Markinaldeko fronteko historia, geruzaz geruza

Markinaldeko fronteko historia, geruzaz geruza –

Eider Mugartegik Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzan.

Markinaldeko fronteko defentsarako bigarren guda lerroko historia berreskuratzen aritu dira geruzaz geruza. Baldan dauden hiru bunkerretako bitan indusketak egin dituzte Josu Santamarina Otaola eta bere lantaldeak Ahaztuen Oroimena elkartearekin batera.

Markinaldeko fronteko historia, geruzaz geruza
Josu Santamarina arkeologoa Baldako bunker batean, azalpenak ematen.

Iaz Zapola eta Zapolazpiko bunkerren dokumentazio topografikoa egin ondoren, aurten Iturreta auzoan egon da Josu Santamarina Otaola arkeologoa eta bere lantaldea (EHUko ikasle taldea eta Markina-Xemeingo gazte bat) Ahaztuen Oroimena elkartearekin batera eta udalaren laguntzagaz, Errepublikarrek 36ko gerran Markinaldean eraikitako bigarren guda lerroan esku hartze arkeologiko bat egiten. Hain zuzen ere, Baldan dauden hiru bunkerretako bitan egin dituzte indusketak ekaineko azken asteburu bietan, eta lan horiek guztiak ezagutzeko aukera eman dute bisita gidatu baten bidez.

Ekainaren 27an egon zen MX-3 Iturretako Memoriaren Ibilbidea eta arkeologia lana ezagutzeko aukera. Iturretako ermita ondoan hasi zen bisita gidatua, eta ermitaren eta ingurune hark daukan garrantzia ezagutu ondoren, Eneko Arrate Sololuze Artibai Mendigoizale Taldeko kidearen laguntzagaz abiatu zen taldea Markizera doan bidetik Baldakotxuntxurrarantz.

Baldako hiru bunkerretara egin zen bisita, eta esan bezala, horietako bietan egindako lanaren berri eman zuten Santamarinak eta Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek. Balda Euskadiko gudarostearen bigarren defentsa lerroaren parte zela gogora ekarri zuen arkeologoak, eta ia hogei posizio inguruk osatzen zutela bigarren lerroa. «Markinako sektorean frontea geldirik egon zen ia urte erdi 36ko urritik 37ko apirileraino. Errepublikarren edo Euskadiko gudarostearen posizioa ahulagoa zen, eta horregatik sortu zuten bigarren lerroa, eta horregatik eraiki zituzten horrelako egitura sendoak».

Indusketa. Esku hartze arkeologikoari dagokionez 6×6 metroko zundaketa egin dute ingurua aztertzeko. Hormigoizko blokeak atera dituzte lehenengo, bunkerrak suntsitu zituztenean eroritakoak, eta geruzaz geruza kentzen joan dira azpira heltzeko. Gero eta beherago, denboran urrunago ailegatu dira. Santamarinak azaldu zuenez, 1937 urteko hasiera inguruan eraikiko zituzten bunkerrak eta 1948an suntsitu zituzten euretatik burdina lortu asmoz, eta beraz, denbora tarte horretako zenbait aztarna aurkitu dituzte indusketan. Bunkerretako batean egur bat eta su baten arrastoa, eta zigilu bat daraman ontzi baten zatia ere aurkitu dute. «Zapolan ere aurkitu ditugu marka horretako plater batzuk. Santanderreko (Kantabria) zeramika fabrika batekoak dira, 1942 urtean itxi zuten fabrika hori», zehaztu zuen Alberto Unamuno Urkitza Ahaztuen Oroimenako kideak. Elkarte horretako beste kide batek metraila zati bat ere aurkitu zuen. «Distantzia luzeko gerraren aztarna da, kanoi baten bala lehertzen denean askatzen duen materiala». Beste bunkerrean, berriz, sardexka bat aurkitu dute besteak beste.

Apurka-apurka indusketek bunkerren egitura bistaratu dute, bloke baten moduko eraikinak dira, kanoi zulo edo tiro egiteko leiho batzuk dituztenak, eta arkeologoak argitu zuenez, Markina inguruko harrobietatik ekartzen zuten harria bunker horiek eraikitzeko. «Hormigoia lantzea garai horretan nahiko teknika berria zen. 36ko gerra ostean hormigoizko egitura asko egiten hasi ziren, hormigoiaren aroa hasi zen, baina momentu hartan nahiko berria zen”. Hori dela eta hormigoizko egitura gutxi daude frontean. “Bilboko burdin hesian 180 bunker baino gehiago egin nahi izan zituzten, eta denak egin ez baziren ere, asko egin ziren. Baina hemen frontean gutxi egin ziren eta horregatik da garrantzitsua Markina-Xemein inguruko bigarren lerro hau. Hemen bunker asko egin zituzten, 18 bat inguru badaude, eta ez dugu beste bunkerrik aurkituko ia-ia Legutioraino”.

Zailtasunak. Santamarinak zehaztu zuenez, orokorrean hormigoizko egitura gutxi eraikitzen ziren, fronteko guneetaraino materiala eramatea eta egitura horiek egitea gaitza zelako. «Batzuetan gauez aritu behar ziren, isilpean, eta teknika berria zen. Gainera, 36ko gerraren zati bat neguan eman zen 36ko urritik apirilera. Hormigoia gogortzeko eguraldi ona behar zuten, baina eguraldi ona egiten zuenean hegazkinak ziren mehatxua. Egun eguzkitsuei Hiru motorreko eguna esaten zietela esaten da, hegazkinen erasoak jasateko egun aproposak izaten zirelako».

Bunkerrak eta ingurua ahalik eta gehien garbitu, eta egindako lan guztia dokumentatu dute argazkien bidez lagunduta, eta zehaztasun handiko GPS baten bidez planoa egiten ari zirela ere azaldu zuten. Horrez gain, bunkerretara zeuden sarrerak ere garbitzeko asmoa erakutsi zuten. Bestalde, aurkitutako guztia museora bideratuko dute.

Markinaldeko fronteko historia, geruzaz geruza

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.