Justizia Auzitegi Nagusiaren euskaldunon eskubideak murrizteko joera atzerakoia

Justizia Auzitegi Nagusiaren euskaldunon eskubideak murrizteko joera atzerakoiaz ohartarazi – 

Justizia Auzitegi Nagusiaren euskaldunon eskubideak murrizteko joera atzerakoiaz ohartarazi du Kontseiluak

  • Botere judizialak, beste behin, hizkuntza-politika bere gain hartu nahi duela salatu du Kontseiluak
  • Auzitegiaren tesiek aurrera egitez gero agerian geratuko da hizkuntza ofizialak bi mailatan sailkatzen direla, gaztelania eta gainerakoak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2016an Eusko Legebiltzarrean onartu zen Euskadiko Toki Erakundeei Buruzko Legearen 6.2 artikulua auzitan jarri du, Espainiar Konstituzioak ezartzen duen gaztelera libreki erabiltzeko eskubidearen aurkakoa izan daitekeelakoan. Artikulu horretan udaletako aktak euskaraz jasotzeko aukera zehazten da.

Joera atzerakoiei segida

Kontseiluaren ustez, «azken boladan hainbat auzitegitatik, eta oro har botere judizialetik, aurrera garatzen ari diren joera atzerakoiei segida ematen die Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiak». Aurtengo maiatzean Irungo udaltzaingorako lan-deialdietatik hizkuntza eskakizunak atzera bota zituen areto beretik dator erabaki hau. Horrela, duela ia bi hilabete Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean burututako kontzentrazioan Kontseiluak ohartarazi zuen bezala, «botere judizialak, beste behin, bere eskumen bihurtu nahi du hizkuntza-politika, berez dagokion debate politikoaren eta parlamentarioaren esparruetatik erauziz».

Zentzun honetan, egungo marko juridikoaren irakurketa berritua egiten ari dela salatu du Paul Bilbao Kontseiluaren idazkari nagusiak, «jurisprudentziaren bidez euskaldunon (eta oro har egoera gutxituan dauden berezko hizkuntzetako hiztunen) eskubideak murrizteko».

Ofizialtasunaren printzipioaren aurka

Gertaera honi dagokionez, Kontseiluak uste du Auzitegiak planteatu duen aferak ofizialtasunaren printzipioaren aurka egiten duela, «gaztelania ez diren gainerako hizkuntza ofizialek maila baxuagoko estatusa dutela berretsiko da, hau da, indarrean dagoen ofizialtasuna ez dela simetrikoa». Auzitegiaren tesiek aurrera egitez gero, «agerian geratuko da hizkuntza ofizialak bi mailatan sailkatzen direla, gaztelania eta gainerakoak», eta hari horri tiraka, «lehen eta bigarren mailako herritarrak bereiztea bezala litzatekela», azaldu du Kontseiluko eledunak.

 

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

5 pentsamendu “Justizia Auzitegi Nagusiaren euskaldunon eskubideak murrizteko joera atzerakoia”-ri buruz

  • Joera atzerakoia?

    Oker gabiltza, horrelako egoerak “atzerakoi” hitzarekin kalifikatzen baditugu.

    Zapalkuntza sistemikoa eta sistematikoa da hau. Euskara desagertzea bilatzen duen politika glotozida. Berdin Hegoaldean zein Iparraldean.

    Politika horiek, konstituzio horiek, ez doaz atzera, ez doaz atzeraka. Hondeamakinak eta zapalgailuak bezala, politika horiek aurrera joateko diseinatuak dira, dena suntsitzeko pentsatuak. Eta betiere euskara eta hizkuntza gutxituak mapatik ezabatzera bideratuak.

  • Eta Auzitegiak, konstituzioen interpretatzaileak, estatuek duten lege-sistemak, tresna hutsa dira.

  • Helburu horiek lortzeko tresna hutsak, alegia.

  • PostureoAldi 2021-07-15 15:25

    Gaur goizean S. A. Fundazioan izan da Euskadiko herri administrazioetako hizkuntza normalkuntzaren zuzendaria 40 urteotako bilakaera hizketan. Zeinen ongi eta gora euskaraz dakien funtzionario kopurua, zeinen ondo perfilak, zeinen ondo Hizketa aplikazio informatikoa….! Ez auzitegien errekurtsoez , ez Covid garaian Jaurlaritzak berak izandako utzikeria negargarriaz, normalizazio fijtizioaren adierazle garbia den horretaz, …. horretaz hitz erditik ere ez. Gisa honetako jende ajolagabearekin, autokonplazientearekin, horrelako postuetan….. ez espero ezer, edo ez ezer onik. Gero eta fiktizooagp dena gurean … Eta bitartean beste batzuk serio demonio lanean habe nagusiak behera botatzeko

  • Euskalgintza ofizialaten idatzia. Benetan, uzkur eta herabe ikusten eEuskagintza ofiziala. Botere Politikoaren morroi. Benetan uste duzue eusakararen alde ari zaretela? Karrika utzi duzue eta noizbehinkako idatzi ahul batzuekin aski duzue. Hil hurren dagoen gure hizkuntza defendatu beharra dago. Bide “ofizialista” horiek utzi behar ditugu eta karrikara aters. Karrikara!!!!!