ikusten du erabilera apalaren atzean: «Gaur dugun informazio guztiak, baliabideek, Internet berak nolako eragina daukaten»; UEMAko Miren Segurolaren arabera, berriz, «ekosistema oso bat da erabilerari eragiten diona». Izan ere, «kanpaina hutsek ez dute ematen. Beste atal asko landu behar dira». Eta ildo beretik mintzo zaigu Mikel Irizar euskalgileak ere: «Gazteek beren unibertsoa Internetetik datorkienarekin eraikitzen dute asko. (…) Horregatik oso inportantea da estrategia digital oso bat edukitzea eta hortik lan egitea».
Baina ez da aditua izan behar zer gertatzen den sumatzeko; herritar xeheok ere ikusten ahal dugu nondik datorren kea. Hor duzue Pantailak euskaraz ekimen herritarra, adibidez, zeinak ikus-entzunezkoen arloan hil ala bizikoak ditugun gutxieneko eskakizunak jaso baititu bere aldarrikapen taulan. Kasurik egingo al diezue, Dobaran sailburuordea?
Gauzak garbi
Horrenbestez, ordua da gauzak ahoan bilorik gabe esaten hasteko: Hizkuntza Politikaren EAEko arduradunak, arazoaren muinari ez ikusiarena egiten diozuen bitartean, alferrekoa da, eta bidegabea, erantzukizun guztia alde bati –herritarrei– egoztea ia beti. Zeren batik bat zuei baitagokizue egoera honi buelta emateko baldintzak egokitzea. Zuena da EiTBren kudeaketaren ardura zuzena, esate baterako, baina ez zaigu iruditzen euskara normalizatzeko tresna gisa duen garrantzia oroitu nahi duzuenik.
Transmisio arrakastatsua bideratzeko, euskaraz eskaini behar dira ingurune zabala deitu dugunaren elementu guztiak, edo gutxiz gehienak, goian zerrendatutakoak eta beste asko, eta ez ale bakan batzuk soilik. Baina, horretarako, ezinbestekoa da gauzak argi edukitzea eta anbizioz jokatzea: estrategia orohartzaile bat diseinatu, behar diren baliabide guztiak jarri, diruzkoak zein bestelakoak, eta lege eta arauak propio egin, erdara hutsez bonbardatzen gaituzten hedabide eta enpresa handi guztiak euskaraz ere mintza daitezen. Hori bai, lehenik eta behin, eta batez ere, borondatea behar da, eta nork bere ardurak hartu eta betetzeko konpromiso zintzoa.
Martin Rezola eta Gilen Mejuto
(Plazara gatoz! ekimeneko kideak)
Plazaratu dut nire iritzia ZUZEUn bertan, baina errepikatzera noa.
Euskeraren eskola-porrotaren kausa nagusia, “euskerarekiko motibazio eta balioespen ezean datza”, nire ustez.
Zergatik? Euskera “a palo seco” ematen delako.
Zergatik? Hezkuntza Sailak EZ duelako programatzen, euskal hizkuntzarekin batera, euskal KULTURA, HISTORIA etab.
Zergatik?Sakonean ez daukalako horretarako interesik.
Zer egin? KULTURGINTZA. 2022.: programa bat prestatu eta eskaini Kultur Etxeei eta Eskola Publikoetan eskatzen duten irakasleei, besteak beste.
Zelan egin? Eskualde edo herrialde bakoitzean behin-behineko taldetxoak osatuz (hiru-lau lagunez osatuak).
Horretarako, jakina, astean 3-4 orduko lan borondatezkoa.
Eta hurrengo urterako bada, opor ostean hasi behar.
Ez dago uztarik erein barik.
Erein barik, ez dago uztarik.
Josu, testu honetan eskolaren funtzioa albo batera uzten da, funtsezkoa izan arren bere bakarrean erabat motz delako, eta azpimarra jartzen dugu eskolaz kanpo dagoen unibertsoan: esparru digitala, ikus-entzunekoak eta abar. Ingurune zabal hori masiboki euskaratu behar dela deritzogu, behar diren baliabide guztiak erabiliz. Baina horretarako gure hizkuntza LEHENESTEN duten agintariak behar ditugu.
Zure ekarpena positiboa izan liteke, ez dut ikusten zergatik ez, baina beste koordenatu batzuetan kokatzen da, nire uste apalean.
Guztiz ados nago artikuluak esaten denarekin eta Gilenen erantzunarekin. Euskara eskolaren esku utzi zuten guraso erdaldunek eta guraso euskaldun alfabetatu gabeek duela 30 edo 40 urte, eta erdaldun jarraitu zuten batzuek, euskaldun alfabetatu gabe besteek. Eskolatik aparte, gizarteko gainerako arloetan euskara atzetik eta arrastaka jarraitu du, berandu eta behar adinako laguntzarik gabe iristen literaturara, prentsa idatzira, telebistara… eta orain Internetera, streaming plataformetara, telefono mugikorreko era guztietako aplikazio eta sareetara… Horren aurrean, gaur eta hemen, eskolak oso indar gutxi dauka eta euskararen aldeko kanpainek, festek eta ekitaldi jendetsuek batere ez. Hori aldatzeko estrategia anbiziotsu bat planteatzen eta “egikaritzen” ez bada, euskara zuzen-zuzenean doa altxor exotikoen museora.
Ez dakit bada zer esan eta nola esan…aspalditxo burutan dabilkit galdera hau: Ez ote gara pittin bat okertu geure helburuetan? Gure “estrategiak” planteatzerakoan, ez ote dugu ahanztu herri ttiki bat garela? Eta herri ttiki bat izanik, ez ote ditugu amets haundiegiak helburu, haundiak bagina bezala, gure hizkuntza (erabileran, balorazioan…) hegemonikoa izan izango delakoan?
Txikiak gerala (erraldoien artean) eta ttiki bizitzera “behartuak” gaudela… mikatza da hori entzutea…hori hala denik ez dut baieztatzen, galdera moduan dakart…Zeren, diagnosian ez badugu asmatzen, sendabideak frustrazioa ekarriko digu (berriro)…
(Ez dakit ongi azaltzen dudan galdera).
Antton ongi azaldu duzu zure galdera, erabat zilegia da eta egia duzu ez garela erratu behar diagnostikoan. Zer gerta ere!
Eni “aspalditxo burutan dabilkit (beste) galdera hau”:
Ez eiki dut erraiten makur zirenik baina ez ote da hizkuntzari ongi eusten dion herri tipiagorik? islandia adibidez. Gehiago ere aurki ginezake.
Piska bat urrundik ikusita, beldur naiz tipitasuna baino arazo grabeagorik baden ( gurean behintza nabarmen da)
Izan ere, EH guzian nehun ez gara bakarrik bizi , elkarbiztzan egon behar gara populazio parte batekin euskaldun sentitzen ez dena eta gainera gure instituzioak beraien goi estatuen menpean daude ( daudenean);
Bi arrazoi horiek eragin gero ta handiagoa dute, adibidez haien hizkuntza da derrigorrezkoa ez gurea, eta larriagoa beharbada luzara elkarbizitzak gure pentsakera eta usaiak berak eragiten dituzte guhaur sentimenduz eta hizkuntzaz deseuskalduntzeraino. Kopuru eta proportzio kontua da tamalez. Kuaderno gris honi gehitu behar dugu globalisazio ments honen ideologia etnozidioa.
Bai, okertu gara eta okertzen ari gara.
Nik neronek hizkuntza behar nuen zerbait izateko; Euskara da euskaldun egiten gaituena, eta erdara da erdaldun egiten gaituena.
Arnasgune, kluster, teknikarien galaxia edo eta jendetzak biltzen dituzten ekimenak, antza denez, alferrikakoak dira.
Sánchez Carriónen hitzetan, esan genezake azken berrogeita hamar urtean jende batzuren motibazioak (hor goian aipatu guraso ez-euskaldunak eta euskaldunak) beste jende batzuren ezagutza ekarri duela (gaurko euskaldun ortopedikoak, ikasleak zein gaitasun urriko hiztunak orohar). Ez datoz bat, ez jende berarengan, motibazio eta ezagutza horiek.
Administrazioek nahi bezainbeste tramankulu asma dezakete Euskara biziberritzeko, Euskararen diagnosia egiteko, Euskararen erabilpena neurtzeko, Euskarak dituen ekoizpenak emendatzeko, Euskarari Bai esateko, Euskararen… (deklinabide osoa jar liteke hemen…). Alabaina, euskaldunak motibaturik ez gareino, gure hizkuntza erabiliena besteren bat izanen da (Ingelesa, Gaztelania, Mordoiloa).
Nik Euskara ikasi nuen -eta ikasten dut egunero; esker mila ZuZeun idazten duzuenoi- horretarako motiboak banituelako; ez zegoen ia ezer Euskaraz, ez apenas libururik, ez pantaila bakarra ere, eta ez jolasik edo bestelakorik. Baina hiztunak gara, zahar zein gazte, ez beti jolas-molas ibiltzen garenak, eta ez inongo administrazioren zain egon behar dugunak.
Erabat ados Beñatekin. Errealitate printzipioari men egiten badiogu guztiz izorratuta gaude, eta beraz, irauteko esperantzarik baldin badugu, ezinbestekoa dugu maximalista jokatzea, batez ere EAEko agintari “abertzaleak” interpelatzen ditugularik. Frustrazioarekin bizitzen aspaldian ikasi dugu euskaldunok.
Bestalde, Mikel, motibazioarena, EJn eta euskalgintzan hainbeste maite duten kontzeptu hori, tranpa bat baino ez da. Zerk sortzen du motibazio hori? Zer motibatzen du Bermeoko gazteak espainolez hain gogotsu egitera? Ba, oker ez banago, hinkuntzaren inposizioak, ondoriozko hegemoniak eta horiek marrazten duten panorama komunikatiboak. Ez dago hor gizabanakoaren inolako erantzukizun indibidualik.
Bada ordua itzulinguruka ibiltzeari uzteko eta behingoz gauzak argi esaten hasteko.
Baiki, herri txikia gara, baina gure txikitasunean HANDIA. Handia historia, handia gure hikuntzaren eta horren hondoko pentsaera… Hots, etorkizun oparoa genuke… horretaz jabetuko balitz belaunaldi berria (next generation).
Nik Hezkuntzaren arloa jarri dut adibidetzat, baina planteatzen dudana beste alor guztietarako da baliagarri. Ala ez?
Agintariak…, baiki. Baina ezin gara egon Goikoei begira (aspaldi agortu ziren Goiak) (Eta kolonizaziora makurtu ziren).
Geure esku hartu bahar dugu auzi hau eta, lanturuez gain, bizirik diren herri-mugimentuekin batera, Kulturgintzarako mugimendu berri bat sortu behar dugu. Hirurogeitakoaren edizio berriztatu bat.
Nik aurkeztu dut aukera praktiko bat. Betoz bestelakoak. Aukera garrantzitsu (PRAKTIKOEN) sasoia bizi dugu.
Ez da neurri kontua, duintasun eta borondate politiko auzia baizik.
Estrategia anbiziotsua behar dugu, gorago esan den bezala.
Euskaltzaleok bildu, ekimenak adostu eta talde trinko gisa jokatzen hasi behar dugu behingoz.
Independentzia politikoaren bila joan behar dugu era berean. Euskaldunon komunitateak iraun nahi badu, Espainia eta Frantzia (eta haien sukurtsalak) gainetik kendu beharra daukagu, eta hori lortu arte, independente bagina bezala jokatu behar genuke ahalik eta arlo gehienetan, herri-ekimena gehiago sustatu eta estatuen menpe dagoen “publikotasun” bahitua auzitan jarri.
Hedabide-, hezkuntza-, juxtixia, aginte-sistema “autonomikoak” galbide direla ondo dakigu dagoeneko.
Estatu kolonizatzaileek nahi dutenean eta nahi bezala ixten dizkigute bideak ustez “gureak” diren erakunde eta eskumenetan ere, aldiro-aldiro.
Dagoeneko, baldintza horietan oso eroso bizi den elite bat (agintariak) ere hedatu da, geure garapenaren kaltetan. Horratx EiTBren eta hainbeste erakunderen adibide negargarriak berbarako.
Esan gabe doa, asko eta asko direla euskaldunon erkidegoaren gainbehera eta desegite orokortuari ezikusiarena egiten diotenak, agintari izan gabe ere, komeni zaielako, ikusi nahi ez dutelako, edo beldur direlako, batek jakin.
“Erakundeen” zain ezin dugu egon. Zein erakundez ari gara gainera?
Jaurlaritzari, aldundiei, mankomunitateei, hiriburuei, bestelako udalei buruz?
Ondarruko udalaren eta Bilbokoaren hizkuntza politikek badute zerikusirik ala? Lesakakoarenak eta Iruñekoarenak? Laudiokoarenak eta Gasteizkoarenak? Donostiakoarenak eta Zarauzkoarenak?
Euskaltzaleok antolatu eta eragile abertzaleei laguntza (eta ardura handiagoa) eskatu beharra dugu. Alferrik ari gara eliteen erabakien zain.
Eskalgintzari ere beste abiada eta beste ausardia bat eskatu behar zaiolakoan nago. Ekimen batzuk berrikusi eta berritu beharra dago (bai euskarari datorkit burura, adibidez).
Eta denbora agortzen ari zaigu…
Tamalez, gure egungo egoera ez da egoera, ez delako egoten, onera egiten edo okerrera egiten baizik. Beraz, “egoera” baino, kinka edo ataka dugu. Arnasguneak ez dira gehiago, beraz. Joan Leitzara edo Getariara. Euskararen atzean herria dago, Euskal Herria, eta ezin da euskarari buruzko planteamendu instituzionala asepsiatik egin, ingelesa edo alemana ezagutzeak dituen abantailak nabarmentzea bezala. Euskal Herria eta gure hizkuntza dugu abiapuntu.
Josu Naberanek ondo dio hizkuntza soila irakasteak ez duela zentzurik sortzen, bertakotasunetik eta lerro historiko batean kokatzetik egiten ez bada, nazio balioaz. Alde horretatik, JonJok aipatu duen borondate politiko kontua ikusten dut: edo aurrera, edo atzera. Estoniarrek, letoniarrek eta flandriarrek halaxe erabaki dute, bai, estatutik, baina ez zuten ataka samurra ere, batez ere biztanleriaren osaera (lehendabiziko bietan) eta aldamenean duten Hartza ikusita.
Beraz, aipatutako euskal balioen inguruko heziketa ez da hezkuntza sistemaren lana, ez bakarrik bederen. Planteamendu orohartzailea behar da, goian Gilenek aipatua, orain ez dagoena. Hasteko, nazioaren izen politikoa bera, Euskadi, esanahiz hustu da, eta erdal beharrizanetara egokitu. Hedabide publikoek badute zeresana: hedabide publikoetatik heltzen den mezua argia da: erdaldunari enbarazu ez egin (isildu!). Ikus Patxi Alonsoren ETB2ko galde-erantzunen programetan bestela. Euskal Herria kategorian (eta ez lokalismoan) kokatzen diren euskal (euskarazko) gaiak, exotismo hutsa dira, Poloniako edo Italiako idazleak, kantariak eta historia ezagutzea beste; hori bai, ia nahitaezkoa da bertan TVEren historia osoa ezagutzea. Mezua argia da.
Artikuluari kritika bat absolutuki egitekotan, erran nezake “arnasgune zabala” paragrafoan, eta preseski hori definitzeakoan, makur ez banago, ez dut ikusten lanari buruzko aipamen espliziiturik nun ez den “eskolaz kanpoko jarduerak” hitzetan ikusi behar.
Nola nahi dugu transmisioa familian egin dadin bada burasoak eta haurrideak erdaraz lan egitera kondenatuak badira?
Bestetik Anttonen galderara bueltatzeko kontrolatu dut Islandiaren biztanlegoa: 362 860 biztanle emaiten du wikipediak.
Euskararen arazoa ez ta herriaren tipitasuna, seguraz ere arazoa ez litzateke hain larri izango herria den baino tipiagoa baina homogeneogoa eta isolatuagoa balitz.
Gaurko berrian:
“Derrigorrezko eskola etapa amaitzeko bi urteren faltan, DBH2ko ikasleen %53,3k ez dute lortu erreferentziazko euskara maila (B2). Beste modu batera esanda: adin horretako bi ikasletik batek hasierako maila du euskaraz. 2009an ebaluazio diagnostikoa egiten hasi zirenetik erdietsitako emaitzarik txarrenak dira”
“2017tik ia zortzi puntu igo da euskaraz gaitasun nahikorik ez duten ikasleen kopurua; 2009tik, hamabost. LHn, berriz, 2017an baino emaitza hobeak izan arren, ikasleen %34,1k ez dute lortu erreferentziako euskara maila (B1); bi urtean, hiru puntu apaldu da euskaraz gaitasunik ez dutenen kopurua. 2021eko ebaluazioaren lagin bat ere aurreratu dute: datuak okerragoak dira DBHn, eta ia berdin eutsi diote LHn”.
Hots, Lehen Hezkuntzan datuak kaxkarrak dira eta okerrera egiten dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. 14 urteko ikasleen erdiek ez dute B2 maila gainditzea lortu, eta urtez urte okerrera datorren adierazlea da.
Baina EZ kezkatu. NEUMONIAk jota dagoen gaixoari KOLA-KAOa ematen jarraitu, eta segi aurrera! Poziktibity!
Artikulua osorik hemen:
https://www.berria.eus/paperekoa/1913/002/001/2021-07-16/euskara-ikasgelan-gero-eta-gutxiago-eta-okerrago.htm
Beñat, lanak erabateko inportantzia du, jakina, baina artikulu honetan haur eta gaztetxoen aisialdiarekin lotutako ingurune zabalaz ari gara.
Gilen, orduan horretan bertan dago ene kritika adeitsua, iradoki nahi dizuet ingurunearen eta euskararen arazoa aisialditik askoz haratago doala.
Haien aisialdi guziak euskalduntzen baditugu ere, haurrak ohartzen direnean burasoak erdaraz lan egin behar dutela eta beraientzat ere berdin izanen dela, kontraesana segituan sentituko dute. Transmisioa oso zaila izanen da.
Gilen, motibazioarena ez da tranpa bat. Nire kasuan ez behintzat. Nirea politikoa zen, eta politikoa da gainera. Horri esker euskaldundu nintzen; Txepetxen teoria oso da argia: ikus, bestela, nola motibatzen garen eta gaituzten ingelesa ikas dezagun… (horra hor kluster, coworking, startup, challenge, next generation, Culinary Center, ‘learning from reality’ eta gainerako ingeleskeriak; bestalde, ingelesa perfektuki ahoskatzeak homologazio neurria ematen du, “otxayan oyasko jan” esatea zilegi den bitartean).
Zerk motibatzen du Larry Trask bezalako bat Euskara ikastera?, Zerk Timo Riiho, eta zerk Huan Vélez, edo Reyes Prados? Zerk heldutan euskaldundu garenak? Hizkuntza balioeste nahikoak. Hizkuntzak zer diren aintzat hartzeak. Euskara jendea komunitate oparoa dela ikusteak, hizkuntzen inguruko mitoak desagiteak, aitzina begira galbidean egon den hizkuntza engoiti ibiliren dela jakiteak, hizkuntza norahikoa egin dezakegula jakiteak…
Zerk bulkatzen ditu pertsonak Gaztelaniaz egitera, (Bermion zein Barañainen)? Alferkeriak, besteak beste…
Guk geuk geure buruari erdara inposatzen diogunean (ikus berriro ere, Ingelesa), erantzukizuna erabat da indibiduala. Hegemoniaren aurka aritzearen erantzukizuna indibiduala den ber. Eta gazteen jokaerak direla eta, agian helduok bestela jokatuko bagenu…
JJrekin ados nago gehien-gehienean; hiru puntutan bai bederen: “independente bagina bezala jokatu” (Txepetxek “como si” deitzen zuen jokaera); erakunde publikoen “gainetik” jokatu, autoeraketa ereduak bilatuz; eta euskalgintza deituriko panopliari ausardia, ikuspegi edo espektatiba luzeagoak eskatu, esate baterako helburu zehatzak jarriz, alfabetatzean, euskalduntzean, trebakuntzan, itzulpenean, hiztun osoak lortzen…
Bai, ados, Beñat, eskutik joan behar dira biak, aisia eta lana, eta bai beste hainbat arlo ere.
Ulertzen dut esaten duzuna, Mikel, halere uste dut masak alferrak direla eta nahiago dutela hizkuntza hegemonikoak (eta beraz prestigiotsuak) eskaintzen dien bide erraza. Egia esan, gure hizkuntzak duen hegemonia eta prestigiorako, motibazio eta militantzia maila handiak daude (oraindik) euskaldunon artean. Alde horretatik nik ez diot ezer aurpegiratzeko euskaldun herri xeheari, baina bai legeak eta hizkuntza politikak egiten dituzten politikari eta teknikarien saldoari.
Barkatuko didazue, baina alferkeriaren hori oso erlatiboa da. Errazera jotzea ez da alferra izatea. Eta EHn gero eta zailagoa eta oztopoz josiagoa da euskarazko jarduna. Egun, azken herri euskaldunetako tabernetan ere erdaldunak kontratatzen diren honetan, euskaraz egitea erabaki politiko konszientea da. Baita Arbizun edo Ondarroan ere.
Españolez edo frantsesez jarduteko ez dago ezer erabaki beharrik. Apustu segurua da, baita Leitzalarrean bazaude ere.
Ez da egia erdaraz egiten duenak alferkeriaz egiten duela. Horretara eraman gaituzte eta gehienetan behartu ere.
Sekulako meritua dute euskarari eusten dioten euskal herritarrek, gero eta handiagoa.
Ikasleen hizkuntza gaitasunari buruzko datu txarrak hizpide, atzo Administrazioretako normalkuntzaren esparruko Hps-ko zuzendariak zioen euskal lerroetan ikasitakoei, administrazioan sartzeko proben artean, azterketa bera euskaraz izatea nahikoa gaitasun froga izan litekeela eta ulermenari berari ere tokia egin beharko litzaiokeela egungo perfilen sisteman. Alegia, gero eta hizkuntza gaitasun ahulagoei, gero eta toki gehiago eman: eta itzultzaile neuronalen laguntzaz, berdintasun kosmetiko hutsa lortuz
Hauek euskal administrazioan eta Garrido bezalako epaileak beste aldean…. Ekaitz perfektua.
Batzuen esperimentuak… hobe gaseosarekin… (edo gominarekin)
Bai… Celáa, Unzalu eta konpainiaren urtetako uniformizazio-lanak ez dira alferrik izan. Gure agintari asko ere liluratu dituzte, antza.
Uste dut, alabaina, hizkuntza prestigiotsuak baino hiztunak direla prestigio dutenak ala ez dutenak… Berriro ere, Euskara prestigiatzeko, euskal hiztunak gara prestigiatu beharrak. Paradoxikoa litzateke, bestela, hizkuntzak prestigiorik ez zuelarik hain mintzatua izatea, normaldua alor askotan, eta juxtu prestigiatzen hasia delarik galbidera berriro erortzea…
Euskaldun xeheari, Leitzalarrean tabernari euskalduna aurkitzen ez duenari… ez, jakina; baina bai, ordea, batxilergoan irakasle den euskaldun ‘gazteari’, euskal kulturan jantzia ez denari eta hizkuntz gaitasun eskasegia duenari, edo etengabe trebatzen ez den kazetariari, edo eta huts egin gabe Euskaraz mintzatzen ez den politikariari. Horiei, batez ere horiei salatu behar zaie alferkeria eta ‘beren’ hizkuntzari begirunerik ez izatea.
Bai, zerk – eta nork – ekarri gaituen honetara argi dago, bai eta zeren bitartez, baina orain eta hemen gaude, eta sekulako propaganda egiten dugu Korrikaz eta gainerako ospakizun jendetsuez eta Durangoko Azokaz eta Bertsolarien finalez, eta oraintxe hartu behar ditugu erabakiak, kolektiboak bai, baina lehenik pertsonalak.
JJ, alferkeria aipatu dudanean, “besteak beste” gehitu dut; jakin badakit beste kontu asko dagoela ingurumari horretan…
Gazteen gaira itzulita, agian pentsatu behar lukete zer izan nahi duten heldutan…
Egun berehalakotasunak agintzen du, are gehiago gazteen artean. Ez du funtzionatzen mutu eta xomorro geratzeak, erakusteak baizik. Harrotasun kontua da. Gora berriz itzuliz, EAEko erdal telebista publikoak erakusten baldin badu euskaldunak isildu eta apartatu egin behar direla, hori, zahar edo gazte, edonori heltzen zaio. Goian, Mikel, aipatu duzun kasua egungo immigrazioarekin eta ostalaritzan gertatzen denaren oso adierazgarria da. Hala izaten da, bertakoek ez dituzte postu horiek nahi, baina bertako jabeek ez diote kontratuan hartu duten etorkinari esaten bezeroari eta euskaldunari bere hizkuntzan hitz egiteko, esaldi minimo batzuk (hor, udal euskara zerbitzuaren eginkizuna dago ere noski), egunotan Galesko Gobernuaren soldatapekoek galesez zertxobait jakin beharra agindu den bezala, baina hemengo tabernaren testuinguruan. Zergatik? Ez duelako euskaldun izateko harrotasunik sentitzen. Noski, ETB2ko goian aipatu bezalako programak ditugu (EAEn; Nafarroan are okerrago, eta Ipar Euskal Herrian…), mezua heltzen da: apartatu hadi motel, isildu, erdarara pasa.
Iñaki, ez dakit harrotasun kontua denetz. Ostalaritzako kasuistika nabarmena da, antza, baina kontua da kontratatzaileak hizkuntza aintzat hartu behar lukeela, eta euskalduna behar bezala baloratu. Erosleok egin behar dukegun bezalaxe, saltokia edo erostokia aukeratzean. Duda handiak ditut, horrela nork egiten duen, bere buruari bere hizkuntza nork ezartzen dion kasu horietan.
Hemen, Euskara, jakin daitekeen gauza bat da, opzionala, aukerakoa; inor gutxik erabakitzen du bere hizkuntza propioa eta berezkoa eta naturala Euskara dela, ez eta inongo administraziok euskal hiztunen hizkuntza Euskara eta Euskara besterik ez dela aitortzen ere.
Hedabideetan ez da adierazten, esate baterako, halako politikariak, edo kirolariak, edo artistak, esan dituen hitzak Euskaraz eman dituen ala erdaraz. Biografiak egiterakoan, Wikipedian esate baterako, denak dira “euskal herritar”, baina inoiz ez da esaten zein den biografia egindako pertsonaren hizkuntza.
Hemen, hemengo hainbat tokitan, txokokeriak bizirik dirau, eta txokoeraz egiten da grazioso izatekotan. Euskararen egunean “baserritar janzkeraz” atontzeko eskatzen da hainbat tokitan… burugabekeria handiagorik…? Gero, eskatzen dugu hizkuntza prestigiatzea… telebistan kirolak eta haur kontuak, eta elitearendako literatura besterik ez dagoelarik… itzulpenak, unibertsalak izanki, aurrekontuaren arabera egiten dira… ez dut ikusten itzultzaile treberik musutruk behar ditugun liburuak itzultzen, hizkuntza komunitatearentzat, alegia, hain harro agertzen garen auzolanean… Eta hala ere, Euskara prestigiatu? Gehiago? Ez al dugu ‘BEC’ hori aldiro betetzen, hizkuntzaren kirol nazionalaz gozatzeko, ez al dugu gure merkatu miserablean bada ere, goi mailako literatura? Azken hamarkadetan jo eta su aritu diren militante eta langileek, liburugintzan, unibertsitatean, musikan eta beste arteetan, ez al dute deus prestigiatu orain artean?
Gai zinez zirraragarria da hau. Artikuluaren izenburua irakurtzean odola izoztu egin zait segundu batez, baina Bermeoren gainean jardunean zenbiltzatela ikustean zertxobait arindu zait ikara. Zertxobait, ez larregi, baina beno. Hau diot, ez dudalako uste Bermeo arnasgune bat denik, ezta hurrik eman ere. Bermeon euskararen atzerakada handia zen ja orain dela hamarkada batzuk, datuek erakusten dutenez.
https://www.bermeo-euskaraz.eus/euskara-bermeon/datu-soziolinguistikoak
Nire ustez Bermeo eta Ondarroa ez dira konparagarriak, oso iragan eta orainaldi desberdinak dituztelako. Bermeoko 60-70 urte inguruko jende dexente gaztaro osoa erdaraz mintzatzen pasatakoa da. Batzuen batzuk behintzat ezagutzen ditut. Aldiz, Ondarroa eta beste arnasguneok oso desberdinak iduritzen zaizkit. Horrek ez dio Bermeoren gaiari larritasuna kentzen inondik ere (gazteen kontu beldurgarrioi), baina ez dezagun arnasgunetzat hartu arnasgune ez dena.
Oker ez banago, Euskal Herriko arnasgune ‘handi’ bakarrak hauek dira, egun:
10 mila biztanletik gorako herriak: Azpeitia, Azkoitia eta Oñati.
5-10 mila biztanle arteko herriak: Ondarroa, Mutriku, Lekeitio eta Markina. Baztan, hortxe-hortxe.
Kito. Gero, herri txikiak.
Zarautz eta Gernikaren datuak nahiko onak direla dirudi, %50 inguruko erabilerarekin. Bergara, Zumaia eta Tolosa %45 inguruan dabiltza, eta oker ez banago, igotzen.
Pertsonalki arnasgune bakarra ezagutzen dut, Oñati. Oñatik euskararekin daukan lotura alimalekoa da. Oso zaila da gazteak erdaraz berbetan entzutea. Batez ere gazteak. Hitanoa edozein mutilen ahotan dabil, eta nesketan noka berreskuratzeko ahaleginetan ere badabiltza. Euskararen kalitatea ere ezin hobea da. Liluratu egiten nau Oñatik. Euskara bizi-bizi dago, eta igotzen.
Bermeora itzuliz. Bermeoren kasua nahiko berezia dela esango nuke, beste herri ertain batzuen erabilera kaxkar bera izanagatik (Hondarribia, Beasain, Hernani), askoz euskaldunagoa delako, ezagutzaren aldetik bederen. Ez dakit zer dabilen eragiten Bermeoko gazteek euskara mespretxatzea, auto-ukazioa eta okurritzen zaizkigun -keria soziologiko guztiak. Baina gauza bat badut argi. Ziur nago ez dela Netflix euskaraz ez edukitzea.
Netflixek, eta Netflix ez denak, garrantzia daukate euskararentzat. Garrantzi handia. Baina horrek ez ditu gauza jakin batzuk inolaz ere esplikatzen, mespretxua eta auto-ukazioa adibidez. Horren atzean beste zerbait dagoelakoan nago, eta beldur naiz kutsu ideologikoa-edo darion zerbait ez ote den. Asimilazioaren gauzatzea alegia.
Orain dela 50 urte euskaldun zenak guztia zeukan erdaraz. Eskolatze osoa, unibertsitatea, lana, egunkariak, musika, TVE kate bakarra, zinema… guztia. Historia madarikatu guztian. Eta euskara salbatu egin zen, batzuk gura izan zutelako. Euskaldunak zirelako, euren hizkuntza maite zutelako, eta sasi guztien gainetik jauzi egin zutelako berau salbatzeko, ezertxo ere alde ez eduki arren. Zailtasun guztien aurrean, euskaldun familia askok transmisioarekin jarraitu zuten. Maitasunagatik, sentimenduagatik, kontzientziagatik eta amorruagatik.
Horregatik, Netflix euskaraz ez egotea (eta antzekoak) arazo-iturri nagusitzat hartzea izugarrizko epelkeria iduritzen zait. Beste zeozer dago hor, jarrera jakin batzuk ez direlako normalak. Gazte horien erantzunak ez dira normalak, sailburuordeak kontrakoa pentsatu arren «normala da etxekoaren kontra egitea, etxekoari ez diote baliorik ematen». Ez, ez da normala. Italiar batek ez du ingelesez berba egiten etxekoari kontra egiteko. Asmakeria horiek darabilen norbait boterean edukitzea ez dakit zein punturaino den komenigarria.
Nire herri Arrasaten ere gazte guztiak dira euskaldunak, ezagutza lehen baino altuagoa da oro har (beno, ezagutza-edo, euskara zonbifikatu pobre bat), euskal musika eta irakurgaiak askoz ugalduagoak daude lehen baino, eta hala ere 8-15 urte bitarteko mutilen artean euskara hizkuntza hila da dagoeneko. Ez da erabiltzen. Ez du prestigio sozial txikienik ere, mutilen artean. Hor zerbait gertatzen da, Oñatin esaterako gertatzen ez dena, biek ere Netflix erdaraz ikusten duten arren.
Nire ustez alarmak isiotu behar dira, eta aldagai guztiak sakon aztertzen hasi, ahal bada herri bakoitzean, erabileraren oztopoak identifikatzeko. Ziur faktore pila dagoela, eta herri bakoitzean oso desberdinak.
2016ko Soziolinguistika Klusterraren kale-erabilera neurketen portzentaiak biztanleriari aplikatuz, ondoko zerrenda hau ateratzen zaigu, borobilduz, hiztun kopuru absolutotan. Lagungarri izan dakizuelakoan.
Euskara-erabiltze absolutua pertsonatan neurtua, Euskal Herrian, 2016:
1) Donostia: 28.400
2) Azpeitia: 12.100
3) Zarautz: 11.700
4) Gasteiz: 9.200
5) Tolosa: 8.800
6) Bilbo: 8.600
7) Gernika: 8.300
8) Azkoitia: 8.000
9) Arrasate: 7.500
10) Oñati: 7.300
11) Getxo: 7.000
12) Durango: 6.800
13) Ondarroa: 6.700
14) Bergara: 6.200
15) Eibar: 6.200
16) Hernani: 6.100
17) Lekeitio: 6.000
18) Oiartzun: 6.000
19) Zumaia: 6.000
20) Errenteria: 5,800
21) Iruña: 5.800
22) Bermeo: 5.600
23) Baztan: 4.900
24) Amorebieta-Etxano: 4.400
25) Ordizia: 4.400
26) Elgoibar: 4.200
27) Hondarribia: 4.200
28) Mutriku: 4.200
29) Beasain: 4.100
30) Mungia: 4.000
…
Ados. Bermeo ez da arnasgune, Bakio edota Bizkaiko ezagutza maila handi samarreko beste herri asko ere, arnasgune ez diren bezala. Euskararen prestigioa birrinduta dago, aspalditik, Bizkaiko herri askotan; bizkaierarena batez ere. Bizkaitar askori, batua bai, baina gipuzkera ere bai, aldaera jasoak iruditzen zaizkie, eta bizkaiera aldiz pobrea. Lea-artibaitarrak dira, nik ezagutzen ditudan eskualdeen artean behintzat, euren euskaraz, bizkaieraz harro dauden bakarrak.
Ez dakit gaitz hori noiztik datorren, baina badakit, ikusi dudalako, ikastetxeetan egin den “euskalduntzea” bizkaierari bizkarra emanez egin dela gehienetan, eta horrek azkena eman diola bizkaieraren prestigioari lehendik higatuta zegoen herri horietan. Batua jaso berri zeukaten gaztetxoak ikusi ditugu euren gurasoen bizkaiera joria gutxiesten eta zuzentzen, ondorio tamalgarriak ordainetan.
Ez naiz batuaren aurka ari, inolaz ere, baina Bizkaian behintzat ez da era egokian hedatu eta bizkaiera, jendeak zerabilen aldaera, baztertu egin da. Emaitza? Gehienetan, gazteek batuaz jardun ez, bizkaieraz ere ez, españolez egin eta kitto. Baserrietako sukaldetaraino sartu da erabilera-ordezkapen hori, argiago esango dut, ikastetxe gehienak lagun.
Euskararen prestigiorik eza da gure arazo nagusietako bat.
Netflix-eta erdaraz, ia prentsa guztia españolez/frantsesez (baita hedabide “abertzale” gehienak ere), kioskoetan ia ezinezkoa da euskarazko aldizkaririk aurkitzea, liburudenda gehienetan oso bazterreko eskaintza baino ez dago, mugikor bidezko edukiez ez dugu hitz egingo, ezta?… Horrek guztiak, egunetik egunera euskarazko gaitasuna higatu, erdarazkoa hobetu, eta euskararen prestigioa bera ere, hondoratzen lagundu besterik ez du egiten. Herririk euskaldunenetako ia edozein saltokitako (handi nahiz txiki) hizkuntza paisaje praktikoa (hots, produktuen izenak, etiketajea, etab) soilik erdaraz egoteak prestigioari askorik laguntzen ez dion bezala.
EiTB eta ordezkari politikoak, sindikalak eta abar, azkenerako utzi nahi izan ditut.
EiTB euskaldunak erdalduntzeko makinatzarra bilakatu da. Baliabide dezente gehiago bideratzen ditu erdal kateetara euskal kateetara baino, eta emaitzak hor daude, ikusi nahi dituenarentzat. Katez-kate egin dezakegu errepaso bana, baina uste dut “El conquis” delakoak batetik eta “oholtzan” saioak bestetik, egoki islatzen dutela egoera. Espektakulua, inbertsioa, promozioa… españolez. Euskarazko katean, edozer, berdin los cinco bilbainos (españolez) edo pandero lehiaketa Arrasatetik… eta igandetan meza santua, arrakasta “handiko” beste reality bat.
Politikariak. Españolak alde batetik, erasoka. Horrek ez dio euskararen prestigioari askorik lagutzen… Baina askoz kalte handiagoa egiten diote (digute) politikari abertzale erdaltzale amorratuek. Bakanak dira (bi? Iriarte eta Esteban?) sare sozialetan euskarari lehentasuna ematen dioten ordezkari abertzaleak. Ordezkari abertzaleek española / frantsesa lehenetsiz (batzuek erabat) euskal herritarrei luzatzen dieten mezua oso argia da: “euskara ez da gauza garrantzitsuetarako. Etxerako akaso, haurrekin, txakurrekin…”
Ni neu, eragile abertzale guztiei ganora eta koherentzia apur bat exijitzetik hasiko nintzateke.
Bat nator JonJok aipatu diglosia ikuspegia berretsi egiten dela. Garai batean, kolonizatzaile “progresistek” dotrina indioek elebitan ikasteko ahalegina egiten zuten, edo are, haien hizkuntzan bakarrik, Lasuen gasteiztarrak egin zuen bezala Kalifornian.
Argi dago hemen ñabardurak eta konplexutasuna badirela, baina helarazten den ikuspegia da garrantzitsuena, zer sustatzen den. Une honetan euskaldunak parke tematikoa gara, ez kontzeptu oso bat, instituzioetatik egiten den planteamenduaz. Alde horretatik, Ipar Euskal Herriko lurralde marka sorrera edo branding aplikatu dute hemen ere, hirietarako ere egin den bezala (Bilbo, Donostia, Gasteiz, etab.): lehenik, nazioaren lurralde izena esanahiez hustu eta izendapena zati bati esleitu. Hor, euskarak toki oso zehatz bat du: irudikapen osoan hirugarren planoan entzuten diren soinuen multzoa betetzea, kolorea emateko, ez lehen planokoa. Lehen planora gastronomia ekarri dute, euskaldunen identitate marka berria. Horri lotuta ere apustuzaletasuna, kirol demak eta folklorizazioa. Euskararen erabilera integrala sustatzeak ez du hor tokirik. Politikari eta herritar askorentzat, argi dago hori dela normalizazioa, edo desproblematizazioa. Guztia, epemozkeriaren laguntzaz, noski, egun hain “funtsezkoa”.
Euskal Herriko historia, idazleak, jaiak, kantariak (txokokeria ez bada), bazter batean daude erdal kanal publikoetan. Mikel, ez dakit ondo begiratu duzun Wikipedian, baina ia beti egoten da adierazita hizkuntza. Bestela, Wikidatan. Besterik da beti ondo egotea.
Bai, egia da. Wikidata fitxetan hizkuntzak ageri dira. Hala ere, esango nuke jakiten diren hizkuntzak ageri direla… nire kezka da pertsonaiari hizkuntza bat atxikitzea; zera esan nahi dut: zein den halakoren hizkuntza. Atzerriko erdaretan nahiko erraz daukagu, aurresuposatzen baitugu txekiar idazle baten hizkuntza Txekiera dela. Badakit zaila dela askotan pertsonaren lehen hizkuntza zein den.
Bestela, ados nago Iñigok esaten duenarekin, alegia, beste zerbait dagoela atzean, eta horixe bera argitzen saiatzen naiz. Izan ere, herria, bizitokia, arnasgune izan zein ez izan, administrazioa abertzaleen eskuetan egon zein besteren, azkenean jokabideak norberarenak dira. Egoera berean, denok Netflix ikusita ere, hizkuntzaz ditugun jokabideak desberdinak izaten dira… etxe berean akaso…
“administrazioa abertzaleen eskuetan egon zein besteren, azkenean jokabideak norberarenak dira”…
Bada, ez. Inondik ere ez.
Botere-eragileek egundoko eragina dute jendearen portaeretan.
Herri euskaldunak osoko erdalduntzen ikusi ditugu, soilik jende oso ideologizatuek eutsi diotelarik euskarari, kasurik onenean.
Eskolak, Elizak bezala eta botere politikoak bezala, sekulako erdalduntze eta euskararen desprestigiatze-lana burutu du duela hamarkada batzuk arte (eta oraindik ere badira lan horretan diharduten ikastetxeak. Iparraldeko eta Nafarroako gehien-gehienak adibidez). Alkate bat, apaiz bat, tokiko jauntxoa… erabakigarriak gertatu dira herri asko eta askotan euskararen ordezkapen prozesuan. Badira horien arteko bakan batzuk ere, euskarari eusteko erabakigarriak izan direnak.
Hizkuntzazko jokabideak oso-oso gutxitan izaten dira norbanakoen apetaren araberakoak, nahiz eta Voxetik, PPtik, PSOEtik, are EAJtik ere horretan azpimarra egin ohi duten. Horien esanetan euskararen erabilera herritarron “aukera librearen” araberakoa da. Gezu handia eta bikoitza da, besteak beste, euskararen “aukera librea” egitea oso zaila delako herri euskaldunetatik landa.
Populuak euskerarekiko pasibotasuna Edo nagikeria erakustea normala iruditzen zait gure hedabide PUBLIKOEN batipat, trasmititzen diguten eduki negatiboak kontutan hartuta.
Bestalde, barne kolonizazioaren eragin nabarmena daukagu (UPV, …), horien inkopetentziaz gain (ezin ahaztu Iruña.Veleiaz egin dutena!!.
Azkenik, populuaren nahiz “j0akintsuen kultura MAILA OSO eskasa, batipat euskal hizkuntzaRI, historiaRI,
Kulturari, Antropologiari… buruz OSO ESKASA. UPVko sail horiek, konkretuki, kolonizatzaileen gotorlekuak dira.
Gau egun ez dakusat bestebiderik 60ko errenazimenduaren bigarren edizoa ABIAN JARTZEA baino. Nik eguna dut proposamen zehatz bat.
Betoz beste batzuk eta has gaitezen URTZIAen izenean, zeozer praktikoa ETA efikaza prestatzen 2022rako!!
Hau ez da kritika orokor bat eta gutxiago aterabide eskaintza bat.
JJk bere pntsamendu batean bota duenari jarraipena ematea baizik:
Honela dio JJk euskararen prestijioa edo, hobeki esan, desprestijioaz diharduenean:
“Ez dakit gaitz hori noiztik datorren, baina badakit, ikusi dudalako, ikastetxeetan egin den “euskalduntzea” bizkaierari bizkarra emanez egin dela gehienetan, eta horrek azkena eman diola bizkaieraren prestigioari lehendik higatuta zegoen herri horietan. Batua jaso berri zeukaten gaztetxoak ikusi ditugu euren gurasoen bizkaiera joria gutxiesten eta zuzentzen, ondorio tamalgarriak ordainetan”
Nik Nafarroatik idazten dut, baina erabat ados nago. Irakaskuntzan bizkaierari egin zaion “erasoa” erabatekoa iruditu zait. Ez pedagogia, ez errespetua eta ez deus. Kaltea ikaragarria.
Eta segitzen dute egiten gainera, bizkaieraz emateko gai ez diren irakasleak hartuz. Kaltea, batez ere bizkaierarekin izan da batuatik urrutien dagoelakoz.
Euskal hedabide gehienek ere politika bera segitu dute. Orain urte mordoska bat bada Ondarroan edo izan nintzla, eta bertako astekaria hartu eta dena batuaz. Ni, harriturik, nola zitekeen posible horrelako akerkeria. Orain ere apustu eginen nuke bide beretik segitzen dutela!!!.
Horrela beste arlo askotan ere, bide okerra hartu eta segi eta segi, deus zuzendu gabe, lan eta lan geren buruaren kontra.
Ikastolak, hedabideak, euskal elkarteak, gau-eskolak… den-denak aztertu, okerrak bilatu eta doitu eta zuzendu behar direlakoan nago. Okerrak zuzenduz joan beharrean pilatuz joan garelako.
Eta Josu Naberanen proposamena ere ez zait batere desegokia iduritzen. Alderantziz baizik. Oso egokia eta beharrezkoa. Hori bai, artikulua idatzi dutenek beste gogoeta batzuk egin dizkigute. Hala ere, Josu, segi zure proposamenarekin, noiznahi eta nonahi azaltzeko modukoa iruditzen baitzait.
Jone, lagunak, egun on.
Zure testuaren hirugarren lerrotik aitzina, historia kontatu didazu. Hori dena bagenekien, badakigu; apaiz, maisu eta figura horiek zer eragin izan duten, Francok zenbat ahalegin egin zuen hizkuntzak – herriak – suntsitzeko, eta abar. Eta egungo jokabide politikoak eta alderdien asmoak. Ados. Baina aizue, has gaitezen bereizten gauza bat: noiz soziolinguistika egiten ari garen, hau da, prozesu glotofagikoen historia eta dinamikak behatu, aztertu, eta eraldatu (nahi baduzue); eta noiz hiztunon jokabideez ari garen, noiz geure hautu pertsonalen zergatiez eta aukerez ari garen.
Izan ere, artikuluan aipatzen diren gaiak “etxe barrukoak” dira gehienak, hots, familia bidezko transmisioa eta ingurune hurbila, jarduera pertsonalak (liburuak, komikiak, kromoak eta bestelako bildumak, litxarreriak, jostailuak, aldizkariak, filmak, serieak, bideo-jokoak, ikuskizunak…), ume eta gazteen interesak, batxilergoko ikasleen jokabideak, hizkuntzatik hizkuntzara salto egitea, Internet eta pantailak Euskaraz…
Eztabaidak beti beste bide batzutara jotzen du, egia da, baina nire begiradak behintzat, pertsonen jokabideari erreparatzen dio, eta horretaz ari (izaten) naiz. Nik eskatzen dudan gauzak bereizte horrek merezi duela uste dut, zeren eta, azken hamarkadetan, helburuak, arrazoiak, azterketak, politikak eta beste hainbat kontzeptu, denak nahas-mahasean ageri zaizkigula iruditzen baitzait.
Nola bilakabide ekologikoak ere botereen menpe dauden (erregai eta orohar energia sistemak, plastiko zarrastelkeria…) baina etxeko gaien bereizketa (paper eta kartoi, plastiko, organiko…) norberaren hautua den, hala hizkuntzaren gaian ere, hautua, egunerokoa, Berria irakurtzea ala beste berripaper bat irakutzea, Euskalerria irratia aditzea ala beste bat, norberaren jokabidea erabakiorra da guztiz.
Ez da dudarik maila guztietan eragin behar dugula euskaldunok geure hizkuntzak, guk geuk, etorkizuna izan dezan nahi badugu. Kontua da goi mailetan eragin ahal izateko, indarra behar dela, eta hori soilik handituko da banan banan hizkuntza aintzat hartzen badugu, egunero eta gauza ttikienetan ere.
Mikel Haranbururekin bat nator, baina zenbat norbanako/familia dago bere burua deskolonizatzeko prest? Nork egingo dio uko erdararen erosotasunari?
Ariketa mikro hortatik eremu makroa alda daiteke, baina horretarako jarrera militantea eta elkarlana ezinbestekoa da.
Etxean euskaraz kontsumitzen bada, etxetik kanpoko arloetan euskaraz kontsumitzeko eskakizunak ugaritzen dira (adibidez haurra kirola egiteko entrenatzaile euskalduna bilatzea eta horren ondorioz kirol arloa euskalduntzea). Horretarako beharrezkoa da militanteki euskaldunen arteko sareak sortzea.
Onartzea erosoa egiten ez den arren, euskaraz dakigunok, orokorrean, kapital arazo handirik ez dugu izaten. Agian hobe esanda, errenta per kapita altu xamarreko herria da gurea.
Arrazoiak direnak direla (ez da iruzkinaren xedea) euskaldunon jarrera bat izan liteke euskara maila minimo bat ez duten produktu/zerbitzuak ez konsumitzea.
Ez da oso erromantikoa, baina izan liteke eraginkorra.
Ona, Mikel Haramburu, ona.
Josu Naberanek askotan esaten duen bezala: goikoen zain ezin dugu jarraitu, agortu ziren esperantzak goikoengan.
Guk negar asko egiteagatik, horregatik ez da hartza belar-jalea egingo. Globalizazioa berez da harrapakaria, depredadorea; txikiak janez, asimilatuz, bizi da haundia.
Ez da oraingo fenomenoa gero “globalizazioa”. Erromatarrak ere aski globalizatzaileak izan ziren, bai alajaina.
Egia bada zera: izan zirelako (euskaldun), garela gu ere…behetik gora eutsiz?
Eutsiz… Baina aski al zaigu “eustea”? Zein da helburua? (berriro galdetzen dut). Gure herri izaera eta gure hizkuntza hegemonikoa izateko itxaropenean (igurikapenean, espektatiban) bizitzea hala herri txiki baten estrategia etengabe gauzatzen eta garatzen joatea, bizi-iraupen estrategia?
(Doike egurra emango didazute hau galdetzeagatik, hain koittaua izateagatik…).
Bai Mikel, berria irakurtzea ala beste berripaper bat irakutzea, Euskalerria irratia aditzea ala beste bat, norberaren jokabidea erabakiorra da guztiz.
Baina kiosko askotan ez dago berria, edo kopuru oso mugatu bat dago salgai. Erdarazko hainbat kazeta eros litezke ostera, arazorik gabe, kiosko guztietan eta okindegietan (non berriarik ez den izaten). Berria baino edukiz (baliabidez…) osatuagoak izan ohi dira gainera erdarazko zenbait kazeta, eta azkenik, euskaldun asko eta askorentzat euskal prentsa irakurtzea erdal prentsa irakurtzea baino askoz nekezagoa da.
Berria edo erdal prentsa erosi ez da aukera ariketa soila. Berria erosteak militantzia-ariketa dakar berarekin, erdal prentsa erosteak eskatzen ez duena.
Euskalerria irratiaren aldeko hautua errazagoa da, baina huarte bat da erdarazko irrati kateen eskaintza zabalean. Ez berria aukeratzeak bezainbestekoa, baina militantzia maila bat eskatzen du honek ere.
Hortik aurrera, euskarazko aukerak gero eta urriagoak eta erdarazkoak oparoagoak dira beste eremuetan.
Euskaraz kontsumitzeak, euskaraz bizitzeak militantzia eskatzen du Leitzan bertan ere, zer esanik ez hortik behera.
Erdaraz bizitzeak ez du inongo ahaleginik eskatzen. Alderantziz, gainetik kendu beharra daukazu erdarazko eskaintzak, euskarazko apurrak aurkitu ahal izateko. Batean (euskara) da konpromiso estua eta disziplina. Bestean (erdara) hamaika aukeren artean uneko apetaren arabera jokatzea.
“Norbanakoen aukera eta jokabidea” bete-betean dago hizkuntza politiken menpe. Esan ditzagun gauzak diren-direnean.
Eta bai, euskaraz bizi ahal izateko, militante-sareak osatu beharra dago ezinbestean. Araban Gipuzkoan baino gehiago, Nafarroan areago eta Iparraldean…
Euskaldun izateak militantzia eskatzen digu, egia, Jone.
Eta emakumea izateak ere bai. Eta guraso izateak? Uf, ama izateak, edo aita, egunero (egunez egun) egunoro… eta betirako…
Jaiotzeak berak militantzia eskatzen du. Auto kontzientziak, askatasunak ere militantzia eskatzen du.
Esango nuke: bizitza bera erreakzio militantea dela. Uzten zeranean, masarekin bat egiten zera, hiltzen zera…
Herri ttiki bat gerala esaten dudanean eta herri bizi-iraupena hortik abiatzea proposatzen dudanean, horretaz ari nintzen eta gai horrek badu mamia: masa globalarekin bat egiten geranean, nortasuna-bizitza galdu dugu.
Edo filosofia merkea da diodana?
Komunitate oso bat militantziara kondenatzea, bizitza errazago eta erosoago bat eskura-eskura duelarik, ez dakit ez ote den, kontraproduzentea ezezik, zeharo bidegabea ere. Emaitzarik gabeko edo emaitza urriko militantziak higatzen du, erretzen du, eta frustraziora darama. Ikusi besterik ez dago egun pairatzen dugun desmobilizazio eta desideologizazio orokorra. Nik onartzen dut euskaldunen nukleo militante bat mantentzeko premia eta komenigarritasuna, baina euskaldun guztiei militantzia bizimodu gisa eskatzea? Errore bat da, nik uste.
Kontuan izan hori berori esaten digula EAJk bere hizkuntza politiken bidez: “Gure animoak eta baliabide apur batzuk dauzkazue, baina zuen baitan dago bizirik irautea”. Ba nik esaten dut goitik ematen diguten halako hamar behar dugula (eta ez digute emango, beraz hil ala bizikoa dugu botere handiagoa lortzea). Zuek uste duzue erdarek agintetik errezibitzen duten bultzadarik gabe (konstituzioetatik hasita) gure lurretan duten unibertsalizazio erabatekoa izango luketela? Ezta hurrik ere.
Beraz, euskaldunei militantzia eskatzean bezain ozen, edo ozenago, egin dezagun aldarri: utikan erdaren inposizioa!, guk erabakitzen dugu erdarak gureak diren edo ez!, eremu hegemoniko euskalduna exijitzen dugu! Integratu ditzagun eskakizun horiek gure helburuen artean. Hori baino gutxiagorekin konformatzen denak ez dakit zer etorkizun opa dion gure nazioari.
Gilenekin ados.
“Euskaldun izateak militantzia eskatzen digu”… gazteleradun izateak ez digu inongo militantziarik eskatzen.
“Eta emakumea izateak ere bai”. Gizona izateak ez, ostera.
“Eta guraso izateak? Uf, ama izateak, edo aita, egunero (egunez egun) egunoro… eta betirako”…
Ama izateak, aita izateak baino askoz gehiago, gure gizartean.
Ama euskaldun edota guraso euskaldun izateak, erdaldun izateak baino askoz handiagoa.
“Jaiotzeak berak militantzia eskatzen du”…? Bai? Amarena izango da…
“Auto kontzientziak, askatasunak ere militantzia eskatzen du”… jakina.
Askoz handiagoa herrio zapaldu bateko kide zarenean.
“Esango nuke: bizitza bera erreakzio militantea dela. Uzten zeranean, masarekin bat egiten zera, hiltzen zera…Edo filosofia merkea da …?”
Bai. Merkea eta eskapista. Errazkeriara jotzen duzu. Norbanakoon gain uzten duzu, PSoEAJren erara, auzi kolektiboa dena, babesa behar duena, eta zapalkuntzaren ondoriozko egoera dena.
Mendetan makurrarazi dutenak, laguntza behar du zutitzeko ezinbestean. Hori ukatzea zinismoa edo ilusionismoa da.
Asmo oneko iruzkin asko irakurri ditut, baina gure herriaren egoera ulertzeko agerikoak eta larriak diren bi ezinbesteko faktore altuz pasa dira:
Demografia eta ideologia.
Esperientziaren arabera, euskaraz bizi dena bi arrazoi nagusigatik bizi da euskaraz: naturalki hobeto moldatzen delako edo/eta ideologiagatik.
Naturalki hobeto moldatzen diren euskaldunak ia beti familia euskaldun/abertzale/euskaltzaletik datoz. Ideologiaz euskarari eusten diotenak, aldiz, konbikzio politiko sakonek bultzatuta egiten dute.
Hizkuntzari eusteko oraintxe bertan hain beharrezkoak diren bi faktore hauek maldan behera doaz. Alde batetik, hondamendi demografiko betean bizi gara, eta bestetik abertzaletasuna lur jota dago, unean-uneko modako suzedaneo ideologikoak ordezkatuta.
Urgentziaz heldu behar zaie bi afera hauei, globalismoaren olatu geldiezin honek itoko ez bagaitu. Orain EH osoko erabilera %15 negargarria den gisa, urte gutxitan %5 katastrofikora irits liteke. Hain egoera zaurgarrian dago gure herria, bi belaunaldi nahikoa izan daitezkeela erabateko desagerpenaren ertzean jartzeko.
Administrazioek eta alderdi politikoek ez dute ezer egingo gugatik, hau bai dagoela guztitz gure esku.
Gilen, Jone (ohartu zara, honez gero, zer nolako jauzia egin duzun, historiatik norberaren eguneroko praxietara?),
Euskaldun izateak ez du militantziarik eskatzen (zeren eta, euskaldun izateak militantzia eskatzen badu, eta komunitate euskaldun osoa ezin kondenatu badugu militantziara… akabo, utz dezagun gure hizkuntza, jo dezagun eroso zaigun horretara, eta bete dezagun Franco zenaren eginkizuna…). Militantzia hitz serioa da eta ez dut gustuko; ahalaginak eskatzen ditu. Esfortzua egin behar da, hori bai, egunero. Anttonek esan bezala, beste afera guztietan bezala. Zenbat ahalegin eta indar baliatzen ahal dugu karrera egiteko, atzerriko hizkuntza bat ikasteko, surfean ikasteko? Aipatua dut aurreko batean alferkeria…
Baina beldur naiz berriro ere gaiak edo mailak nahasten ari garen. Gauza bat baitira inguruan ditugun baliabideak, hedabideak-eta, eta beste bat geure barne jarrera. Ondoan lagun euskaldunak dituen gazte zein zahar batek har dezakeen jarrera, mintzatu beharra denean. Horretan ere militantzia kontua al da? Bada, hala bada, akabo.
Euskaraz eta Gaztelaniaz eskaintzen den ikastaro batean apuntatzeko unean, zer aukeratuko du euskaldunak? Hori da gakoa, egin behar duen ahalegina berbera baita. Eta nire kuttuna: erosketa joaterakoan, zein hizkuntzatan eginen du erosgaien zerrendatxoa? Hori jarrera pertsonalei dagokionez.
Gilenek aipatzen duen asmo politikoari begira – jauzi handia eginez hiztunaren praxisetik glotopolitikara – esango nuke ez garela toki beretik mugitu… militantzia bera beharko dugula bigarren eta hirugarren paragrafoetan aipatzen dituen helburu egokiak erdiesteko, edo eta lehenengoan ukatzen duen etengabe mantendu beharreko jokabidea erabakitzeko.
Espektro horretan mugitzen gara etengabe, erreibindikaziotik eginetara eta alderantziz, egin ezinetatik boterea eskuratzea amestera…
Boterea badugu, edo behintzat eskalako neurri batzuetan aplikatzen ahal dugu daukagun boterea. Iruñerrian Azpeitian bezainbeste euskaldun bizi gara (kopuruak ez dakizkit). Zeinek dio bata erdal itsasoa den eta bestea arnasgunea den? Ez al dugu Iruñerrian ezer egiterik? Eta arnasgunea higatzen hasi bada, zer dela eta? Agintariek hala erabakita?
Beleak ekarri dituen gaiak ere hor daude; ideologia aipatu eta ‘atxikipen’ ulertzen dut… Demografiak ez nau hainbeste kezkatzen, ez behintzat distantzia geografikoak kezkatzen nauena baino gehiago… Portzentajeak ere engainagarriak dira oso…
Gure esku dago; ez da lelo politiko hutsa. Hondoratzen ari omen den itsasontzi batera inork ez du igo nahi izanen… agian txalupa txikiak erabiltzen ahal ditugu…
Militantzia, edo aukeratzea… deituko diezaiogun: bizi-nahia?
Eta nola sortu edo/eta eragin dezakegu “herri bizi-nahia”? Nola ahaldundu, nola “enpoderatu”? Nola zuztartu? (Sustatu? (1) herri-nahia
Horretaz ari ginen. Eta ez dut uste horretaz hausnartzea: “eskapismoa, errazkeria, zinismoa, ilusionismoa”… denik, Jone.
(1) Bidenabar: puri purian jarri zaigu: susto, sustoa = ikara. Susto bada ikara… zer da sustatu-sustatzea? 😉
Antton, bai, ados. Bizi-nahia da. Eta bizi-nahi kolektiboa bizi-nahi pertsonalez osatua izanen da noski. Gariaren edo harearen adibidea oso usatua da, baina harira datorkigu boterearena, hots, botoena: indar politikoen indar kolektiboa indar (boto) pertsonalez osatua izaten baita.
Hizkuntzaren kasuan ere, bakoitzaren mihia eta mihi bakoitza da kontatzen duena…
Zaila da; eta uste dut, diozun bezala, errazkeria eta horiek guztiak ez direla aitzina ez egitearen erantzuleak, edo erantzule bakarrak. Goiko parentesi batean espektatiba hitza erabili duzu, eta
uste dut garrantzitsua dela.
Zeren eta, bai hizkuntza bat ikasteko, eta bai erabiltzeko, nola halako espektatiba izan behar dela uste baitut. Motibazio hitzarekiko diferentzia: motibazioa nolabait atzetik datorkigu, eta hizkuntza ikasteko baliatzeko arrazoia ematen ahal digu, baina espektatiba aitzina begirakoa da, eta eskatzen du geroaz arduratzea.
Ez dut uste hitz jario hutsa denik nirea; nire inguruan, bada euskaldun bikote andana, ikastolatik pasatakoak eta Euskaraz arduratu gabeak, seme alabak eskolaratu behar dituztenean berriro ere hizkuntzari erreparatu diotenak. Adibide erreala da; espektatibak dira, beren haurren ikaskuntza prozesua azkartzea, besteak beste, jende hori mugiarazi dutenak.
Ekologian aurki dezakegu paralelismo argia, baina ez dut luzatu behar; ez da kasualitatea hizkuntzen ekologia kontzeptua sortu izana.
Kuttunkeriak beste baterako utzita, bai, tamalez, herri euskaldunetatik landa, euskaldun izateak militantzia, konpromisoa, kontzientzia, adorea, ahalegina… deitu nahi erara, eskatzen du.
Erdaldunak eta euskaldunak nahasi dabiltzan koadrilletan, euskaldun jokatzeak, konpromisoaz gain, pazientzia eta abildadea beharrezkoak dira. Bilbon, Gasteizen, eta zer esanik ez Iruñean edo Baionan, taberna asko eta askotan “kafesne bat” eskatze hutsak konzientzia piztuta edukitzea eskatzen du, eta erantzun txar bat jasotzeko arriskua aintzat hartzea ere bai.
Euskaraz egiteak ahalegina eskatzen du, deserosoa izan ohi da sarri… erdaraz egitea ez bezala. Gazteleraz egiteak ez du ahaleginik eskatzen, ezta Araman edo Goizuetan ere.
Erdarak (espainiera hegoaldean / frantsesa iparraldean) ala euskara erabiltzeaz ari gara. Ez karrera bat, edo surfean egiten ikasteaz. Ez ardiak eta harriak nahastu.
Karrera edo surfean ikasi zein hizkuntzatan egin aukeratzen dugu hizkuntza batean ala bestean dugun gaitasunaren arabera. Ez alferkeriagatik, erraztasunagatik baino. Ez dira sinonimoak.
“Ondoan lagun euskaldunak dituen gazte zein zahar batek har dezakeen jarrera, mintzatu beharra denean. Horretan ere militantzia kontua al da?” Herri euskaldunetan ez. Herri erdaldunduetan bai. Zergatik? Azken hauetako euskaldunek ere, normalean erdaraz hobeto, errazago, erosoago moldatzen direlako euskaraz baino.
“Euskaraz eta Gaztelaniaz eskaintzen den ikastaro batean apuntatzeko unean, zer aukeratuko du euskaldunak? Hori da gakoa, egin behar duen ahalegina berbera baita”. Ez, bada. Euskaldun gehienei ahalegin handiagoa eskatzen digu euskarazko ikastaro batek erdarazkoak baino.
Horregatik, aukeran, konzientzarik ezean, euskaldun askok erdarazko ikastaroetara jotzen du, ETB-2ko edo Radio Euscadiko informatiboetara jotzen duten bezala, erosotasuna eta erraztasuna (hizkuntza gaitasun erlatiboa) tarteko.
Eta erosgaien zerrendarekin ere, berdin. Nire senar euskaldunzahar gaztetan alfabetatuari erdaraz ateratzen zaio zerrenda egitea, eta ahalegin kontzientea egin behar du zerrenda euskaraz osatzeko.
Jarrera pertsonalak pairatzen ditugun baldintzen araberakoak dira neurri handi batean. Ez bada ahalegina egiteko, nolabaiteko militantziarako prest gaudela.
Horregatik, hizkuntza politika kaxkarra jasaten dugulako “Euskadin” eta euskaldunon aurkakoa Nafarroan eta Iparraldean, euskararen erabilerak ez du gora egiten.
Jonek aipatu duen moduan, militante jarrera izatea eta euskaldun sareak sortzea eremu erdaldunean ditugun beharrak dira.
Eremu euskaldunean, ordea, euskara naturaltasunez erabili behar da eta hango gizarteak/udalek horretara bultzatu behar du/dute euskara nahiz eta herrian %30a soilik euskara ama-hizkuntza izan (gehienek euskara ulertzen dute).
Bestalde, Josu Naberanek proposatutako 60. hamarkadako mugimenduaren berriztatze horrek Beleak aipatutako demografia gabezia du oztopo nagusia. Ideologikoki militanteak diren gazteak izaten omen dira gizartea eraldatzen dutenak.
Demografiak ez omen kezkatzen, hori dio goiti norbaitek. 3 edo 4 ume dituzten guraso euskatzaleek herritxo baten geroa ziurtatzen du. Ume bakarrarekin gelditzen denak ez du deus erdiesten, hiru ume erdaltzaleren diktadurak azpian hartuko du. Behin eta berriz ikusia naiz.
Demografia bizkortzeak izugarrizko garrantzia du, erabatekoa, esanen nuke. Ez kopuragatik soilik, ez kopuruagstik soilk… hor beste faktore biderkatzaile batzuk sortzen dira.
Bai. Benetan harrigarria da demogrgafiaren garrantziari ezikusiarena egitea. Erabakigarria da eta!
Arestiko horiek denak irakurrita, zuek -Jone eta senarra, Hego, A) honez gero etsipen sakonenean eroriak behar zenuketen…
Hara:
Demografia erabakiorra da, eta horretan galdurik gaude, etorkinak direla eta beste. Gutxiengoa gara.
Hizkuntza erabiltzeko denak dira zailtasunak; beste hizkuntzetan beti erosoago (banitate kontua ote? Gogoan har Garitano…) eta hori areagotuko da, Euskaraz egiteko ohitura hartuko ez dugunez.
Horrela bada, gurpil zoro batean sarturik zaudete, eta hortik aterako zaituzten Administrazio bikain – abertzalea, euskararen aldekoa – baten zain egon zaitezkete… Gilenekin mintzatu, hark dioenez deus egin gabe goitik etorriko baitzaigu aginte bat gure erosokeriatik mugiaraziko gaituena…
Tira, esandako item bakoitzari ezin erantzun, asti – eta gogo – faltagatik. Baina, bai, jakina, ahalegina da nik aldarrikatzen dudana, erosketaren zerrenda egiteko, Euskara hautatzeko, baldin eta gure hizkuntza bada. Zuen hitzen artean badira, jakina, oso borondate onekoak; orain falta zaiguna da jauzi egitea eta behingoz euskaldunak garela erabakitzea.
Eta orain jauzi handi bat eginen dut nik: Pentsaezina egiten zait herri bat bere hizkuntzaz deseroso bizi dena. Onartezina iruditzen zait herri bat bere hizkuntza aukerakotzat hartzen duena. Penagarria iruditzen zait herri bat non hizkuntza gazteen, arnasguneen edo agintarien esku uzten den…
Bitartean, Euskalgintza Baionan elkartu da, ea “Euskararen” hurrengo menderako erronkak zein diren hausnartzera; bat eta lehenengoa, erosgaien zerrenda Euskaraz egitea, menturaz?
Demografia Beleak aipatu zuen; ez zuen, ordea, ongi azaldu zertan den arazo larria… Hori bai, baieztatu zuen bi belaunaldi aski “izan daitezkeela” hizkuntza desagerpenaren ertzean jartzeko. Areago, bi belaunaldi aski dira hizkuntzaren ordezkapena gauzatu dadin, erabat. Beraz, transmisioaren gaia bai, ezin larriagoa da.
Demografiaz, argitu beharra dago zertaz ari garen. Nire kezkarik eza zera da, eta nire iruzkinean ondorean portzentajeak aipatu nituen, ez garela gutxiago euskaldun, inondik ere, ehunekotan gutxiago izanagatik. Garrantzitsuagoa da euskaldunon artean zenbateko trinkotzea lortzen dugun, zenbat erdaldunen artean bizi garen baino. Zehaztapen guztiak zehaztapen, jakina.
Diskurtso horrekin EAEko erakunde nagusietan besaulkia ziurtatu daukazu, Mikel, PSOEren nahiz EAJren eskutik.
Hiasierako artikulura bueltatu eta bertan izendatzen den ‘ekosistema’ hitza hizpide, gaur, hitz hori lelo gisa darabilen partzuergo bat aurkeztu dute prentsaurrean, Gipuzkoan, GFAren eskutik: BadaLab. Euskal ekosistema berritzea, osatzea… mundu digitala,… ikus-entzunezkoak (Eitb da kideetako bat), narratiba berriak sortu….. Onena, beraiek beren burua nola definitzen duten iirakurtzea. Hori bai, antza 2018an sortua omen.
Eta hasierako artikuluan esaten zen bezala, ‘euskararen ekosistema zabala’ badirudi Lakuatik kanpo ulertzen den kontzeptua izan, badela. Hitzez bai behintzat… Ikusiko dugu….
Nire ustea da egungo abagunean euskalduna defentsibara igaro behar dela. Bada, orain euskaldunen arteko sareak berrezartzea eta berrantolatzea dagokigu, euskaldunek euskaldunekin harremana ezarri dezatela, euskal endogamia bultzatzea. Behin hori berreskuratu dugularik ahalko ditugu besteak erakarri gurera. Euskal komunitaterik gabe ez dago euskara sustatzerik, eta egun euskal komunitate sendorik ez dago. Zergatik? Nazio kontzientziarik ez dagoelako… eta ez dago nazio kontzientziarik ez dagoelako mugimendu abertzale/nazionalista sendorik jadanik gurean. Omen direnak hitzez dira, batez ere, ekintzez hobetu beharra…
Militantzia kontuak aipatu dira, eta izatez ados nago, euskaldun guztion militantzia barik euskara asimilazionismoan jausi daiteke. Daiteke barik, da, gertatzen dabil eta.(Egiari zor, militantzia berba ez zait gustatzen, baina hemen darabilgunez, konforme.) Halere, Gilenek arrazoi du, honek erre egin lezake jendea, etsipenera eramanez, bereziki eremu erdaldunetan bizi diren euskaldunen kasuan.
Nik beste gauza bat gehitu nahi nuke. Askotan erdarara jotzearen arrazoia ez dago bakarrik inguru erdaldun bat ukaitean, daukagun euskara maila baxuan baizik. Askoz errazagoa da euskara erabiltzea hizkuntza ondo dominatzen denean, jariotasuna eta bizkortasuna dagoenean, norberaren hizkerak indarra daukanean. Zoritxarrez, neure ustean, toki batzuetan hezkuntza sistema pott egiten dabil puntu honetan, eta hor dagoke udalerri askotan euskaldunak erdaraz mintzatzearen gakoa. Euskara benetan ondo ez dakitelako alegia, estatistiketan euskaldun gisa aurkeztuak diren arren.
Jakina, ez dut uste kalitate arazo bat existitzen denik leku guztietan, baina bai askotan, eta horregatik diot herriz herri aztertu beharko litzatekela erabilera zerk oztopatzen duen.
Nik belarriei egiten diet jaramon, eta oso argi daukat esaterako Oñatiko gazte batek Arrasateko bost gaztek batera baino euskara gehiago dakiela, estatistiketan horrelakoak islatzen ez diren arren. Oñatin ondo egiten da berba, behar den moduan. Arrasaten ostera, zabarkeria hain dago orokortua, ezen nahiko ziur nagoen urte gutxiren buruan estatistikek euskararen gibelatze nabarmena erakutsiko dutela. Kalitateak asko samurtzen du erabilera, inor ez baita eroso sentitzen erabilgaitza den sasi-euskara pobre eta zonbifikatu batekin.
Kalitatearen beherakada dramatiko hori ez zait batere harrigarria iduritzen, ikusi ditudanak ikusita. Gure herriko ‘ixotu’ eta ‘itxungi’, batuan ‘isiotu’ eta ‘itzungi’ dira. Beno, ba ikastolan zuzenean ‘piztu’ eta ‘itzali’ besterik ez ziguten irakasten. ‘Gatx’, batuan ‘gaitz’ beharrean, ‘zail’. Ondoko zerrendako bikotekide guztiak ere guztiak dira batua. Ezkerrekoak, batua ez ezik, gure euskalkikoak ere bai: eguaztena/asteazkena, berba egin/hitz egin, horma/pareta, jausi/erori, aldats/malda, bizkor/azkar, amama/amona, jaramon/kasu, atzen/azken, higuin/nazka, atarte/atari, itzungi/itzali, barik/gabe, ortozik/oinutsik, eroan/eraman, iratzartu/esnatu, zatar/itsusi, iretargi/ilargi, geriz/itzal, isiotu/piztu, eskuma/eskubi edo eskuin, armosu/gosari, ugaraxo/igel, hurre/hurbil, gaitz/zail, samur/erraz, legetxe/bezalaxe, mataza/maluta, etzin/etzan, gura/nahi, haginka egin/hozka egin, arineketan/korrika, oinaztu/tximista, eurak/beraiek, laztan/musu, bekoki/kopeta, puxika/maskuri, jarri/eseri, soinburu/sorbalda, zelan/nola, narru/larru, jaurti/bota, nasai/lasai, apur bat/pixka bat eta abar luze bat. Zerrenda bukaezina da. Berba guztiok batua dira, eta ezkerrekoak gainera gure euskalkikoak, hau da, bi baten prezioan. Bada, ikastolan eskumakoak bakarrik jotzen ziren ‘batutzat’, eta ez zen besterik irakasten. Bazirudien gure euskalkitik zenbat eta urrunago are eta batuago zela. Hau da, euskara estandarraren eredu biziki desaproposa eman da, arrotzegia. Gainera, euskalkia bera ere batere ez da landu, hau izan arren kalean erabiltzen zen (eta den) bakarra. Ondorioa? Euskararen pobretze orokor izugarria, jatorrizko euskalkiaren suntsiketa baserritik kanpo (diglosia sortuz euskalkiaren barruan, baserriko euskalki on vs kaleko sasi-euskalki zonbifikatu mugatu eta zakarra), hitanoa hiltzea eta abar. Gehitu genezake euskara etxetik zekartenak mindu eta lotsarazi egiten zirela praktika erratu hauekin, jakina.
Oñatin badakit euren hizkera serio hartu dutela euskararen suspertze prozesuan, bidean batuari ere mesede izugarria eginaz (euskara batua gehitzea baita, ez mugatzea). Ikastolan herriko hitanoa ere lantzen dute, hau baita erabiltzen dena. Ondorioa? Euskarak aitzina egin du.
Jone, nire besaulki hori libre geratuko da, hura bilatzen duenarentzat.
Alabaina, uste dut erratzen zarela, nire diskurtsoa erabat erradikala baita; pentsa, kritikatu dut “Euskara biziberritze” kontzeptua, “euskalgintza” gakotx artean paratu dut, eta geure burua euskaldun aldarrikatzen dut, euskaldun, alegia, “Euskara gure hizkuntza da” kendu eta “gure hizkuntza Euskara da” eman. Iruzkinetan hala agertzen naiz.
Ez dut Euskarari buruz mintzatu nahi; gure hizkuntzari gerta dakizkiokeen halabehar zein biziberritzeak, guri geuri gertatzen zaizkigu. Euskara ez da gutaz kanpo dagoen zerbait. Euskara gu gara. Eta hau buruan sartzen ez dugun bitartean, jai dugu.
Hara! Azken iruzkin honekin ados.
Zuzen aritu zara, Iñigo. Nola egin lezake euskaldunak euskaraz baldin eta ez badaki aurrean daukana izendatzen? Euskara batuaren eredua motz geratu zaigula agerikoa da. Orain euskara batu herrikoia, gaztea eta informala garatzen omen dabiltzala entzun dut, egunerokoan aixe erabiltzekoa. Zertarako ditugu orduan euskalkiak? Erregistroak nahasten gabiltza. Ez dut esan nahi euskalkiek ez daukatenik erregistro jasorik, kontuz! Baina batua nazio osoaren hizkuntza izateko sortu zelarik ez zen eremu informaletan erabiltzeko espreski sortu, kontrakoa. Nik oso argi daukadan gauza bat da hori, euskaldun guztiek ikasi beharko zuketela haien geografiari dagokion edo hurbilen daukaten euskalkia eta euskara batua. Are gehiago, egungo garaietan, internetan aroan, ez da zaila mendebaldeko euskaldun batek Zuberoako elibat hitz jakitea eta beste euskalkietatik haboro. Euskara batua izango bada euskalkien espresatzeko aberastasun guztia barnebildu beharko luke, nahiz eta aditz sistema bakar bat onetsi, egundaino lortu ez den zerbait. Irrigarria da Euskaltzaindiaren hiztegian sartu eta “oinaztu” bilatzean, esaterako “Bizk.” agertzea sarreran, tradizioz Bizkaian erabili delako, baina “tximista” sarrerak ez dakar inolako etiketarik. (¿?¿?¿?¿?) Lexikoaren erabilerari trabak jartzea da hori, nire aiduruz. Alta, euskara batua euskalki bat da ere bai, diglosia egoeran kalte handia egiten duelarik euskara batua eta euskalkiak aurrez aurre jartzen ditugunean.
Euskalkiak komunikazio informalerako ez ezik badauka berezkoa duen erregistro formalik baita, gorde eta erabili beharko genukeena. Noski, eskatzen nabilena egungo abagunean oso zaila da, euskalki bakar bat ikasteko zailtasunak izan eta bi eskatzea ere… Ez egin jaramon estatistikei, erakusten duten bakarra norbanako batzuek postua atera ostean erabiltzeari uko egiten diotela baita. Gehiegizkoa da eskatzen dudana, esango didazue agian, baina herri ikasia inoiz ez garaitua!
Ah! “Itzungi” hitza, gertaera komiko baten bitartez barne-barnean geratu zaidan hitza. Oso hizkera ederra eta aberatsa Oñatin darabilzuena. Animo!
Itzaltzu. Nire ustetan zuzen zaude; ez dakit defentsiba izena duenetz, baina bai uste tinkoa dut ezen euskaldunen arteko lana ezinbestekoa dugula. Geure baitara begiratzeko unea dugu orain eta orain hamarkada batzu direla. Hain zuzen, horretarako sortu ziren orain hogeita bosten bat urte Euskara taldeak herri askotan, edo horrexetarako sortu genuen horietako talderen bat…
Lehengoan nioen hondoratzen ari omen den itsasontzi batera inor ez dela igoko… beste hitz batzutan, erakargarritasuna aipatzen denetan aitortu behar dugu zaila dugula euskaldunak ez direnak, baita gure ondoan urte luzetan bizi direnak ere, euskaldun izatera erakartzea.
Kontua da ongi funtzionatzen ez duen sistema batean, eta egunetik egunera bere baitan erreproduzitzen ez den sistema batean, inor ez dela integratzen, dela betiko bizilaguna, dela iaz heldutako etorkina.
Gero aipatzen duzun arrazoia edo zergatia… ez dakit, norberak hausnartu beharko du. Beharbada kalean den nazio kontzientzia besteen aurkakoa da, hutsean, eta ez abertzaletasun bat besterik gabea, etsairik behar ez duena… Baina, izan ere, goian aipatu hogeita bost urte ez, baizik eta orain berrogei urte ere beharrezko tresnak sortzen hasi ginen, eta tresna horiek baditugu (hedabideak, elkarteak, mundu digitalari heltzekoak…), beraz, aspaldi handian. Orain behar duguna, nire iritziz, tresna horien bidez eta beharrezko ahalegin pertsonal zein ekonomikoaz, bideragarria soilik ez, baina etorkizunean sendo eta sano aritzeko sistema kultural, sozial eta ekonomikoa lantzea.
Mikel Haranbururi erantzunez:
Demografiaz ari naizenean euskaldunon jaiotze-tasa tamalgarriaz ari naiz. Demografikoki geure buruaz beste egiten ari den herria gara. Hemen azaldu diren asmo oneko egitasmo guztiak porrotera kondenatuak daude euskaldunok haurrik edukitzen ez badugu. Gehitu honi gure herria jasaten ari den masa-inmigrazioa (eta etorri berrien ugalkortasun-tasa askoz ere handiagoa) eta zuk diozun trinkotzea beharrean disolbatzea (erdal itsasoan) da ikusiko duguna. Euskal familiarik gabe ez dago euskalduntasunaren transmisiorik.
Haur askoko familia zabalak edukitzea zerbait karka edo atzerakoia denaren ideia pozoitsuari kontra egin behar zaio eta euskaldun gazteak animatu behar dira (kulturalki eta laguntza zehatzen bidez) familiak osa ditzaten.
Biziraun duten herri zapaldu guztiek demografia afera serio eta politikotzat hartu izan dute, beste gauzen artean. Bada garaia guk ere horrela hartzekoa, berandu izan baina lehen.
Mikelats, ados nago gehien-gehienean; euskaldunok seme-alabarik ez badugu, akabo, eta familian transmisiorik ez badago, erabateko transmisioa gainera, akabo. Hala ere, gauza pare bat: euskal familiarik gabe euskalduntasunaren transmisiorik ez da egonen, baina euskal familak egoteak ez digu ziurtatzen transmisio hori. Gainera, badakigu gurasoetarik bat euskalduna ez bada, erabilpena behe-behera eroriko dela…
Eta bestea, erdal familietan beste hainbeste gertatzen bide da… nahiz eta, egia esatera, “karkek” edo “atzerakoiek” seme-alaba askotxo izan ohi duten…
Bestalde, trinkotzea planteatu behar dugu, nahitanahiez; beste parametroak zeinahi diren ere. Inoiz edo behin, euskal herriak egitearen ideia bota izan da: hainbat jendek abandonatutako herria hartu eta bertan euskaldunak eta besterik ez bizitzea; aukera bat da, trinkotze aldera, baina ez da gauzatu. Egia da, gainera, oso iradokimen eskasa izaten dugula egitasmo “arriskutsuak” aurrera eramateko, eta zerbait ere dugunean, ausardia falta…
Abiapuntu faltsu batean oinarritzen da artikukua: Bermeo ez da arnasgune bat eta, hain zuzen, ezagutza-erabilera adierazlerik txarrena duen udalerria da Hego Euskal Herrian (hurbil izango du Mundaka). Bermeo aspalditik izan da erderazalea, faktore ezberdin batzuk direla medio. Ekidin beharreko eredua da.
Artikulua ezin zen idatzi Orio, Lekeitio, Lesaka edo beste edozein arnasgune oinarri hartu izan balitz, ia guztietan gazteek helduek baino gehiago egiten dutelako euskaraz (Etxalar da beste salbuespen bitxi bat). Eta hor dago, nire ustez, arazo nagusietako bat: helduen pasotismoa. Askok D ereduan delegatu zuten ardura; zorionez, uste dut nire belaunaldiak ez duela hori egingo eta hor dago nire itxaropena (Hezkuntza sistemaren laguntza ere beharko dugu, noski, gure haurrak erdaldundu ez ditzan behintzat).
Euskarak hainbat arazo ditu (orain 35 urte baino gutxiago ziurrenik), baina ez gaitezen tremendismo horretan jausi. Une zailagoak ere gainditu ditugu.
Bide batez, Mikelek Zumaian jaso den erabilera datua aipatu du, eta datua ez da zuzena %60aren bueltakoa da.
Bermeoren adibidea ez da beharbada egokiena, baina hainbat herri euskaldunen bilakaeraren helmuga adierazteko baliagarria da. Egin osteratxo bat Busturialdean eta batez ere, Uribe Butroen zehar… Duela hamaerkada gutxira arte euskara bizi-bizi zegoen eskualde hoprietako herri askotan, oso adi ibili behar izaten da egun, kalean euskara entzun ahal izateko,
Ez zait iruditzen artikuluari “tremendismoa” darionik, eta ez dut uste “orain 35 urte baino arazo gutxiago” dauzkagula esateak laguntzen digunik. Batez ere gizartearen jarrera eta ekimena orduan baino askoz apalagoak direlako, euskalgintzaren desaktibazio maila larria delako (D ereduaz eta ikastola askotaz zer esanik ez), eta egun aldaketak orduan baino askoz azkarrago dertatzen direlako teknologia berrien garapenaren eta gure arduradun politikoen utzikeriaren eskutik (horra EiTBren bilakaera kalamitopsoa, adibidez). Unean uneko arazoei beren testuinguruan begiratu behar baitzaie.
Larrabe:
Baieztapen faltsu batzuetatik sortzen duzun diskurtsoa ez da on eta ez ongarri euskararentzat:
1,-“Une zailagoak gainditu ditugu” Hori ez da egia inola ere. Frankon gataian Arnasguneak askoz ere gotorrago zeuden, este baterako.
2.-orain 35 urte baino arazo gutxiago omen dugu. Benetan diozu hori? Garai hartan 1960. urtean sortu olatua oraindik ere indarrean zetorrenean baino arazo gutxiago? Euskararen kalitatea gainbehera, ikastoletan “gutxiago eta okerrago” erabiltzen den honetan arazo gutxiago?
“Une zailagoak gainditu ditugula?” Nik behintzat ez ditut ezagutu. Minbizia izaki eta aspirinak hartzen. Etorkizun hurbilean heriotza besterk ez dezakegu izan
Larrabe:
-Etb1 inoiz baino okerrago, emankizun txarrak, gauza batzuk ezik.
-joan den 15 urte honetan zenbat komunikabide euskaldun sortu dira? Zuk esanen didazu. Zenbat ari dira hobekuntzan?
-euskalgintzan ariko zara. Zenbat gazte bildu dugu? Edo bildu duzu?
-zure herrian orain 20 urte baino gehiago mintzatzen al da?
-Eusko Jaurlaritza edo Nafarroako Gobernua euskarara ixuriago ikusten al dituzu?
-Espainiako Justizia inoiz baino oldarkorrago eta gure jendea inoiz baino otzanago.
Eta arazo gutxiago? Ez, ez, Larrabe.Arazo gutxi ez, ARAZOA dugu, Eta hil hala bizikoa gainera
Arekin ados denean.
Larraberi:
Bermeoko egoera aipatzea guztiz pertinentea da zeren, muturreko adibidea izanik ere, referentziala baita, bai orokortuta ikusi nahi ez dugun gertalekua presente edukitzeko, bai beste herri batzuetan hartzen ari den norabidea identifikatzeko.
Ez dakit entzun duzun artikuluan estekatu dudan irratsaioa, baina bertan aditzen da, Bermeoko erabilera hizpide, “Egia da Euskal Herri osoan ematen ari den kontu bat dela”, nork eta Miren Dobaranek esanda, ez guk.