Arabako erronka: hizkuntza-mudantza
Arabako erronka: hizkuntza-mudantza –
Arabarren % 19 euskaldunak dira, baina euskara normalean erabiltzen dutenak % 6 baino ez. Beste modu batera esanda, lau euskaldunetik hiruk ez dute euskaraz sarri egiten; hiru laurdenak gehienbat erdaraz bizi dira.
Horregatik, euskarak Araban duen erronkarik handiena da hizkuntza-mudantza egitea. Hau da, jakitetik erabiltzera salto egitea. Izan ere, erdaraz bizi diren euskaldun horiek euskarara igaro ezean, oso litekeena da beren gaitasuna herdoiltzea eta urte batzuetan euskara galtzea. Gainera, zertarako nahi dugu jendeak euskaraz jakitea, erdara hutsean biziko bada?
Zein dira, baina, mudantza hori egiteko gakoak? Esti Amorrortu, Ane Ortega eta Jone Goirigolzarrik eman digute, BAT Soziolinguistika Aldizkariko azken zenbakian, euskara erabiltzera pasatzeko agertzen diren aukera nagusien berri:
- Bata, familian gertatzen da, bereziki bikotekidearen laguntzarekin edota seme-alabak izatean.
- Bestea, lagunartekoa da, batez ere lagun berriak egitean.
Familia eta lagunak alde batera, euskaraz egitera igarotzeko beste une garrantzitsu bat izaten da herri euskaldun batera bizitzera joan, eta bertan harreman berriak euskaraz garatzean.
Kasu guztietan, alabaina, ezinbestekoa suertatzen da hiztunaren kontzientzia. Hau da, euskalduna den horren aldetik jarrera proaktiboa eta euskararekiko konpromisoa. Azken buruan, kontzientziarik izan ezean, zergatik bizi beharko du euskaldun batek euskaraz, erdara hutsean bizitzea posiblea eta erosoagoa badu?
Nik, Arabako kasuan, egile horiek aipatutako baldintzez gain, beste berri bat gehituko nuke: euskarazko eskaintza zerbitzuetan, jardueretan, aisialdian eta, oro har, herritarren egunerokoan areagotzea. Orduan baino ez da, Araban, hizkuntza-mudantza masiboki gertatuko.
…
Iñaki Martinez de Luna – Hala Bedi
“Azken buruan, kontzientziarik izan ezean, zergatik bizi beharko du euskaldun batek euskaraz, erdara hutsean bizitzea posiblea eta erosoagoa badu?”
Jakina. Konzientzia bakarrik ez. Gaur egun euskaraz bizitzea aukera militantea da. Gero eta gutxiago dira inertziaz euskaraz bizi direnak, baldintzak gero eta zailagoak baitira. Baina agintariek esaten digutena da “gure aukera dela” euskaraz ala erdaraz bizitzea. Eta bietatik bat, edo gezurretan ari zaizkigu, edo ez dakite zertaz ari diren ere.
“Nik, Arabako kasuan, egile horiek aipatutako baldintzez gain, beste berri bat gehituko nuke: euskarazko eskaintza zerbitzuetan, jardueretan, aisialdian eta, oro har, herritarren egunerokoan areagotzea. Orduan baino ez da, Araban, hizkuntza-mudantza masiboki gertatuko”.
Iñakik eskatzen ari dena euskararen aldeko HIZKUNTZA POLITIKA eraginkorra da. Ez Jaurlaritzatik, ez Arabako Foru Aldunditik, ez Gasteizko Udaletik egiten EZ dena.
Lautadako euskaraldia da salbuespena Araban, eta hori, Jaurlaritzak dominak jarri dituen arren, Lautadako herritar talde batek, ahalegin handiz abiarazitako olatua da.
Iñaki eskatzen ari dena, erran nahi baita…
Ba nik uste, lan mundua dela gakoa. Hori da euskaldundu behar dena.
Hemengo herritarrek pentsatuko balute “ostia, gaurko lankideen batzarra, euskaraz izan da” edo “jode, enkargatuak beste lagileei euskaraz egiten die” Orduan, euskera dakitenek beste era batera ikusiko lukete geure hizkuntza, eta ez dakitenek ere bai.
Ez da lan mundua. Ez da aisialdia. Ez da jardun politikoa. Ez da Administrazioa. Ez da hezkuntza. Ez da kirola. Ez da lagunartea edo familia. Guztiak dira. Eremu bakoitzak bere errezeta behar du baina. Eta EAJri ez zaio ardura. Areago, gezurra esaten digu, herritarrak nahasrtu egiten ditu. Sekulako ezjakintasun landua dago herritarron artean gure hizkuntzari dagokionez. Baina EHBildu ere, ez da enteratzen. Gogoa bai, baina proiekturik ez dauka.
Bien bitartean, Unionistak pozarren, azukre-koxkor bat bezala nola desegiten ari garen ikusita gozatzen. Española nola egin dugun “gure”, eurek euskara desagerrarazteko lanean jarraitzen dutelarik.
Adibide xume baina esanguratsu bat: norainokoa izango zen aurrekoan PPtarren eta PSOEtarren satisfakzio maila Legebiltzarrean, ikusirik EHBilduko Altzotar bat españolez jo ta sua ari zitzaiola EAJko Astigarragatar bati?
https://www.youtube.com/watch?v=ZkBzbLSTJBY
Herria gidatu behar dutenek horrela jokatzen badute…