Grafematika

Grafematika –

Idoia Zengotitabengoa Lakak Lea Artibai eta Mutrikuko Hitzan.

Katilu bete kafe. Denborak beste dimentsio bat hartzen duela dirudi kafea esnearekin jolasean doan instante eterno horretan hipnosiak harrapatuta geratzeraino. Begirada ezerezean eta burua ibilian, bizitza berezitasunez marrazten saiatzen garen horren amildegietara.

Zeinen ederrak diren bizipen pilatuen zimurrak, eta zeinen zailak… Erretiratutako 125.000 pentsiodun eta 79.700 alargun daude pobrezia mugaren azpitik. 360 euroko pentsioa jasotzen duten 8.000 pertsona daude gurean. Pertsona, bizitza, drama…

GrafematikaEta lana izatea ere ez omen da egun ezeren ez inoren babesleku. 115.000 landun ari dira lanaldi partzialean, lanaldi osoko lan bat aurkitu ezinik. 37.400 lanerako adinean diren pertsonak lana bilatzeko adorea galdu dute –gizarte bezala zerbaitetan huts egin dugu– eta 206.800 pertsona daude lan barik. Euskal Herrian lanerako adinean diren pertsonen lautik bat langabezian edo prekarietate egoeran bizi da. Pertsonak, bizitzak, dramak…

Egunerokotasunari aurre egiten, etxebizitza, ura eta energia gastuek familia aurrekontuen heren bat suposatzen dute, eta energiarena goraka doa. Ia 60.000 familiek eskola gastuak (liburu, arropa, garraio…) ordaintzeko zailtasun larriak dituzte. 104.000 haur gabezia material larrian bizi dira (elikadura osasuntsu, etxe bero bat …), bost umetatik bat pobrezia egoeran bizi da.

Ez da harritzekoa azken urte hauetan, pobrezia edo gizarte bazterketan erortzeko arriskua duten biztanleria kopurua igo izana, gaur 521.400 pertsonetan kokatzeraino. Pertsonak, bizitzak, dramak… Eta errepikatuko digute gogaitzeraino, oasi batean bizi garela. Zerbitzu publikoak pribatizatzen eta lan harremanak prekaritzazen dituzten horiek. Ez dugu errealitate bera partekatzen antza. Ez dugu oasietan sinisterik.

Pertsonak, bizitzak, dramak… eta bizitzak aurrera atera nahiaren adore eta lanak. Kapitalaren logika basati horren aurrean, bizitzaren logika erreproduzitzen duten guzti horien adorea. Eta egunerokotasunetik bestelako zerumuga bat eraikitzen ari diren guzti horien lana. Balizko oasietan pausan jarraitu ordez, bizitza duina eraki, herria bera bizigarri egiten dutenen indarra.

Burua kafe katilutik urrundu eta ari da Miren kalea gurutzatzen mandatuetako poltsarekin, poltsa bera baino pisu gehiagoko zama duenaren itxuraz. Eta hurbildu da ere Mamadou, eguneroko ekitearen xalotasunez eskuartean dituen objektuetatik bat erakargarri egingo zaigunaren esperantzaz. Eta askotan ikusezin pasa dugun Cornelioren akordeoi melodiak ederrak egiten zaizkit belarrietara. Egunen baten, ez dagoenean, hutsunearen kontzientzia sumatzen hasiko garelakoan nago, soilik orduantxe egingo zaigu ikusgarri. Baina Cornelioren istorioa agian beste baterako da.

Grafematika

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.